Geureari begira

Geureari begira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/geureari-begira/@@download/image/14p20-1.jpg
2001/12/07
erreportajea
Geureari begira
Norbaitek, gu denok hondartzan geunden bitartean, estudioan bota zituen izerdiak: grabazioa, nahasketa, aukeraketa… Lanak amaituta, emaitza aurkezteko garaia da. Talde sortu berriak, hango eta hemengo idazleen testuak kantu bihurtuta, egokitzapenak, proiektu paraleoak, bideo lanak eta dagoeneko ezer gutxi erakutsi beharrik ez duten zenbait artisten urrats berriak. Datozen lerrootan Durangoko Azokak musika arloan eskainiko digunaren zenbait adibide topatuko dituzu. Hasi sosak prestatzen bertako guneetan inbertitzeko, gastatzeko baino, eta badakizu, bueltak amari…

Txuma Murugarren "Hegazkinen Arima" • Gaztelupeko Hotsak
Txumak, Sasoi Ilunak taldeko abeslaria izandakoak, ga-rrantzia duen arren, ez luke erreferentzia izan behar, "Nire leihoak"-en, bakarkaka egindako lehen diskoan, jada biluztutako kantu bikainak jaso baitzituen. "Hegazkinen arima" aurrerapausoa da; bokalista papera sakondu du, amerikar tradiziorik lehor eta onenaren harira (Mark Lanegan, bat aipatzearren). Rafa Rueda (Pilt taldekoa eta hainbat ekoizpenen burua) izan da produkzioaren arduraduna, goi mailako musikarien laguntzaz. Kantu leunak eta rock gordina aurki ditzakegu Txumaren lan berri honetan.

Jotakie
"Barrenetik"(1981-1990) • Oihuka
Urolatarrak sekulako luxua izan ziren pop rock doinuak maite dituztenentzat. Hala ere, asko ez dira oraindik horretaz jabetu. Hiru disko atera zituzten eta horrez gain, egun ia kolekzio pieza den "Kortatu+Cicatriz+Jotakie+Kontuz Hi!" bilduma hartan parte hartu zuten. "Kriston burrundaie",  "Zurt", "Utz nazazu jauna" eta "Joxe Mai Beltza" dira erdi bazterrean geratutako euren musika zuzenaren adibideetako zenbait. Disko honetan hamasei abesti bildu dira eta baita bi bonus track ere: Eibarko Ilargi tabernan zuzenean eskainitako "Atxuko" kantua batetik, eta euren azken emanaldiko irudiez jantzitako bideo lana, Bergarako plazan jasoa, bestetik.

Ruper Ordorika
"Hurrengo goizean" • Metak
"Gaur" lanaren ondoren, "Hurrengo goizean". Emanaldiak sortutako zirrara alde batera utzita, kantuen hurrengo goizeko arnas berria da oñatiarraren zortzigarren lanaren ardatz nagusia. Nolabaiteko lasaitasuna dago airean.  Blueszaleek "mood" esaten duten horixe islatzen du lan honek eta horretarako konposizio lan biribiletan oinarritu da. Diskoan aparteko musikariek parte hartu dute, Ruperrez gain noski, Lou Reed eta Marianne Faithfull-ekin jardundakoek, besteak beste. Kontuak atera. Harriak goroldiorik gabe jarraitzen du bere bidea.

Oskorri
"Vizcayatik Bizkaiara" • Elkarlanean
Oskorri taldearen kantu bilduma berriak "Vizcayatik Bizkaiara" izena du. Izenburuak dioen bezala, Xabier Amurizak Bizkaian bildutako abestiak protagonista dira lan honetan. Eliseo Parra hamahiru abestiz osatutako diskoaren ekoizlea izan da. "Bilbotik Ipiñaburura", "Bizkaiko bazter baten" eta "Euskaldun bat Veracruzen" dira, besteak beste, Natxo De Feliperen taldearen zaleen nahia asetu nahi duten kantu berriak.

Joseba Tapia
"Agur Intxorta Maite"  • Gaztelupeko Hotsak
"Quebec" aurreko lanak izandako harrera beroaren ondoren, trikitilari gipuzkoarrak 1936ko eta 1937ko guda kantuak jaso eta modu akustikoan abestu ditu, erromeria doinu ugari erabilita. Lan honetan Koldo Izagirre idazlearen laguntza izan du Joseba Tapiak. Emaitza, behar bezala aurkeztu nahian, digi-pack dotorean argitaratu da, liburuxka eta guzti.

Hertzainak
Hertzainak • Oihuka
Denboraren orratzak. Iaz Itoiz izan zen eta aurten, Hertzainak. Euskal Herriko rock talderik onenetakoak bidean utzitako zazpi diskoak kutxa berezi batean argitaratu dira: "Hau dena aldatu nahi nuke", "Amets prefabrikatuak", "Zuzenean 19-01-91"... Taldeak astindutako 1981 eta 1991 urte bitarteko argazkiak eta artikuluak luxuzko liburuxka batean bildu dira, diskoaren lagungarri. Kristoren martxa zegoen sasoi ilun haietan, ez zen ilusio faltsuentzat behintzat tokirik izan.

Igelaren Banda
Igelaren Banda • Elkarlanean
Igelaren banda proiektuak musika tradiozionaletik eta bat-batekotasunetik datozen musikariak batu ditu: Bixente Martinez (gitarrak eta bouzoikia), Txarli de Pablo  (kontrabaxua) eta Iñigo Egia (perkusioa). Nahiz eta errepertorioa Euskal Herriko musika tradizionaletik hartutako erritmoetan eta doinuetan oinarritu den, piezak garatzerakoan leku zabala eskaini zaio bat-batekotasunari, erritmikoki eta armonikoki ezohiko bideak landuz. Aurtengo argitalpen garrantzitsuenetakoa izan daiteke.

Labrit
"Nori egin so" • Oihuka
Labriten bigarren diskoa dugu hauxe. Abeslariak taldekide berriak bildu ditu lan hau burutzeko. Kandi Fernandez (Baldin Bada, Minxoriak, Sustraia) ekoizpen lanez arduratu da, Juanjo (Mo' Mau) baxujole lanetan ari da eta bateria lanetan, berriz, Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi) Testu guztiak Juan Luis Otamendiri eta Sabin Muniategiri maileguan hartu dizkiete, Labritek egindako bi izan ezik. Grabazioa oso txukuna da, "Bizitzak esan ohi zidan" aurrerapen kantuak erakutsi be-zala.

Etsaiak
"Kaos" • Metak
Maiatzan "Luzemetralla" izeneko bideoa aurkeztu ondoren, estudio lan be-rriari ekin ondorengo emaitza dugu hauxe. "Kaos" izenburupean jasotako bilduma "etsai" berri honetan doinu gogorrak ditugu, sanpler eta scratch efektu bitartez gihartsu eguneratuta. Dagoeneko hamar urte bete dituzten arren, bizkaitarren egitasmoak beti bezain erasokorrak dira.

Onddo
"Errepideak ez ditut maite" • Gaztelupeko Hotsak
Beratarrek lehen urratsa dute honakoa, baina hala ere, musika kontuetan, ez dira atzo goizekoak, Xabier Montoiaren egungo banda osatzen dute eta. Pop rock doinu bare eta dotoreak proposatzen dizkigute, REM, Luna eta Mojave 3 taldeek osatuko luketen balizko paisajean barrena, benetan zaindutako soinuez baliatuta. Xabier Montoiak berak eta Petti herrikideak diskoan parte hartu dute.

Bingen Mendizabal & Mikel Urdangarin
"Bar Puerto" • Gaztelupeko Hotsak
Nork bere bideari heldu ondoren, filmetako doinuak konposatzeari batak, euskal kantautorearen irudia eguneratzeari besteak, bi artistek topaleku egokia aurkitu dute "Bar Puerto" izenburupean.  Luzatu diguten proposamena Kirmen Uribe Ondarruko idazle gaztearen testuetan (diskoarekin batera saltzen den liburuxkan jasoak) oinarrituta dago. Musika aldetik, bestalde, doinu herrikoiei begira lan egin dute. Zuzenean ere erakusteko asmoa duten lan honetarako. Mendizabalek eta Urdangarinek jazz eta folk munduko musikarien laguntza jaso dute.

Anje Duhalde
"George Brassensen kantari" • Elkarlanean
Udazkenean Georges Brassens poeta, idazle eta kantariaren heriotzaren hogeigarren urteurrena bete da. Lan berri honetan Anje Duhaldek moldatu eta interpretatutako Brassens-en hamalau abesti jaso dira, egilea omentzeko asmoz. Iaz Baionako Luna Negra aretoan zuzenean grabatutako lan honetan Anje Duhalderen gitarraz eta ahotsaz gain, Mathias Lopez-en kontrabaxua eta Remi Gachiren gitarra entzun daitezke.

Zenbait "Maitasun Baladak"
• Elkarlanean
Bilduma berri honetan zenbait artisten baladarik samurrenak eta goxoenak bildu dira. Besteak beste, honako musikarien abestiak topatuko ditugu bertan: Gari, Mikel Markez, Sorotan Bele, Alaitz eta Maider, Etzakit, Gozategi, Maixa ta Ixiar, Jabier Muguruza...

Disturbio
"Solo jugamos si ganamos" • Suicidas
Disturbio laukotearen proposamena gaztelerazko punk rock-aren eta hardcorearen artean koka daiteke. "Solo jugamos si ganamos" iragan apirilean eta maiatzan jasotako hamalau abestiren bilduma da. "Monigotes", "Tu canción" eta  "Perderme en ti" dira haietako batzuk. Beste kantu batean, "Escupiré"-n, disko osoaren ekoizpen lanak egindako Carlos Kreator bilbotarrak gitarra jotzen du.

Jabier Muguruza
"Hain guapa zaude" • Metak
Jabier Muguruzaren bosgarren lana dugu honako hau, neguaren aurkako babes goxoa. Bizitzak berdin jarraitzen du eta irundarrak berdin erretratatzen du, patxadaz, eta horretarako kanpora ordez barrura begiratzen du, maisuek egin ohi duten bezala. Inguruan ditugun musikari onenetarikoen laguntzaz (Mikel Azpiroz, Txema Garcés eta David Gómez), Jabierren konposaketa epelek ez dute inoiz aspertzeko betarik ematen, ezta erabilitako hizkuntza sortak ere: euskara, frantsesa, gaztelera, galegoa eta katalana. Gonbidatu bereziak ere badira; Kiko Venenok, esaterako, euskaraz kantatzen du ("El pueblo guapeau" abestiaren bertsio berria) eta lehenengo aldiz, hari orkestra bat dago.

Kaotiko
"Mundo Kaotiko" • Oihuka
Kaos Etiliko taldea banandu eta Kaos taldea sortu zen iazko udan. Aguayo eta Aguayico anaiak gitarjole moduan, Fonta baxuari egurra ematen, eta beste bi lagun, Xabi baterijolea eta Jon abeslaria. Aguraingo taldea. Beraz, ez dago esan beharrik zein eragina jaso duten: La Polla taldearen eskola. Rock-punk joerak Kaotiko taldearen "Mundo Kaotiko" estreinako diskoan. Abesti laburrak, zuzenak eta lelo sarkorra izatea alde dutenak.

4 itzal
"Denek dakite" • Oihuka
Etzakit taldeko Xabier Solano kantariaren proiektu berria dugu eskuartean, bere taldearekin egitekoak dituenak ahaztu gabe, noski. Solanoren konposaketak gihartzeko, Haritz Harreguyren partaidetza ezinbestekoa izan da. Sen taldeko gidariak grabatu, ekoitzi eta nahastu du diskoa. Taldekideak honakoak: Koldo Soret (Utikan, Mugatik) baxujole gisa eta Txiki (Kashbad) bateria lanetan. Punk rockaren oinarria, bere alderdi melodikoa eta egitura eranskorrak oso aintzat harturik. Testuak Jon Garmendia "Txuria"-k idatzi ditu.

La Polla
"Bocas" • Suicidas
Evaristoren taldeak banda gazteen artean beti izan duen eragina inoiz baino handiagoa da gaur egun, eta Aguraingoek danbateko berria prestatuta dute azokan aurkezteko. Izenburua: "Bocas". Bazterrak astintzeko prest ditugu berriro ere azken hogei urteotako testurik zorrotzenen egileak.

Urtz
"Aingeru" • Oihuka
Bi urte t'erdi igaro dira aurreko diskoa plazaratu zutenetik. Tarte horretan aldaketak izan dira Urtz-en, baxuan eta gitarran hain zuzen, baina taldearen biko burmuinak hor segitzen du oraindik; Xabi ahotsa, gitarra eta konposatzailea alde batetik, eta Josu baterijolea, bestetik. Bosgarren disko honen grabazioa Baionako Sonido XXI estudioetan egin dute. Hard rock melodikoak eta baladek (lan osoari izena eman diona, kasu) Urtz taldearen urrats berriaren nondik norakoak gidatzen dituzte.

Kaos Etilico
Oihuka
Euren hirugarren diskoa da hauxe. "Porsupuestón" lana kaleratu ondoren, taldea bi zatitan banandu zen. Alde batetik, Kaos Etiliko eta bestetik, Kaotiko. Kaos Etilikon Zigor abeslaria eta Kepa anaia bateriolea geratu dira. Lan honetan Daniren (Baldin Bada) laguntza izan dute gitarjole moduan. Taldea eraberrituta eta gogotsu dator, eta diskoa biribildu egin dute. Baxua Dieguillok (Quemando Ruedas) defendatuko du eta ahotsean, berriz, Txetxu, Parabellum taldean ibilitakoa izango dugu. Abesti bat euskaraz.

Idi Bihotz
"Infernuaren azken hauspoan"  • Oihuka
"Infernuaren azken hauspoan" Idi Bihotz taldearen bideo lanaren izena da. Hiru disko kaleratu ondoren, soinua eta irudia batera dakarzkigute bilbotarrek. Urriaren 11n Basauriko jaietan grabatutako kontzertua da bideoaren oinarria. Horrez gain, diskoaren grabaketan jasotako irudiak ere ikus daitezke eta baita Bilboko Gas plazan eskainitako kontzertuaren zatiak ere. Idizaleentzat pentsatutako bideo lan hau egiteko ez dira txorakerietan ibili: lau kamera eta produkzio txukuna.

Kuraia
"Kuraia" • Metak
Abeslaria Fernando, El Corazon del Sapo taldekoa, euskaraz eta espero zitekeena baino txukunago, gainera. Egitasmo honen beste eragilea Joseba Ponce da, Dut taldeko abeslari eta baxujolea. Laguntzaile beste bi musikari ezagun izan dituzte Galder (Dut) eta Mikel Kazalis (Anestesia, 2kate, Negu Gorriak). "Biluzik" abestian erakutsi bezala, punk-rock eskolan, abesteko teknika ondo landuta duen Fernandoren ahotsak egin beharrekoak egiten ditu. Ederki, gainera.

Betagarri
Remix  • Metak
"Freaky Festa" aurreko diskoko abestiak ardatz, errebisio lan interesgarriari ekin diote gasteiztarrek. Erremix hauetan ska, funk, dub eta beste hainbat korronteek utzitako egituretan oinarritu dute egokitzapen lana. Bi kantu berri ere badakartzate. Betagarriren aldeko beste kontu bat: grabazio lanetan Kaki Arkarazo gidari izatearen bermea.

Rogelio Botanz
"Tiempo"  • Gaztelupeko Hotsak
Hainbat kolaborazio lan bildu du Rogelio Botanz euskal herritar-kanariarrak oraintxe Durangon aurkeztu behar duen disko honetan. Besteak beste, Tapia eta Leturia eta Arkaitz Miner. Lan honetan euskara, gaztelania eta guantxea tartekatu ditu, kantautore bikaina dela erakutsiaz. Pop doinuak, folk izaera, Kanariar Irlak eta Euskal Herria nahastuta daude diskoan, digi-pack berezian jasoa.

Berri Txarrak
"Eskuak/ukabilak" • Oihuka
Nafarren azken diskoa urteak emandako berri garrantzitsuenetakoa izan da. "Ikasten" lehen diskoarekin euskal musika gogorrari arnas berria eman zioten, eta "Eskuak/ukabilak" azken lanari, aldiz, eskubete heldutasuna dario. Ez da lehen entzunaldian sartzen den disko horietakoa, hiruzpalau aldiz pintxatu beharrekoa baizik. Kantu benetan gogorrak ditu, mailukada modukoak,  "Oihu" edo "Zirku", kasu. Beste batzuk, berriz, beren gogorrean, samurragoak dira, "Biziraun", "Eskuak" edo "Ebidenteegia", adibidez. Disko erabat gomendagarria.

Askoren artean
"Nafarroa, hitza dantzan"  • Gor
Nafarroako Bertsozale Elkartearen eta Gor disketxearen arteko elkarlanaren fruitua da "Nafarroa, hitza dantzan" harribitxia. Bertsolari gazteek bertsoak paratu eta musikariek beren erritmoetara ekarri dituzte; oztopoak oztopo, Nafarroan euskal hitzak dantza frango egiten duela erakutsiaz. Hona hemen bertsolari eta taldeen artean sortutako binomio politetako batzuk: Estitxu Arozena (Barricada), Aritz Saragueta (Berri Txarrak), Xabier Terreros (Buitraker), Ekintza Landa (Dank), Iñigo Ibarra (Leihotikan), Oskar Estanga (Marea), Iñigo Olaetxea (Petti) eta Pello Goikoetxea (Tijuana in Blue). Bota punttuba, txo!

Askoren artean
"Hamar urtez bideoan"  • Gor
Azaroan bete zuen Gor disketxe nafarrak hamargarren urteurrena, eta hori dela eta, kontzertu erraldoi eta arrakastatsua antolatu zuen Bergarako Jam aretoan. Kontzertu hartako irudirik ez, baina hamarkada honek eman duen uzta irudietan bildu dute Gor-eko lagunek, 1992tik gaur egunera arte disketxetik igaro diren zenbait talderen bideoklipak eta zuzeneko emanaldiak bilduz, besteak beste. Horien artean dira, esaterako, Parabellum, Balerdi Balerdi, Exkixu, Kojon Prieto y los Huajalotes, Hemendik At eta Berri Txarrak taldeak.

Utikan
"Bidea"   • IZ
Maiatzean kaleratu zen arren, Utikan taldearen "Bidea" Durangoko Azokan kontuan hartu beharreko lan horietako bat da. Donostiarrek aldaketa handia egin dute "Zurrubiloa" diskotik hona, beren abestiak biluztu, soildu, erraztu eta mozorrorik gabeko rockaren esparrura ekarrita. Konposizioetan heldutasuna dario boskoteari, eta lan osoa kontzeptu baten babesean biltzeko ahalegin handia nabari da. Haritz Harreguyk ekoizturiko diskoa da, eta soinua bikaina du. Hamar kantu ederrek osatzen dute diskoa, baina guztien gainetik "Bidea"k eta "Heriotz zigorra"k  merezi dute aipamena.