Gibraltargo makako ospetsuak

Gibraltargo tximino edo makako ospetsuak ikur garrantzitsuak dira bertakoentzat. Hala ere, azken urte hauetan asko ugaldu dira, eta bizilagun deseroso samarrak bihurtu dira. Hori dela eta, agintariek plan bat onartu dute tximino populazioa murrizteko, eta 25 ale akabatzea aurreikusi dute. Kontua da, primateen aldeko Erresuma Batuko elkarte batek protesta egin duela proiektuaren kontra, eta hautsak sobera harrotu direla. Esaera batek dioenez, "tximinoek bertatik alde egiten duten egunean, Gibraltarrek britaniarra izateari utziko dio". II. Mundu Gerran makakoak asko gutxitu ziren, eta Winston Churchill zenak Afrika iparraldetik ale gehiago ekarrarazi zituen.