Giorgio Bassmatti: "Euskal musika eszenari audientzia falta zaio"

Giorgio Bassmatti: "Euskal musika eszenari audientzia falta zaio" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/05/13
elkarrizketa
Giorgio Bassmatti: "Euskal musika eszenari audientzia falta zaio"
Ez dakigu Giorgio Bassmatti nor den. Zein da bere benetako izena? Non jaio zen? Noiz? Badakigu, ordea, atsedenik hartzen ez duen sortzaile ekintzailea dela, oholtza gainetik audientzia aztoratzeko ahalmena duela eta kantatzeko ez ezik, esateko ere asko daukala.


Giorgio Bassmatti, Loveof74, Oso Fan… jakin daiteke nor zaren? Hamaika gauza hasi eta bukatzen ez dituen alproja. Diletante profesionala. Prokastinazio maisua. Musika maitalea. Abesti lapurtzai...egilea.

Zein da jaso duzun kritikarik politena? Nire amarena: "Jaitsi musika alu hori, jatera goaz eta! Eta apaindu zure gela!"

Eta itsusiena? Ez dago kritika itsusirik. Beti ikasi daiteke zerbait kritika txarretatik. Adibidez, nola erahil egilea markarik utzi gabe edo nola egilea puteatu trikimailuak erabilita.

Zer izan behar du kanta batek ona izateko? Jakingo banu Mauin egongo nintzateke Daikiri bat edaten, olatuen soinua entzuten, itzalkinari bueltak ematen.

Zein musikari miresten duzu?
Emozioa teknikaren gainetik jartzen duten egileak: Stephen Pastel, Galaxie 500, Beat Happening, Papas Fritas...

Zer falta zaio euskal musika eszenari? Audientzia. Baina kontzertuetara ez etortzea ez da audientziaren errua soilik. Egile oso onak dauzkagu, bidea egiten ari direnak; ea laster klixez beteriko euskal taldeek betetzen dituzten aretoak.

Eta zer du sobera?
Ematen zaion gehiegizko garrantzia eta kritika txarrak jasotzeko ohitura falta. Herri txikia gara, eta dena handitzen da barruan, Gran Hermano-n bezala. Batzutan bizilagun filosofoen patioa dirudi.

Musika zuk edo besteek ondo pasatzeko egiten duzu? Egiteko beharra daukadalako. Punto.

Zer eramango zenuke irla desertu batera? Itzultzeko txartela. Pentsa, agian etxean gasa irekita utzi duzula buruan sartzen zaizu eta ezin zara etxera itzuli egiaztatzera! Ezingo nuke horrekin bizi.