GetxoPhoto jaialdia azken txanpan sartu da

GetxoPhoto jaialdia azken txanpan sartu da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/getxophoto-jaialdia-azken-txanpan-sartu-da/@@download/image/getxophoto_1_1380093414.jpg
2013/09/25
berria
GetxoPhoto jaialdia azken txanpan sartu da
Euskal Herriko argazkigintza jaialdirik handienetakoa denak, GetxoPhotok, zazpigarren edizioa izan du aurtengoa, eta dagoeneko azken txanpan sartu da. Abuztuaren 29an hasi zen, eta igandera bitarte ametsa oinarri duten lanak ikusgai izango dira oraindik hiriko kale eta aretoetan.


Christian Caujolle komisario frantsesaren gidaritzapean, indar handiz abiatu zen joan den hilaren amaieran GetxoPhoto argazkigintza jaialdia. Ametsen mundua izan dute oinarri aurtengo irudiek, beronen errepresentazio bisuala, eta tamaina handiko oihaletan, karteletan… eta baita ohiko fotokopia eta esku-orrietan ere izan dira ikusgai, herritarren eguneroko bizitzaren parte bilakaturik. Erakusketa nagusia Ereagako hondartzatik Algortako Portu Zaharrera bitarteko ibilbidean kokatu dute, baina hiriko aretoetan ere hamaika lan izan dira ikusgai.

Dena den, jaialdiari dimentsio zabalago bat eman eta artista nahiz ikusleen parte hartzea sustatzeko, erakusketetatik haratagoko egutegia osatu dute antolatzaileek. Tailerrak, hitzaldiak, bisita gidatuak, proiekzioak… egin dituzte hilabete osoan zehar.

Baina aurtengo berritasun nagusia Encerrona edo segada izeneko ekitaldia izan da. Abuztuaren 30ean egin zuten, eta Jordi Socias eta Monica Allende editore grafikoek, Cristina De Middel argazkilari espainiarrak, Blanca Berlin Madrilgo galeriako buruak, Aitor Ortiz argazkilariak… eta gaian adituak diren beste hainbat pertsona ezagunek hartu zuten parte, ekitaldirako izena eman zuten herritarrekin batera. Hizketaldiak, elkarrizketak, baita bazkaria ere!, egin zituzten ideiak elkarbanatu eta gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko, eta Yosigo Have a Nice Book eta Photobook Jockey proiektuak aurezktu zituzten.

Hori bai, datorren urtean ekintza honetan parte hartu nahi izanez gero, aldez aurretik eman behar da izena.

Honenbestez, aprobetxatu jaialdiaren azken egunak oraindik ikusi ez dituzuen lanez gozatzeko.