[Gomendioa] "Ataun of the Death" trilogia: Euskal zonbiak

[Gomendioa] "Ataun of the Death" trilogia: Euskal zonbiak Gaur Zonbi Harrotasunaren Eguna da eta hori aitzakiatzat hartuz euskal zonbiak berpiztu nahi izan ditugu "Ataun of the Death" trilogia gogoratuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-ataun-of-the-death-trilogia-euskal-zonbiak/@@download/image/191221napardeath.jpg
2020/02/04

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Gaur Zonbi Harrotasunaren Eguna da eta hori aitzakiatzat hartuz euskal zonbiak berpiztu nahi izan ditugu "Ataun of the Death" trilogia gogoratuz.
[Gomendioa] "Ataun of the Death" trilogia: Euskal zonbiak

Xabier Padin eta Beñat Iturrioz-ek zonbiak euskaldundu zituzten trilogia dibertigarri batean. Argi dago ez duela The Walking Dead-en aurrekonturik, bai ordea irribarrea aterako dizuten ideia bikain pila. Gutxirekin trilogia ederra sortu dute, eta hori baloratuz film bakoitzean barneratzeko gai bazara oso gomendagarriak diren hiru istorio ezin originalagoz gozatzeko aukera izango duzu. Gainera, zonbien bidez gure historia eta honek eman dituen pertsona esanguratsuak ezagutzeko parada izango du ikusleak.

Ataun of the dead
Lehendakaritzara, trikimailuen bidez, lehen lehendakari ez-nazionalista iristen denean hirugarren karlistadarako hazia sortzen da eta bi zientzialari karlistek Zumalakarregi berpiztu nahiko dute. Esperimentuan Idiazabalgo gazta lehiaketan aurkeztuko duten, bertan gazta kutsatu egiten da eta ondorioz Ataundar guztiak zonbi bilakatzen dira gazta jan ondoren...

Joxean's Hil Eben
Zumalakarregi berpiztu ondoren, Jon Tomas eta Josu-Jon Tomas (Ataun Of The Dead-eko bi zientzialari karlistak), XlX. mendean hildako soldadu karlistak lurpetik atera eta berpizten hasten dira. Zonbi plaga honek Partidu Nazionalista Banpiroko kideen nagusigo politikoa eta biziraupena kolokan jarriko ditu. Kinka honetatik ateratzeko modurik onena Agirre lehendakaria esnatzea dela erabakiko dutelarik. Ondorioz Zumalakarregi eta Agirreren arteko norgehiagoka bat hasiko da, lehendakari unionista Erkidego Autonomoko agintaritzatik kendu ondoren Erkidegoan ez ezik Euskal Herri osoan nork aginduko duen erabakitzeko.

Napardeath
Lehenengo filmean berpiztu eta bigarrenean Eusko Alderdi Banpiroa garaitu ondoren, Zumalakarregi zonbia Iruñera abiatuko da bere burua euskaldunen errege izendatzeko asmoz. Bidea ez da uste bezain erraza izango ordea, Ezker Abertzaleak Antso Azkarra momia berpiztuko baitu, nafar erresuma berrezarri eta tronua berreskuratzeko asmoz. Nor izango da garaile tronua lortzeko dema honetan?