Giri Eguna Zumaian, turismo eredu masifikatua salatzeko

Giri Eguna Zumaian, turismo eredu masifikatua salatzeko Igandean (abuztuak 13), Torreberri gaztetxean, modu alai eta satirikoan salatuko dute atzerritarrei zuzendutako turismo ereduak bertako gazteak prekarietatera eta pobreziara bultzatzen dituela https://www.gaztezulo.eus/albisteak/giri-eguna-zumaian-turismo-eredu-masifikatua-salatzeko/@@download/image/Giri_eguna.jpg
2017/08/11
albiste-laburra
Igandean (abuztuak 13), Torreberri gaztetxean, modu alai eta satirikoan salatuko dute atzerritarrei zuzendutako turismo ereduak bertako gazteak prekarietatera eta pobreziara bultzatzen dituela

‘Turismo orekatua posible ote?’ galdera hizpide hartuta eztabaida egingo dute igandean, 12:00etan, Zumaiako Torreberri gaztetxean. Ondoren (14:30) bazkaria, eta arratsaldean (17:00) kalejira.

Azken urteotan bisitari-fluxuak nabarmen gora egin duela nabaritu dute gazte zumaiarrek. Gaztetxeko kideek zabaldu duten oharrean diotenaren arabera, “itsu-itsuan alde batetik bestera doazen jendetza-fluxu horien atzean badago intentzionalitate bat: pertsonak leku batetik bestera mugitzeak, elikatzeak, entretenitzeak eta ostatua emateak gauza bat sortzen eta eskatzen du: dirua; zerbitzarien, garbitzaileen, sukaldarien, administratzaileen eta orokorrean langileen lanetik sortua, baina ugazaben, jabeen eta maizterren eskuetan geratzen dena”.

Horretaz gain, etxebizitzaren problematikari ere heldu nahi diote: “Kontrolik gabeko turismo olatuak jasotzen dituzten lekuetan etxebizitzak ere espekulazio espiral zoroen barruan sartzen dira. Prezioen inflazioak bertako herritar langileek etxebizitza duina lortzeko eskubidea zapaltzen du, eta guk gure herrian bizitzeko aukera izan nahi dugu”.

Gai potoloak jorratuko dituzte, hortaz, Giri Egunean, baina guztia satiratik eta umoretik!