[Gomendioa] Physis Versus Nomos - "Arraro Nioenean"
![[Gomendioa] Physis Versus Nomos - "Arraro Nioenean" [Gomendioa] Physis Versus Nomos - "Arraro Nioenean"](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-physis-versus-nomos-arraro-nioenean/@@images/560044f3-8f91-4f21-8477-255ce1dde356.jpeg)
Izarkia abestian jada argi uzten du diskoaren mezu nagusia izango dena: Lasai bizi, ez dago ezer gehiago. Pandemia garaia ezegonkor honetan mezu positibo, baina ez horregatik txepelen, beharretan bazabiltza hauxe da zure diskoa. Gauza txikien aldarria baita Arraro Nioenean, xumetasunaren ereserkia. Amestearen ardura ez galtzearen garrantzia azpimarratu nahi horretan sortu direla abestiak dirudi.
Izan ere, diskoa 2019koa bada ere, badirudi konfinamendu garaian ikasi genituen, edo bederen ikasi behar genituen, gauzen zerrenda abesti bihurtuak direla. Horretaz jabetzeko Erantzun III abestiaren letra entzun edo irakurri besterik ez dago:
Terraza baten kafea hartzen
momenturik hoberenak.
Plazer hauek dira bizitza
betetzen dizkigutenak.
Txokolate beroa hartuz
poesia idaztean.
Jakin dezaket bizitza zer den
gozamenen ondarea.
Tabernak dira gure habitata
edanez hitz egitea.
Garai bateko ikastetxe ere
eraikiz orain garena.
Zeinen esanguratsua, ezta? Lehen ohikoak ziren eta eskura genituen plazerak ere erauzi dizkiguten honetan, non besarkada bat arriskutsua izan daitekeen, are eta gehiago baloratzen dira une xume horiek. Zoriontasunak asko baitu baretasunetik kontsumismo azkarraren kulturak aurkakoaz konbentzitu nahi bagaitu ere. Honela, erresistentzia moduko bat bilakatzen da Antxustegiren musika, bere sinpletasunean iraultzaile.
Hala ere, disko isila da nolabait, ez duena inongo berrikuntzarik eragiteko asmorik, ez duena inolako anbiziorik ez bada behintzat entzulea diskoak dirauen bitartean zoriontsu izatea. Arrakastak ez al luke behar entzuleak sentitzea berarentzat bakarrik ari direla musikariak? Konfinatu zaitez une batez Physis versus Nomosen musikan eta munduarekin bakeak egiten dituzula sentituko duzu, zin dagit!