[Gomendioa] Brand New - "Science Fiction"
![[Gomendioa] Brand New - "Science Fiction" [Gomendioa] Brand New - "Science Fiction"](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-brand-new-science-fiction/@@images/60247432-ec57-45e9-842d-f97d408ad837.jpeg)
Abesti hori baino gehiago da ordea Brand New eta bere Science Fiction disko bikaina. Lit Me Up abestiak irekitzen du diskoa eta ezinezkoa da 90. hamarkadako grunge soinua ez oroitaraztea. Eskerrak bai, horrelako abesti puskak dituztela jendea erakartzeko, marketinean behintzat ez dira eta oso iaioak. Izan ere, Google-en Brand New idaztean taldea ez, beste edozer ateratzen baitzaizu.
Alabaina, kultuzko talde honek bere modura egiten ditu gauzak, horrela, zortzi urte ixilean egon ondoren, bat-batean, 2017an, disko berria argiratuko zutela iragarri zuten. Aste batzuk lehenago zenbait zaleturi bidali zieten autoekoitzitako Sciene Fiction lana; detaile bat zaleak izatea lana entzuten lehenak.
Horrela bada, aipatutako lehen abestitik hasita disko oso orekatu baten aurrean gaudela esan genezake, kutsu ilun eta modu batean, paranormala mantentzen duelarik taldeak aurreko lanetan izan duen joera horri eutsiz. Ohitura onak mantendu eign behar dira. Hau horrela izanik ere, sosegu sentsazioa eskaintzen du diskoak paradoxa badirudi ere. Guztia kaosa eta iluntasuna den munduan, egoera onartu eta horrekin bizitzen irakatsi nahi baligute bezala. Sentsazio horregatik beharbada, iltzatuta uzten zaitu diskora eta arreta berezia jartzera behartzen zaitu detaileetan. Bizi dugun osasun krisi honetan bezala, non kanpora ateratzen garen une hutsal horiek sekulako arnasguneak diren. Guztia gehiago apreziatzen duzu, ezta? Bada disko honek sentsazio antzekoa helarazten du bere barnean murgiltzen bazara. Detaileetan dago bizitza eta horixe erakutsi nahi izan digu Brand New taldeak.
Aipatu dugu 90. hamarkadako soinu hori gogorarazten duela diskoak, izan ere, beste denbora eta leku bateko abestiak dirudite guztiak ere. Garai hartako rock soinu zikin eta ilunak oinarri hartuta, abesti onak egitera mugatu da taldea (hori ez al da ba disko bat sortzearen helburua?) eta helarazi nahi zituzten emozio ezberdinak transmititzera (zertarako balio du bada musikak ez bada horreterako?). Hori horrela, aipatu badugu ere rock soinu zikinez osatzen dela diskoa, abesti akustiko ugari ere azaltzen dira hauek direlarik gordin eta zintzoenak, entzun bestela Could Never Be Heaven eta esango didazu.
Hamaika ezusteko hunkigarri aurkituko dituzu diskoan zehar, zure belarriak lanean jarriz, erreprodukzio bakoitzean haziz joaten den diskoa baita. Baina orain zerbaitetan aberats bagara, denboran denez esfortzuak mereziko du, zin dagizuet. Lehen entzunaldian dirudiena baino disko landuagoa da.
Bada azken ezusterik ere, taldeak disko honekin bere banaketa ere iragarri zuen. Beste behin, gauzak modu atipikoan eginez, beste behin erakutsiz egungo modak ez zaizkiela axola. Min ematen du ordea jakiteak lan bikain hau euren agurreko diskoa dela. Espero dezagun, beste zortzi urte itxoin behar badira ere, lan berri batekin ezusteko atsegin bat ematea, Brand New taldearekin ezin da inoiz jakin. Bitartean Science Fiction lan bikaina dugu garai apokaliptiko hauetan entzuteko. Gozatu!