Gipuzkoako lau zineklubek K sariak sortu dituzte

Gipuzkoako jaialdietako filmak lurralde osora zabaltzea eta bertako zineklubei ikusgarritasuna ematea ditu helburu K Sariak. Datorren urtean 50 urte beteko dituen Donostiako Kresala Zinekluba da ekimenaren bultzatzaile nagusia, eta Azkoitiko Zinetogram, Beasaingo Goieniz eta Urretxu-Zumarragako Butaka 21 zineklubak ere proiektuaren parte dira.
Tartean izango dira Gipuzkoan ospatzen diren bost zinema jaialdi ere: Debako Animadeba Nazioarteko Animazio Zinemaldia; Tolosako Zeinu Hizkuntzako Zine Jaialdia; Donostiako Donosskino Film Laburren Jaialdia; Iruñean, Bilbon eta Donostian egiten duten Zinetika Dantza eta Zinemaren Nazioarteko Jaialdia; eta Hondarribiko Amua Musika Zinema Dokumentalaren Jaialdia. Hala, zineklubetako hiru kidek osatutako epaimahaia arduratuko da jaialdi horietako bakoitzean lan bat nabarmentzeaz, eta Egingelak, Iker Babace eta Asier Arizkorretak osatzen duten sortzaile eta irakasle kolektiboak sortutako K formadun garaikurra jasoko du bakoitzak.
Saio berezi bat antolatuko dute bost jaialdietan saritutako lanekin, eta urte amaieran Gipuzkoako hainbat herritan egingo dituzte emanaldiak. Horrela, lurraldeko herri gehiagotara heltzea lortuko dute eta, hortaz, filmei zein ekimenei ikusgarritasun handiagoa emango diete.
Aurkezpena abuztuan
Sarien aurkezpena abuztuaren 30ean egingo dute Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur terrazan. Ekitaldia 20:00etan hasiko da, eta eragile bakoitzak bere eskaintzaren berri emango du, elkarlana nola sortu den azalduko du eta baita etorkizuneko aurreikuspenak zeintzuk diren ere. Jarraian, film laburren emanaldia izango da. Ondorengo pelikula hauek eskainiko dituzte: Ama hil zaigu (Bira Produkzioak, 2021), Cerdita (Carlota Martínez Pereda, 2018), Sisters (Daphne Lucker, 2018), La tierra llamando a Ana (Fernando Bonelli, 2019), I Said I Would Never Talk About Politics (Aitor Oñederra, 2015), Beldur Malutak (Ander Iruretagoiena eta Telmo Irureta, 2019), Monsieur Michel (Julien Bourges, 2019) eta Sirenas (Aitor Guerrero, 2021). Gainera, zineklub saioetan egin ohi duten legez, zuzendarietako batzuk bertan egongo dira ikus-entzuleekin beraien lanen inguruan hitz egin ahal izateko. Gonbidapenak hemen eskura daitezke.