GAZTEZULOren gomendioak Liburuaren Nazioarteko Egunean

GAZTEZULOren gomendioak Liburuaren Nazioarteko Egunean Zein da egunotan gustura irakurri duzun liburua? Hona gure kuttunen zerrenda! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztezuloren-gomendioak-liburuaren-nazioarteko-egunean/@@download/image/nong-vang-9pw4TKvT3po-unsplash.jpg
2020/04/23
berria
Zein da egunotan gustura irakurri duzun liburua? Hona gure kuttunen zerrenda!
GAZTEZULOren gomendioak Liburuaren Nazioarteko Egunean
AITAREN ETXEA, KARMELE JAIO
"Nire aitaren etxea defendituko dut” idatzi zuen Gabriel Arestik 1960ko hamarkadan. ia hirurogei urte geroago, Karmele Jaiok irudi bera ekarri nahi izan du gogora bere azken nobela ‘aitaren etxea’ izendatuta, gizonentzat egindako mundu batean gaudela adierazten duena. Genero arauek emakume zein gizonengan duten eragina nabarmendu du liburuko pertsonaien bitartez eta egileak aipatu duen moduan, “Arau horiek dena zeharkatzen dute, aberriaren defentsa zein gauza intimoagoak, maitemintzea kasu”.
  

 

 

 

HITZEN AHAIREA, GOTZON BARANDIARAN

 Gotzon Barandiaran literatura eta musikaren arteko zubi-lanean arakatzen ibili da azken urteetan Rafa Ruedarekin batera, idazleen eta musikarien artean izandako elkarlanak aztertzen: gaitegian izandako aldaketak, garai historikoak, egileak... Emakumeek idatzitako testuekin oso kantu gutxi egin direla azpimarratu du Barandiaranek eta isildutakoen historia kontatzearen premia nabarmendu du, baita joera kontserbadoreak iraultzen hastekoa ere. XXI. mendeko kantagintzak ekarriko ote digu horrelakorik?
 
 
 
 
MECANOGRAFIAK, HARKAITZ CANO 
Irati Jimenezek Harkaitz Canoren hogeita zazpi ipuin bildu ditu antologia honetan, aurrez liburuetan, prentsan zein lan kolektiboetan plazaratutakoak. Narrazio hauen bidez, besteak beste, Canoren umorea, ironia fina, bihurrikeria, zorroztasuna, irudimena eta jakinduria suma daitezke, bere maisutasuna azken finean. Ipuingintza maite dugunontzat ezinbesteko irakurketa gozagarria. Irakurri eta ikas dezagun, lagun.

 

AHAZTEN DIREN GAUZAK ARITZ GORROTXATEGI

Bederatzi narrazio idatzi ditu Gorrotxategik liburu honetan, memoriaren presentzia dutenak euren baitan. Eguneroko bizitzan identifika ditzakegun egoera zehatzetan jarri du fokua baina atzean tragedia handiagoak sumatzen ditugu, dramatismorik gabe kontatzen diren arren. Etorkinak, lantokiko sexu-jazarpena eta euskal gatazka ditu,besteak beste, kontakizunen ardatzeko gaiak. Zeure esku dago ipuin hauek irakurtzea, eta baita eurak ahaztea ala ez ere. 
 
 
 

AMEK EZ DUTE, KATIXA AGIRRE  

Nobelaren hasieran gertaera lazgarri baten berri izango du irakurleak: ama batek bere ume bikiak bainuontzian ito ditu eta umeen zaintzaileak topatu ditu ama eta bi gorpuak ohe gainean. Liburuaren protagonista erditzear dagoen emakume idazlea da, amatasunaren hastapenetan honen berri jakingo duena. Bi egoeren bateratzeak astinaldi handia emango dio, obsesionatu egingo da gaiarekin eta ikertu egin nahiko du, amatasuna ulertzeko ahaleginetan.
 
 
 
 
  FEMINISMOA DENON KONTUA DA. POLITIKA PASIO, BELL HOOKS
Bell Hooks idazle, irakasle eta aktibista sozialak Ipar Amerikako mugimendu feminista aztertu zuen, hainbat alorretan fokua jarrita: gorputza, lana eta familia, sexu askatasuna, soldata parekidetasuna, indarkeria, arraza, klasea eta abar. Feminismo erradikalera lerratzen du bere burua, patriarkatu kapitalista deuseztatu eta egiteko eta izateko beste modu batzuk bilatzeko bide bakartzat baitu. Argi utzi nahi izan du feminismoak emakume, gizon zein umeak askatuko gaituela, denontzat dela onuragarria. Liburu hau irakurtzea abiapuntu ona da askatasunerako bidean. 
 
 
 
 
KAMISOI ZURI ZETAZKOA, ALAINE AGIRRE  
Hamaika urteko neskatoa ingeleseko kanpalekuetara joan da bere gorputza pubertateko aldaketekin hasi berritan dela. Ez da egoera berrira ohitu oraindik eta deseroso sentitzen da. Kanpamentuko monitoreetako bat berarengana gerturatuko da, gero eta maiztasun handiagoz, eta irakurleak sumatuko du istorioaren garapena zein izango den, protagonistak arrastorik ez izan arren. Agirrek, hitzez adierazi ordez, erakutsi egiten du, sotiltasunez eta dotoreziaz, Sara Moranteren ilustrazio ederren laguntzaz.
 
 
 
 
EZ DA ERDITZEA, IONE GOROSTARZU

Bigarren liburu poema kaleratu berri du idazle berastegiarrak, 2012n argitaratutako Des egiten obraren ondotik. Jauzia nabari da orduko lan hartatik hona, bizi esperientziek hazitakotik mamitutako poemak baitira. Amatasunaz, maitasunaz, erakargarri sentitzeaz, bikote harremanaz, belaunaldi arteko ikuspuntu-talkez, gizakion animaltasunaz eta beste hainbat konturi buruz idatzi du Gorostarzuk. Poema bakoitzak utziko dizu arrastoa eta nahi beste eman: zer sentitu eta zer pentsatu.

 
AIRE IKUSEZINA, OIER GUILLAN BERMUDEZ 
Antzerki obra honetan ikusezintasuna da protagonista. Aretozain batek Aire ikusezina filmaren proiekzioa eten du bera ikusgarria den ziurtatzeko. Izan ere, amak ikusezina dela aitortu dio. Galdeketa bati egin beharko dio aurre ordea eta ama desagertu egin ote den zalantza sortuko da, baita berak desagerpenean zerikusirik duen ere. Amets galduez, amatasunaz, elkarri begiratu eta elkar ikusteaz egin du gogoeta Guillenek obra misteriotsu eta erakargarri honetan. Gauza bakarra falta zaio: aktoreen laguntzaz bizia ematea istorioari.
 

 

Permafrost, Eva Baltasar
“Feminitatea aldarrikatzen du poro guztietatik: burua kaskamotz eta ile-hori, berriki depilatutako alua bezala, begiak izotz hautsia bezalakoak, bular luze eta konstanteak atsedenean dauden mihiak dirudite. Bere mihia aldiz beste pertsona bat zen, nire plazeraren esklabo”. Horrelaxe idazten du Permafrost-eko protagonistak. Eva Baltasar poeta katalanaren lehen nobela da hauxe. Bertan, lesbiana gazte baten bizitzako zenbait momentu narratzen ditu. Protagonista oso sentsuala da eta umoretsua. Hori bai, ez dago maitemintzeko prest. Ez soilik maitasun erromantikoa, baizik eta maitasuna bere horretan sartzen den edozein arrakala isten saiatzen da. Berak bere burua lurrazpiko beti izoztuta dagoen geruza bat bezala irudikatzen du. Liburuko kapitulu bakoitza urtzen den gune bat da, bere zentroa den pentsaezinezko samurtasunera hurbilduz.

Le Cœur à rire et à pleurer: contes vrais de mon enfance, Maryse Condé
Condé Guadalupe irlakoa da. Haurtzaroan behartuta joaten zen bere gurasoekin Frantzia kolonilazitzailearen plazara, hauek miretsi egiten baitzituzten eta bertakoa errefusatu. Bertan, neskato ile-hori bat ezagutu zuen eta zenbait arratsaldez haur hark jipoitua izan zen, denek ezikusiarena egin zutelarik. “Merezi duzu beltza izateagatik” zioen umeak. Oroitzapen horretatik abiatuz Condé idazleak bere lurrak dituen, eta oraindik orbaindu gabe dauden, aitzinako gorroto eta beldurrak biltzen ditu. Memoria autobiografiko honek 2018an “Nobel alternatibo” saria jaso zuen.

 
Ese verano a oscuras, Mariana Enriquez
Enriquez-en obran beldurgarria egunerokoarekin bizi da. 1989ko uda krisi ekonomiko baten erdian igarotzen da, argi etenekin eta azokekin. Porroak errez, musika entzunez eta serieko hiltzaileen istorioak irakurriz bizirauten dute bi neska nerabek. Egun batean euren eraikinean bizi den gizonezko batek bere emaztea eta alaba hiltzen ditu. Krimena ikusgarria eta makabroa da, eguneroko abulia estaltzen du ohartzean hiltzailea ez dela urrutiko munstro bat, egunero alai agurtzen zituen tipoa dela.

Los cuentos de Linnet Muir, Mavis Gallant
Negatiboa, etsikorra eta subertsiboa, hiru gauza horiek ezin izan zarela ohartarazi dizute. Ezta sediziogilea, lizunkoia, iluna, ironikoa, intelektuala edota oldarkorra. Linnet Muir-ek dio jarraibide horiek jaso zituela Bigarren Gerra Mundialaren garaian lanean hasi zenean. Gizonen munduan mugitu beharko du emakumezko protagonista bakarti bezain ausartak.

 

Una nena muy blanca, Mariana Komiseroff
Hiru urterekin etxeko istripu batean hiltzera bideratuta zegoen Ely. Pronostikoei aurre eginez ordea biziraun egiten du. Bere ahizpa Jésica-rekin nerabe bilakatzen da eta hainbat galdera planteatzen ditu: Zein da bere benetako ama? Non dago Verónica, bere ahizpa zaharrena? Zer egiten zion bere amaren mutil lagunak neska hari bainugelan sartzen zirenean? Eleberri hau salaketa modu bat da, non unibertso familiarrek biolentziaren oihartzun unibertsala duten.

Temporada de huracanes, Fernanda Melchor
Melchor mexikar idazleak, orain dela urte batzuk hilketa baten albiste bat irakurri zuen. Sorgintzat zuten emakume batena. Poliziak zioenez hiltzailea harrapatu zuten: bere amorante izandakoa. Gizonezko honek emakumea hil omen zuen emakumeak bere besoetara itzultzeko sorginkeria egin ziolako. Hori da eleberriaren hasiera, eta behin hasita irentsiko zaitu bere biolentzia eta gordintasunak sorginkeria bat balu bezala.

 

Auguries of innocence, Patti Smith
Patti Smith-ek ez du aurkezpenik behar, egun poesian dabil musika munduan baino gehiago sartuta eta lan hau da horren adierazgarri. Bertan, edertasuna iraultza senarekin batzen da esaldi gogoangarriz gure mundu ikuspegiak aberastuz. Aurten ekainean bere musikaz ere gozatu ahal izango da Azkena rock jaialdian.

 

Bieguni, Olga Tokarczuk
Idazle poloniarrak trama ezberdinetako eleberri bat josten du. “Ez dakigu zein punturaino den giza generoa ezberdina eta errepikaezina indibiduo bakoitzak gure gorputzak suntsipenera kondenatzen baditugu”, dio Blau taxidermistak. Tokarczuk-ek lehenengo pertsonan idatzitako narrazioak akastun fetuak bildumatzen dituztenen narrazioekin tartekatzen ditu. Ez da irakurtzeko erraza, baina merezi du esfortzuak.