Genero indarkeria: emakumeen minbizia

Genero indarkeria: emakumeen minbizia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/genero-indarkeria-emakumeen-minbizia/@@download/image/48p23-1_1366976701.jpg
2005/01/07
erreportajea
Genero indarkeria: emakumeen minbizia
Genero indarkeria gaur egungo gizartearen minbizia da. 2004an, bederatzi emakume hil ziren Euskal Herrian, tratu txarren ondorioz. Gaiak adar asko ditu, eta batzuk zorrozten saiatu gara. Zerk bultzatzen du zenbait gizon emakumeak erasotzera? Txikitatik ikasten al dira halako portaera bortitzak? 

Zoritxarrez, emakumearen aurkako indarkeria eguneroko albiste da. Beraz, gizartean dagoen errealitate beltz baten ispilu da: makina bat emakumek jasaten dute genero indarkeria. Ertzaintzat eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, iaz 2.030 emakumek salatu zuten genero indarkeria Hego Euskal Herrian, hau da: egunero bost batek! Badira, gainera, beldurrak jota erasotzailea salatu nahi ez duten emakumeak. Salatu ala ez, haren eskuetan hiltzen dira batzuk.

Erasotzaileen artean ez dago adinik

Salaketak jarritako emakume gehienak 35-55 urte bitartekoak dira; hala ere, gehienak gazteak dira.

Erasotzaileei dagokienez, ez dago adinik. Hala dio Javier Madina psikologo donostiarrak: "Muturreko kasuetan helduak dira nagusi, baina gazteak ere badira".  

Madinak erasotzaileekin terapiak egiten ditu, eta dioenez, ez dago erasotzailearen profil psikologiko jakina zehazterik, baina guztiek ezaugarri komunak dituzte: oso matxistak dira, emakumea gutxiesten dute, oldarkorrak dira… "Halako jarrera bortitzak ez dira derrigor haurtzarotik antzematen: Batzuk bortitzak dira txikitatik, familiarekin, lagunekin… eta jarrera hori mantentzen dute bikotekidearekin, eta seme-alabekin. Hala ere, gehienek bizitza normala dute, eta ez dirudi arazoak dituztenik; baina, batzuetan, bortitzak dira bikotekidearekin. Halako erasotzaileak ezin dira aldez aurretik antzeman".

Gizonezkoak etxeko errege

Zerk bultzatzen du pertsona bat ondoko emakumea erasotzera?
Esaten denez, etxean ikusitakoak eragina du pertsonen jarreran eta portaeran. Haur batek, bere ama aitaren menpeko, erabakirik hartzeko gaitasunik gabe, eta besteen gutizien zerbitzura ikusi badu, etorkizunean bikotekidea hala ikusiko duela pentsa daiteke. Madinaren ustez, kasu batzuetan hori horrela da, eta emakumeak gizonezkoak egindako irudiarekin bat egiten ez duenean, matxinatzen denean, orduan sortzen dira erasoak. "Hala ere, erasotzaile asko askeago hezi dituzte. Kontua da, etxean errege izan direla, eta status horri eutsi nahi diotela. Edozein kasutan, emakumea gizonaren zerbitzari izan nahi ez duenean, orduan hasiko dira arazoak".

Beraz, neskak eta mutilak berdintasunean heztea ezinbestekoa da halako portaerak saihesteko. Etxea litzateke landu beharreko lehen esparrua, baina ikastetxean ere lan handia egin behar da. "Gaur egungo neska-mutilek garai batean baino heziketa zuzenagoa dute, baina oraindik ere okerreko portaerak ikus daitezke eskoletan: esaterako, gaztetxo askok mutilek pribilejioak dituztela uste dute".

Berdintasuna ezinbesteko

Azken urteetan, neska-mutilak berdintasunean hezteko eta genero indarkeria aurreikusteko programak abiatu dituzte ikastetxeetan. Esaterako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, "Nahiko" programa abiatu zuen duela bi urte. Bizkaiko ikastetxe batean eta Gipuzkoako hiru ikastetxetan garatzen ari dira  programa hori, tartean Idiazabalgo herri eskolan. "Gure eskolan berdintasunean hezi gaituzte, baina zenbait kasutan, mutilek neskak baztertzen dituzte. Gainera, neskak eta mutilak taldeka ibili ohi dira, elkarrekin nahastu gabe. Programa egiten hasi ginenetik hori guztia aldatzen ari da", dio Joseba Arrizabala Idiazabalgo herri eskolako ikasleak. Iritzi berekoa da Maialen Mendizabal ikaslea ere: "Gaur egun, lagun artean neska-mutilak batera ibili ohi gara, nahastuta, eta hori ona da".

Josune Jauregi bertako ikasleak ere begi onez ikusi du ekimena: "Hiru esparrutan lan egiten dugu: ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Neska-mutilek etxean ikusitako eredua errepikatzen dute, eta etxean berdintasunik ez badago, haurrak emakumea gutxietsi dezake. Eskolan, bestelako eredua jasoko du, ordea".

Azken urteetan kasu gehiago

Esan bezala, genero indarkeria eguneroko kontua da. Estatistiken arabera, kasuen bataz bestekoa gora egiten ari da nabarmen. Zergatik? Madinak eman digu erantzuna: "Garai batean, emakumeak isildu egiten ziren, eta ez zuten harremana bertan behera uzten. Azken 30 urtetan, ordea, emakumeen artean bilakaera garrantzitsua gertatu da: emakume asko ez daude halako portaerak jasateko prest, eta genero indarkeria emanez gero, bertan behera uzten dute harremana. Horrek gizonaren portaera bortitza areagotzen du, eta zenbaitetan kasua hilketan amaitzen da".

Eta gizonekin zer gertatu da? "Gizonak atzera geratu dira. Dagoeneko ez dira klan-aren buruzagiak, eta horrek ezinegona sortzen die. Ez dituzte errealitate horri aurre egiteko baliabideak, eta galduta daude", esan digu psikologo donostiarrak.

Bederatzi emakume hilik 2004an



Otsailak 3
33 urteko emakume haurduna hil zen, mutil-lagunak erasotu, eta 4.solairuan kokatutako leiho batetik erori ondoren. Emakumeak, bost salaketa jarriak zituen bikotekidearen aurka.

Otsailak 15
34 urteko emakume haurduna eta bost urteko alaba hil zituen gizon batek, Hendaian. Senarrak adierazi zuenez, “beste emakume batekin oso maiteminduta” zegoen, eta horregatik hil zituen emakumea eta alaba.

Ekainak 30
60 urteko aiegiarra tiroz erail zuen senar ohiak, eta ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Senar ohiak denboraldi luzea zeraman emazte ohiaren atzetik, eta emakumea beldurrak jota bizi zen.

Irailak 27
27 urteko emakumea hil zen Bilboko Otxarkoaga auzoan, ustez mutil-lagun ohiak emandako labankadaz. Hilketa eztabaida baten ondoren jazo zen.Irailak 27Arreba hil eta ama larriki zauritu zituen labankadaz gizon batek, Bilbon.

Azaroak 23
Bi neska adingabeko erre zituen ustez haietako baten bikotekide ohiak,  Santurtzin.

Abenduak 12
54 urteko emakumea hilda agertu zen Basauriko etxean, ustez senarrak emandako labankadaren ondorioz. Bikotea bereizteko prozesuan zegoen.

Gizona pertsona bihurtu



Inor ez da bortitz jaiotzen. Bortizkeria, bizitzako beste jarrera eta portaerak bezala, ikasitakoa da. Amikeco elkarteak indarkeria jarrerak gainditu nahi dituzten gizonentzako terapiak egiten ditu Gasteizen eta Bilbon. Elkarteko psikologo eta gizarte hezitzaileek argi dute ezerk ez duela emakumeenganako indarkeria justifikatzen eta gertaerei aurrea har dakiekeela uste dute, gizon bortitzei pertsona izaten irakatsiz. Amikeco psikologo Izaskun Odriozolak dioenez, "gizonak gainditu egin behar ditu txikitatik buruan sartu dizkioten jokabideak, gizon izanagatik nagusi denaren ustea, alegia. Indarkeriak hor ditu erroak. Gizonak berriro ere pertsona izaten ikasi behar du".

Horretarako jakina, ezinbestekoa da gizonak terapian bere borondatez parte hartzea.   

Zer egin halako kasu baten aurrean?



Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren arabera, genero indarkeria kasuak ugaritzen ari dira emakume gazteen artean. Zer egin zure bikotekideak erasotzen bazaitu?

"Bikotekidea uztea da onena, izan ere, denborarekin bortizkeria areagotu egiten da, eta erasoak maizago izaten dira", esan digu Madinak.

Bestalde, erasotzailea salatzea komeni da. Dena dela, kasu honetan gauza bat argi izan behar da. "Legeak ez du errealitatearekin bat egiten, eta emakumeak babesik gabe geratu ohi dira salaketa egin ondoren. Horregatik, emakume askok ez dute erasotzailea salatzen". Iaz 1.575 kasu salatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta erasotzaileen %25 besterik ez zituzten atxilotu.

Salaketa eginez gero, zure udaletxera jo dezakezu. Izan ere, herri gehienetan, laguntza eskaintzen dute genero indarkeria jasandako emakumeentzat: dirulaguntzak, aholkularitza, etxebizitza