Gerraren aurpegi gazteak

Gerraren aurpegi gazteak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gerraren-aurpegi-gazteak/@@download/image/201112121288his_1361223495.jpg
2011/12/02
erreportajea
Testua eta argazkiak: Karlos Zurutuza
Gerrak zure etxeko atea jo eta bota egin du. Eta orain zer? zu bezalako gazteei luzatu diegu galdera.

Hisham, 15 urte. Najaf (Irak).
Gerra batetik, eta ikasle txarra nintzela bestetik, laugarren mailan utzi nituen ikasketak. Gaur munduko hilerri handienean lan egiten dut. Diotenez, milioika gorpu daude hemen. Erromesentzat perfumea saltzen dut bertan, bisitariek hildakoak omentzeko erosten dute. Egunsentian iristen naiz nire postura eta ilunabarrean bukatzen dut. Egun arrunt batean 10.000 dinar (9 euro) ateratzen ditut baina ostiraletan, edo jai egun batean, horren bikoitza atera dezaket, erraz. Aukeran, polizia edo soldadu sartuko nintzateke. Kontua da ez dauzkadala eskaera orria ordaintzeko behar diren 1.000 dolarrak. Kontakturik ez badaukazu, senideren bat-edo, kantitate hori eman behar diozu funtzionario bati. Edonola ere, bertan hilobiratzea nahi dut, hauxe baita horretarako munduko tokirik onena.

Shukria, 35 urte. Kabul (Afganistan).

Hautagaia naiz Afganistango Parlamenturako hauteskundeetan. 2.500 hautagaien artean, 410 emakume gaude. Kanpainan zehar, hiru hautagai eta zazpi langile boluntario akabatu dituzte talibanek, eta beste hamar euren eskuetan daude oraindik, bahituta. Hasieratik banekien hau ez zela erraza izango. Azken hilabetean zehar makina bat heriotza mehatxu jaso ditut, baita aipatu nahi ez ditudan hamaika irain ere. Jakin badakit arriskua ez dela hauteskundeekin batera amaituko; hautatua izan ala ez, beti arriskuan jarraituko dudalakoan nago. Lagunek, senideek, denek esaten zidaten ez aurkezteko, arriskuan ez jartzeko nire bizitza. Baina, zer egin dezakegu Afganistango emakumeok bestela? Burka azpian betirako ezkutatu? Hiltzeko prest nago bertako emakumeoi laguntzearren.

Rufin, 24 urte. Quetta (Pakistan).

Talibanez josita dago nire herria eta, batez ere, nire auzoa. Diotenez, euren buruzagi nagusia ere bertan bizi da. Egia ala ez, toki hau arriskutsua da oso, eta are arriskutsuagoa kristauontzat. Batzuk harrituta gelditzen dira hemen ere kristauak daudela entzutean. Tamalez, gero eta gutxiago gara Quettan eta, oro har, Pakistanen. Muturreko islamistek gutako asko akabatu dituzte eta beste asko alde egiten saiatu dira. Baina, nora jo? Afganistanera? Iranera? Inork ez gaitu nahi, ez hemen, eta ez inon. Adituek diote gure arbasoak indiar erlijiodunak zirela, kasta baxuenekoak, hain justu. Kristau bihurtzea gizarte mota hartatik ihes egiteko aukera bakarrenetakoa zen. Egia ala ez, Ama Birjina maite dut nik gaur. Mesedez, atera iezadazu argazkia bere alboan.

Manad, 20 urte. Tripoli (Libia).

Ezer gutxi idatzi da gutaz, libiar emakumeoz, gerra hasi zenetik. Gizonezkoek besterik ez dutela borrokatu dirudi, guk ezer egin izan ez bagenu bezala. Emakumeok ere parte handia izan dugu gerra honetan. Eta ez naiz ari familiak errefuxiatu guneetan babesteaz soilik, edota gerlarientzat bazkaria prestatzeaz… Ni, adibidez, dirua biltzen ibili nintzen gerlarientzat. Dena ezkutuan egin behar izan nuen, jakina, Tripolin oso arriskutsua baitzen honelakorik egitea Gadafi oraindik hemen zegoela. Auzoko meskitan jasotzen zen diru hori, eta mendietan zeuden gerlariengana bidaltzen zen handik. Aitari ez nion ezer esan erreboltariek Tripoli mendean hartu zuten arte. Nire bi anaiak ihes eginda zeuden, eta nahikoa gogorra zen hura gurasoentzat.

Wafa, 27 urte. Basora (Irak).

Iraken jaio nintzen. Ikusten duzuenez, emakumea eta beltza naiz. Asko gara herrialde honetan baina, ez pentsa, ez ginen atzo iritsi. Gure arbasoak Afrikatik hona ekarritako esklaboak izan ziren, VII. edo VIII. mendean. Izan ere, “esklaboak” deitzen digute, oraindik ere, bertako arabiarrek. Gure azalaren koloreak arazo asko ekarri dizkigu. Esan genezake hamabi ala hamahiru mendez arabiarrekin toki berean bizi izan garela, baina inola ere ez elkarrekin. Kurduak, kristauak edo arabiarrak bezala, herri gisa onartzea eskatzen ari gara. Hala izatekotan, baliteke gure egoera hobetzea. Ikaragarria da analfabetismo tasa gurean, eta are handiagoa emakumeen artean. Hamarretik batek baino ez daki irakurtzen. Gaur irakasle boluntarioa naiz nire jendeari lagundu ahal izateko. Gerra batean fronte bat baino gehiago dago beti, eta irakaskuntza da nirea.

Umit, 26 urte. Ekialdeko Balutxistan (Pakistango hegoaldea).

Ez nuela borrokatuko esaten nuen beti. Baina pakistandarrek nire anaia torturatu eta akabatu zutenean, iritziz aldatu nuen. Mendekua bilatzeko baino gehiago, biziraupen hutsa bilakatu da arma bat eskuratzea gurean. Zer egin dezakegu? Atxiloketaren zain gelditu gure herrixketan? Ziur nago lehenago hilko nintzela han hemen baino. Gerlariak gara denok Afganistango mugako mendiotan. Hogei gara gure taldean. Pakistango ejerzitoaren kontrako ekintzak burutzen ditugu: errepideko bonbak jarri, komunikazio posteak txikitu… Ahal dela, soldaduen kontrako enboskadak ere bideratzen ditugu. Hauxe da arriskutsuena, guk baino askoz ere arma hobeak baitauzkate. Unibertsitatera joatea gustatuko litzaidake, injinerutza-edo ikasteko, baina, momentuz, badakit hori ez dela posible izango.

Bilad, 17 urte. Basora (Irak).

Ez pentsa honako hau gure ohiko zeremonietan egiten dugunik beti. Mirari bat da, Jainkoa badela froga argia. Derbitxeok gai gara honako mirariak egiteko, handia baita gure fedea. Askotan muturreko islamistak garela diote eta Al Kaedarekin ere maiz lotu gaituzte. Dena gezurra da; izan ere, Al Kaedak gutako asko akabatu ditu 2003tik, gerra piztu zenetik herexeak garela diote. Datorren urtean Bagdadeko unibertsitatera joango naiz. Ingeles filologia ikasi nahi dut bertan. Irakaslea izan nahi nuke geroan hemen, Iraken, baina aurretik atzerrira joan. Izugarri gustatuko litzaidake Europa eta Amerika bisitatzea. Zaila al da bisa bat lortzea? Lagunduko zenidake?

Diwan eta Ashen, 24 eta 20 urte. Kandil mendiak (Iraken mendeko Kurdistan).

Zergatik sartu ginen gerlari? Ipar Kurdistanen (Turkia hegoaldean) oso egoera gogorrean bizi gara kurduok. Turkiak ez ditu gure oinarrizko giza eskubideak errespetatzen eta itzela da gure gaineko errepresioa. Bestetik, gauzak are zailagoak dira emakumeontzat. Funtsean, etxe barruan bizitzera kondenaturik gaude, familia erraldoiak hazten eta gizonezkoak zerbitzatzen beti. Gerrilla da, hain justu, irtenbide bakarra askorentzat. Hemen ez dago sexuon arteko desberdintasunik. Gizon eta emakumeok batera borrokatzen dugu. Herri eta hiri kurduetan hala beharko luke, denok elkarrekin, denok berdin.

Karim, 27 urte. Bir Ghanam (Libia).

Ezin esan gerrak nire etxeko atea jo zuenik. Ni Manchesterren (EEBB) jaio nintzen, eta hantxe nengoen Libiako gerra joan zen otsailean piztu zenean. Nire gurasoak, baina, Libian jaioak dira eta ni ere libiarra naizela erakutsi zidaten txikitatik. Unibertsitate ikasketak amaitzear nengoen gerra Libian piztu zenean. Aste gutxiren buruan bertaratu nintzen. Nire gurasoek ez zuten ni hona etortzerik nahi, baina erabaki zuzena hartu nuelakoan nago ni. “Zergatik jaio nintzen atzerrian? Errefuxiatu politikoak zinetelako, ez da hala?”, erantzun nien. Gerra amaitzean ikasketak bukatu nahiko nituzke. Oraindik ez dut erabaki Libiara etorriko naizen etorkizunean. Askotan pentsatu dut atzerritarra sentituko naizela beti, edonon egonda ere.

Nassar, 29 urte. Basora (Irak).

Nassar dut izena eta hauxe nire semea da, Mohamed. Minbizia dauka.
Izurrite honek ume asko eraman ditu Basoran, nire alabatxoa horien artean. Duela bi urte hil zen. Zazpi urte zituen. Mohamedi minbizia diagnostikatu zioten iaz. Bere prozesua hasi zenean, ezin nuen ospitalera bueltatu; eraikina ikuste hutsak nire alabarekin bizi izandakoa ekartzen zidan gogora. Nire hiru seme-alabetatik bi jo ditu jada gaixotasun honek. 91ko gerran, amerikarrek uranioa zuten bonbak bota zituzten hemen. Basora arma berriak probatzeko gune bilakatu zen. Diotenez, euren soldadu asko ere minbiziak jo zituen. “Suntsipen handiko arma” haien bila etorri ziren, baina dena gezurra zen. Beraiek zeuzkaten, gure gainean bota zituzten. Gure bizitza desegin dute.

Fikria, 15 urte. Kabul (Afganistan).

Duela bi urtera arte, txikleak saltzen nituen kalean. Gehienetan, errepide erdian jarri eta auto gidariengana joaten nintzen; leihoa jo eta dirua eskatu. Ez nintzen eskolara joaten nire gurasoek dirua behar zutelako. Bi anaia eta ahizpa bat dauzkat. Zarina Malshafar abeslaria telebistan ikusi nuenean lehenengo aldiz, orduantxe ikusi nuen txeloa zer zen. Mutil bat zegoen bere alboan, eserita. “Bere bibolina handiegia da”, pentsatu nuen orduan. Hein batean, bibolin erraldoi bat da hau. GKE bati esker sartu nintzen eskola honetan eta 20 urterekin utziko dut. Atera orduko, ikasketa arruntak eta musikakoak bukatuta izango ditut. Musikari famatu izan nahi nuke, telebistan ateratzeko eta munduan zehar bidaiatzeko.

Sara, 26 urte. Jefren (Libia).

Gerra bortitza jasan berri dugu Libian. Zorionez, dagoeneko bukatu dela dirudi, bai eta Gadafiren 40 urteko diktadura ere. Libiako berberea naiz, baina guk Amazigh deitzen diogu gure buruari. Gadafiren garaian ezin genuen gure hizkuntzaz idatzi, ez eta ikasi ere. Debekatuta zegoen eta asko espetxean sartu zituzten gure kulturari nola edo hala eutsi izanagatik. Gerra garaian eskolak ematen nizkien Jefren nire herriko umeei. Nolanahi, hizkuntza irakastea baino gehiago, txikiak babestea genuen helburu nagusi. Jefrenen bonba ugari jaso genituen gerra garaian eta oso arriskutsua zen kaletik ibiltzea. Kanpoko bonbardaketen hots haiek “trumoiak” zirela esaten genien umeei, ekaitza zetorrela. "Wari" esaten diogu ekaitzari gure hizkuntzaz. Bazekiten gezurra zela baina, tira, hala igarotzen genituen egunak Jefrenen.

Fast Genri, 25 urte. Sujum (Abkhazia).

Oso txikia nintzen gerrak eztanda egin zuenean. Sujumdik alde egin genuen eta suntsipena zen nagusi bueltatu ginenean. Hip hopa egiten dut, hauxe nire sentimenduak adierazteko modua. Maitasunaz hitz egiten dut, eta inoiz ez politikaz ala gerraz. Tamalez, oso jende gutxik ulertzen ditu nire kantak, nire hizkuntzaz, abkhazieraz, egiten baitut beti. Etxeek eta azpiegiturek baino askoz ere kalte handiagoa sufritu du gure hizkuntzak, eta ezin leporatu dena gerrari. Batzuek utzikeria hutsagatik eutsi diote errusierari, huraxe baita denok menderatzen dugun hizkuntza handia hemen. Ez dio axola, ez baitut inoiz estadioak betetzeko asmorik izan; gertukoentzat abestea nahiago. Abkhaziar atsotitz batek honela dio: “Gizon baten hizkuntza bere sendagaia da”. Hein batean, nire kantek gerraren zauriak sendatuko dituztelakoan nago ni.