Goiatz Labandibarrentzat idazle gazteen Igartza Saria

Goiatz Labandibarrentzat idazle gazteen Igartza Saria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/goiatz-labandibarrentzat-idazle-gazteen-igartza-saria/@@download/image/20119151432igartza_1.jpg
2012/12/13
berria
Interrail ipuin bildumaren proiektuarekin irabazi du 35 urtetik beherako idazle euskaldunentzat eskaintzen den 6.000 euroko saria. Neskak dira azken bost irabazleak. 

1985ean Oirtzunen jaiotako gazteak bere lehen lana du Interrail hau. Europan barrena egindako bidai baten tankeran dago egituratuta Igor Estankona, Xabier Etxeberria eta Karmele Jaio epaimahaikideek sarituriko proiektua, Hendaiatik joan etorrian hamar hiri ezagutaraziko dizkigun hamaika istorioz osatuta.

Proiektua diogu Igartza beka moduan ematen baita izatez. Proiektuak dira aurkezten direnak, bukatu gabeko lanak, eta hauek bukatzeko diru bat eta bukatutakoan argitaratzeko Elkar argitaletxearen konpromisoa dira irabazleak eskuratzen dituenak.

Parte hartzaileek ezin dute 35 urtetik gorakoak izan, eta ezta bi liburu baino gehiago argitaraturik ere. Idazle gazte berriak bultzatzea da sariaren xedea. Hamalaugarren edizioa da aurtengoa. Aurreko bost urteetan Katixa Agirreren Habitat, Irati Jimenez Nora ez dakien hori, Eider Rodriguezen Katu jendea, Uxue Apaolazaren Mea Culpa eta Garazi Kamioren Gerizpeko panpinak izan dira irabazleak.

Argi dago neskena dela euskal letren etorkizuna!!