[Gomendioa] Daft Punk - "Random Access Memories" (2013)

[Gomendioa] Daft Punk - "Random Access Memories" (2013) 28 urtetan zehar guztiok dantzan jarri ostean, Daft Punk bikoteak aste honetan bere agurraren berri eman du. Hau aitzakia harturik bere diskorik biribilena gomendatzen dizuet: "Random Acces Memories". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-daft-punk-random-access-memories-2013/@@download/image/Daft-Punk.jpg
2021/02/24

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

28 urtetan zehar guztiok dantzan jarri ostean, Daft Punk bikoteak aste honetan bere agurraren berri eman du. Hau aitzakia harturik bere diskorik biribilena gomendatzen dizuet: "Random Acces Memories".
[Gomendioa] Daft Punk - "Random Access Memories" (2013)

Frantziar bikoteak disko honekin zerua ukitu zuten eta Get Lucky abesti itsaskorrak munduari buelta eman zion guztiok dantzan jarriz. Disko honetan ordea, beste hainbat abesti bikain ezkutatzen dira. Aipatu gabe doa diskoak duen ekoizpen lan bikaina ere. 

Random Access Memories lanarekin, frantziarrak funk-era hurbildu ziren elektronika bigarren plano batean utziz. Diskoa argitaratu aurreko aurrerapen kantua Get Lucky izan zen eta arrakasta berehala eskuratu zuen Pharrel Williams-ek abestutako kantuak. Autotune-a ere protagonista da kantu honetan eta diskoan oro har. Honek datozen urteetako autotunearekiko joerari hasiera eman zion bai bikote musikal honetan eta baita eszena musikalean ere, oro har. 

Bikote frantsesa roboten rolean aritu badira ere musika sortzen, lan honetan hunkiberatasun robotiko sakonago bat eskuratu zuten entzulea emozionatzeraino iristen diren The Game of Love bezalako abestiak eraikiz. 

Alabaina, ez ziren elektronikaz ahaztu, nahiz eta bikoteak ordura arte egin zuen diskorik analogikoena izan, baita lasaiena ere. Inoizko sakontasunik handiena eskuratu zuten maisulan honekin Guy-Manuel de Homem-Christ eta Thomas Bangalter musikariekAutotunea aipatu badugu ere, ahotsak garbiagoak dira oraingoan eta kolaboratzaileen artean Pharrell-ez gain Panda Bear eta Julian Casablancas ere azaltzen dira, diskoaren old school izaera hori areagotuz. 

Jada lehen abestitik argi geratzen da zer aurkituko den diskoan. Give Life Back to Music baino abesti hobeagorik ez zait bururatzen diskoari hasiera emateko. Funk soinua lehen momentutik aurkezten zaio entzuleari eta erritmo hauek izango dira disko osoari batasuna emango diotenak. Bikote Frantziarrak hasieratik garbi utzi nahi dio disko hau entzuten jartzen denari lan analogikoagoa dela eta elektronikaren gainean baino, gitarren soinuaren gainean dantzatu beharko duela. 

Giorgio by Moroder diskoaren bizkarrezurra da. Abestia hasi aurretik Giovani Giorgio artistak bere bizitzaren istorio bat kontatzen digu, zeinak musika modernoan duen pisua ukaezina den. Hori kontuan izanik ekidinezina da Giovanni Giorgio deitzen naiz, baina denek Giorgio esaten didate esan eta abestia hasten den unean otzikara sentitzea. Izan ere, disko honetan, kontatu nahi denaren arabera instrumentazioa aldatzen da berau azpimarratzeko, musika mezuaren mesedetan jarriz.

Hain da horrela, diskoko kolaboratzaileen nortasunera egokitu zituztela abestiak dirudiela. Instant Crush Julian Casablancas-ekin batera idatzi zuten eta nahiz eta The Strokes-eko abeslariaren ahotsa eraldatuta agertu, New York-eko taldearen eragina nabaritu daiteke abestian. 

Beraz, esan genezake Daft Punk-en ibilbideko diskorik onenaren aurrean gaudela? Bada dudak dituenik, baina niretzat erantzuna argia da: bai. Denbora pasa ahala hazten, sekula ez ahazten, den disko horietako bat da. Daitort argitaratu zenean ez niola kasu gehiegirik egin, baina egun nire disko kuttunenen artean dago merezimendu osoz. Bikotearen oinarrietara itzultze bat izan zela esango nuke, nondik datozen ez ahazteko oroigarri bat. Orain, bikote musikalaren banantzearen berri izan dudan honetan, diskoa berriz berreskuratu dut eta entzuten nabilen bitartean esandako guztia berresten dut: a zer diskotzarra!