[Gomendioa] Eluvium - "False Reading On"

[Gomendioa] Eluvium - "False Reading On" Argitasuna. Horixe da disko honek helarazten didana. Sosegua. Estalpe bat eskaintzen duten disko horietakoa da, hasiera berri batia ekiteko musika. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-eluvium-false-reading-on/@@download/image/81WOHfeWWFL._SL1400_.jpg
2020/07/09

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Argitasuna. Horixe da disko honek helarazten didana. Sosegua. Estalpe bat eskaintzen duten disko horietakoa da, hasiera berri batia ekiteko musika.
[Gomendioa] Eluvium - "False Reading On"

Eluvium izenaren atzean Matthew Cooper dago. Aitortzen dut horixe bakarrik dakidala Cooper-i buruz, ez baititut Eluvium-en beste diskoak entzun (oraindik), baina False Reading On hau magikoa da eta horrekin nahikoa dut (oraingoz). Musika zinez esperimental, baina goxoaren bidez, ordubete inguruz Cooper-ek gizakion emozio paleta osoa errepasatzen du, antsietatea eta lasaitasuna aldi berean helaraziz. Egunerokotasun frenetikoari pausa bat da disko hau, irrealitate puntu bat duen musikarekin errealitatearen beste dimentsioak ezagutzeko gonbita luzatzen duena. 

Lehen entzunaldian ekidinezina da Sigur Rós taldeaz ez oroitzea. Behin diskoan barneratuta, bere konplexutasun eta nortasunaz berehala ohartuko zara. Pianoak, sintetizadoareak, sampleak eta reverb gitarrak ederki uztartzen dira bertan. Honi guztiari soprano ahotsa eta koro ugari gehitu behar zaizkio. 

Ahots hauek opera eta aria grabazioetatik hartutakoak dira eta ondoren diskoan txertatuak. Diskoari araztasuna ematen dio, ukitu zerutiar bat emanez. Emaitza bikaina da, abestiak elkarri lotuta daude samurtasunez, aldaketa zakarrik gabe, jarraitasun sentsazioa emanez eta lasaitasuna gure nerbio sisteman hedatuz. Eluvium-en disko hau soseguz eta zetazko sinfoniez osatzen da. Pelikula baten soinu banda izan zitekeen, ez baita arraroa diskoa entzun bitartean guztia slow-motion-en ikustea. Ziur zure bizitzako soinu banda bilakatuko dela.