[Gomendioa] ‘System Crasher’: Haurrek haurtzarorik ez dutenean

[Gomendioa] ‘System Crasher’: Haurrek haurtzarorik ez dutenean Benni izeneko bederatzi urteko neskatxa da istorio honen protagonista. Txikitako traumek eraginda eta beregan loratu den agresibitatea dela eta, zentro eta harrera familien artean bizi da, aldi baterako gehienetan. Filmin plataforman ikusi dut Atlàntida Film Festival jaialdiaren baitan, eta hauxe da nire gaurko gomendioa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-2018system-crasher2019-haurrek-haurtzarorik-ez-dutenean/@@download/image/xDDWDhh4SrGBttrfFLZ5l9JJ0vPSGPB2vyln4UTW.jpeg
2020/08/04

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Benni izeneko bederatzi urteko neskatxa da istorio honen protagonista. Txikitako traumek eraginda eta beregan loratu den agresibitatea dela eta, zentro eta harrera familien artean bizi da, aldi baterako gehienetan. Filmin plataforman ikusi dut Atlàntida Film Festival jaialdiaren baitan, eta hauxe da nire gaurko gomendioa.
[Gomendioa] ‘System Crasher’: Haurrek haurtzarorik ez dutenean

Bennik amarekin eta anai-arrebekin bizi nahi du, baina ama -guztiz arduragabea eta emozionalki ezegonkorra- ez da gai alabaren haserre eta indarkeria-erasoak jasateko, ondorioz estatuaren eta bere funtzionarioen zaintzapean uzten du.  

Hori guztia irakurrita, ez pentsa ume bihurrien gaineko drama soil bat ikusiko duzunik.  Egia da elementu horiekin guztiekin, drama tranpatiek erabiltzen dituzten bide endredatuetan erortzeko arriskua zeukala, baina zorionez ez da horrela gertatzen. Nora Fingscheidt idazle eta zuzendariak ongi baino hobeto ezagutzen baitu gai hau, eta  horietan guztiz murgildu da, hezitzaileen, harrera-egoera horretan dauden haurren eta (kasu honetan) ama arduragabearen erretratu guztiz objektiboa eraikiz. Tonu melodramatikoan edota gizarte-langileen "heroitasunean" erortzea saihesten duela alegia.

Helena Zengel gaztearen interpretazioari buruz luze eta zabal idatzi nezake, ikaragarria iruditu baitzait burutzen duen lana. Gehiago esango nuke, eskaintzen duen erakustaldiagatik soilik merezi duela filma ikustea. Pertsonaia, gainera, oso ongi eraikia dago, eta umearen iraganeko trauma horien printza oso txiki batzuk erakustearekin soilik ikusleak oso ongi irudikatzen du garun eta bihotz txiki horretan izan dezakeen mina. Filma oro har oso modu adimentsuan filmatuta dago, talentu handiz, eta hasieratik erakusten ditu bizitako trauma ezberdinek Bennie-rengan eragin dituzten ondorioak, baina pixkanaka-pixkanaka sakabanatu egiten ditu neskatoaren egungo egoera mentala eragin duten arrazoiak eta hori ere eskertu dut. Irudiaren bidez asko iradokitzen duen lana baita, eta irudi hori gainera, estetikoki oso nabarmena iruditu zait, batez ere kolorearen arloa nola landu duen ikusita.  Zuzendari alemaniarrak tonu arrosetan irudikatzen du adibidez, Benni zeharkatzen ari den haserrea.

Bi orduz drama frenetiko bat ikusiko duzu. Batzuetan Benniren ikuspuntuan kokatuko zaituena eta besteetan aldiz filmean zehar agertuko diren hezitzaileen begiradan. Asmo on eta txarren arteko bilakaera horren lekuko bihurtuko zara, ez zuria ez beltza ez den amaiera batera iritsi arte.

System Crasher zinema sozial sendo eta ukaezina da, gogorra eta une batzuetan urduritasuna sortzen duena. Haurtzaroak gure gizartean duen hauskortasuna eta sistemak horrek sortzen dituen arazoak konpontzeko duen ezintasuna erakusten diguna.  Nora Fingscheidt-en lehen filma izanik gertutik jarraitu behar dugun zinegilea, izan ere Berlingo Zinemaldian Zilarrezko Hartza eta Epaimahaiaren Saria irabaztea lortu zuen izenburu honi esker eta baita Alemania Oscar sarietan ordezkatzea ere. 

Non ikusi? Filmin plataforman