Goizeder Taberna: “Injustizia orok hoztuta uzten nau”

Goizeder Taberna: “Injustizia orok hoztuta uzten nau” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/goizeder-taberna-injustizia-orok-hoztuta-uzten-nau/@@download/image/68p60-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Donibane Lohizunekoa. 26 urte. "Aries on bat bezala, burugogorra naiz eta beti aurrera egiteko ohitura dut", dio Goizederrek. Paueko unibertsitatean Historia ikasi zuen, eta ondoren, Montpelierren, kazetaritza. Egun, "Xirika" astekariaren koordinatzailea da: "Gehigarria gazte sentitzen direnei zuzendua dago", diosku.

Arrunt laket dut: Mendia. Mendizalea naiz oso. 
Ez dut parean ikusi ere egin nahi: Harrokeria. 

Lasaigarri zait: Lagunekin egotea. Koadrila hamar lagunek osatzen dugu: guztiak neskak gara. Horretan aski bereziak gara.
Sutan jartzen nau: Pertsonekiko ikusten dudan errespetu eskasak.

Gustura irakurri nuen: “DaVinci kodea”
Lo seko geratu nintzen irakurriaz: Diru-laguntzak eskatzeko txosten administratibo bat. Oso irakur zailak dira.

Bertutea: Gauzak ez ditut bere horretan uzten, bukatzen ditudanean baizik.
Akatsa: Batzuetan, ez dut nire sudurra baino urrunago begiratzen.

Ametsa: Gaur egungo egoera politikoa hobetzea.
Amesgaiztoa: Gazte proiektu batean sartzea.

Barre algara eragiten didate: Lagunarteko txiste errazek. Hala ere,  kontatzerako orduan, ez naiz batere irrigarria.
Negargura ez dut urruti:  Filmekin hunkitzen naiz. "The wind that shakes the barley" Ken Loachen film berriarekin negar egin nuen. 

Urrea: Lagun on bati emango nioke.
Ikatza: Euskaldunoi iruzur egiten diguten frantses mandatariei.

“Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…”: Ez naiz aterian asko geratua, ezta aldaba asko joa ere. Atea zabaldu zidanarekin nabil.
“… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon”. Zeharka, beharbada, kalabaza bat edo beste jaso dut. Baina zuzenean, ez.

Hatzak zupatzen ditut: Oliba berdeak janaz.
Gogoko ez dudan jakia: Endibia egosia. Txiki-txikitatik, gainera.

Dirua ordainduko nuke: Ongizate kolektibo zein pertsonala lortzearren.
Ez nioke xentimorik emango: Behar ez dudan gauza material azaleko batengatik.

Neguan kalera ateratzeko nahitaezko hiru jantzi: Berokia, eta zapata eta lepoko beroak.
Zerk uzten zaitu erabat hoztuta? Edozein lekutatik datorren injustizia orok.