Girotu, apaindu, sendatu

Girotu, apaindu, sendatu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/girotu-apaindu-sendatu/@@download/image/70p44_1.jpg
2007/01/05
erreportajea
Nerea Lizarralde
Girotu, apaindu, sendatu
Zure burua apaintzeko edo sendatzeko. Zure gelari ukitu berezia emateko. Sekulako itxura aldaketa egiteko. Horretarako eta beste hamaika kontutarako, hor dituzu eskura, munduko kolore guztiak. Zergatik ez erabili?

Ilearen kolorea aldatzeko, adibidez, hemen dituzu aukera interesgarri batzuk. Zein komeni zaizu?

-Ilehoria bazara eta azal zuria baduzu
, ilehori platinoa eta ilehori errautsaren arteko kolore sorta aukera dezakezu. Ahaztu urre kolore bizia, ez baitizu mesederik egingo. Gaztaina kolore ar-gia ere aukera ona izan daiteke zuretzat.

-Gaztaina kolore argiko ilea eta azala arrosa
. Marroi eta kobre koloreekin, aurpegiko arrosa tonuari indarra ken diezaiokezu. Ez tindatu oso kolore argiekin, metxa edo txerlo batzuk egin ditzakezu; kobre edo urre kolorekoak, adibidez.

-Ile beltza eta azal matea
. Marroiak (txokolate kolorea), kaoba, okaran kolorea… horiek dituzu aukera onenak. Kobre, urre eta naranja tonuak alde batera utz itzazu, ez dizutelako aurpegian argitasuna lortzen lagunduko. Ilehori platinoarekin ausartu zaitezke.

-Ilegorria bazara eta nekatuta bazaude
, urre eta kobre koloreetara pasatu zaitezke. Zure ile kolore naturalaren tonu argiago eta ilunagoekin, proba dezakezu, bestela. Hala ere, ez itzazu tonu ilunak aukeratu: zure azalaren xarma eta hazpegi politenak azpimarra itzazu.

Nolako begiak...

-Begi berdeak badituzu:
egunez laranja eta marroia konbina ditzakezu, burdeos koloreko margo batekin, begiaren forma nabarmendu dezakezu kanpoaldetik. Gauez, begien barnealdea txuriz azpimarra dezakezu.

-Begi ilunak:
Nakar eta lur koloreak komeni zaizkizu.

-Begi urdinak:
Banilla eta moka koloreak erabiliz gero, naturaltasun handia lortuko duzu. Iluntzean lila eta okaran tonuak marroi ilunekin konbina ditzakezu.

Begi handiagoen irudipena lortu nahi baduzu, aldiz, kolore argiak difuminatu behar dituzu betazal osoan, kolore ilunek txikitu egiten baitituzte begiak. Hala ere, efektu polita lor dezakezu itzal ilun batzuk (marroi iluna) ipinita, bekaina eta betileen artean sortzen den arkuan. Horrela, sakontasun ukitu bat emango diozu zure begiradari.

Begi txikiak dituzula iruditzen bazaizu, ez erabili inoiz eye-liner delakoa. Betazal barnealdean khol margo berde argia ipiniz gero, argitasun berezia lortuko duzu begiradan.

Aitzitik, begi handiak badituzu, betilearen barnealdea khol margo beltzez margotu dezakezu. Ondoren, khol berarekin betileen marra marraztu eta difumina ezazu. Betileentzako maskara goialdean jar ezazu soilik: ez duzu gehiago beharko.

Koloreak etxean



Etxean, giro eta sentsazio ugari sor ditzakegu koloreen bitartez.Esaterako, ez da oso komenigarria gela oso bat gorriz margotzea, eta hobe da gorri ukitu batzuk ipintzea hoztasuna kentzeko. Sukaldea eta etxeko sarrera izan daitezke horretarako leku egokiak. Gorriak  gehiegi igo dezake gela baten tenperatura, baina oso bizigarria eta estimulatzailea da.

Urdina, arrosa, berdea eta krema kolorea dira logelentzako aproposenak. Oso kolore lasaigarriak dira hirurak. Urdin argiak espazioak handiarazten ditu, eta hori gutxi balitz, eltxoak uxatzen dituela diote. Aldiz, krema koloreak goxotasuna ematen die logelei, eta berdeak oso freskagarriak dira.

Bestalde, horia oso kolore alaia da, eta adimena estimulatzen du. Hala, egongela eta sukaldea espazio egokiak dira horiarentzat, baita sormenerako tokiak ere. Bestalde, laranja oso kolore aproposa da lagunekin egoteko espazioak sortzeko, eta baita sukalderako ere, digestioa egiten laguntzen omen du eta. Beltzak, aldiz, espazioak txikiarazten ditu.

Koloreeekin sendatuz, kromoterapia


Medikuntza naturalaren arabera, zentzumenek eragin handia dute gure organismoan, eta, beraz, han eta hemen ikusten ditugun koloreak estimulu indartsuak izan daitezke guretzat. Kromoterapiak, kolore bakoitzaren ezaugarriak aztertu eta gaixotasunak arintzeko bideak bilatzen ditu. Goazen banan bana, kolorez kolore:

-Urdinak efektu lasaigarria du. Beroaren aurkako erremedio ona da, eta begiak nekatzen zaizkigunean, lasaigarri gisa erabil dezakegu.

-Arrosa minaren aurkako kolorea omen da. Pentsamendu negatiboak uxatzen omen ditu, eta autoestima igotzeko tratamenduetan erabili ohi dute.

-Bioletak urduritasunari aurre egiteko balio du; gainera, gosea eta antsietatea kontrolatzeko lagungarri omen da.

-Gorria bizi-pozaren kolorea da, eta, beraz, nekeari aurre egiteko erabiltzen dute.

-Txuria anti depresiboa da, indarra transmititzen duelako. Bestalde, baketirizida gisa funtzionatzen omen du. -Beltza gehiegi erabiltzeak ez du onik egiten, ezkortasuna eta depresiorako joera eragin dezakeelako.

-Horia oinarrizko kolorea da ekialdeko medikuntzan, eta oso lagungarria izan daiteke giharretako eta nerbioetako arazoentzako, eta digestio aparatuarekin lotutako gaixotasunentzako.