Gaztesarean harrapatuta

Gaztesarean harrapatuta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztesarean-harrapatuta/@@download/image/29p35-4_1369220915.jpg
2003/04/04
erreportajea
Vanesa Cerqueira
Gaztesarean harrapatuta
Martxoaren 1etik, denon esku dago Gaztesarea; gazte ipurterre batzuek eginiko internet ataria. Bisitatu eta parte hartu nahi izanez gero, erraza da, gero: www.gaztesarea.info helbidera jo besterik ez duzu.

Gaztesarea egitasmoa berria eta gaztea den arren, urtebete inguruko lanaren ondorioa da. Ezin egonak jota zeuden zenbait gaztek sortu zuten.    

30 gazte ari dira lanean Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egitasmoa aurrera ateratzeko. Gazteok urtebetez aritu dira lanean, gizartean ikusten zituzten gabeziei aurre egiteko asmoz: euskal gazteriaren komunikazio gabezia eta antolakuntza arazoak, besteak beste. Eta arazooi aurre egiteko, internet tresna egokia iruditu zaie. Horregatik sortu dute ataria; "gazteontzako komunikazio proiektu berria", egileen hitzetan.

Ekimenaren helburu nagusia Euskal Herriko gazte sarea osatzea da, ideiak eta esperientziak elkartrukatzeko. "Gaztesarea Euskal Herriko gazteen sarea eraikitzera dator; gogoeta eta eztabaida piztera, gazteen ahotsa entzunaraztera, gazte komunikabide propioak sortzera, eredu eta balore alternatibo eta askatzaileak bultzatzera… Gaztesareak egitasmo partehartzailea izan nahi du, XXI. mendeko gazteria berria, gazteria gorria, bilduko duena", esan digu proiektuaren koordinatzaile Johana Etxeberriak. Antolatzaileek berezko komunikabidetzat ulertzen dute ataria: gazteentzat gazteek egindakoa. Elkarlana bultzatu nahi dute eta euren fisolofiarekin bat egiten duten taldeen eta gazteen ekarpenak jaso. Ondorioz, atariak testuak argitaratzeko aukera ematen du.

Musika, literatura, sexua…

Atariaren egiturari dagokionez, hainbat atal sortu dituzte: Gaztesarea.info (informazio agentzia), Arbela (ikasleen gunea), Musikale (musika), Kalaportu (kultura) Gazte Kale (eztabaida eta gogoetarako atala) eta Gozategi (sexualitatea).

Dena dela, Gaztesareako arduradunek ez dute ekimena internetera mugatu nahi, mundu birtualetik mundu errealera salto egiteko asmoa dute eta. "Egindako lana kaleko mugimenduan islatzea nahi dugu", dio Johanak. Eta horretarako, Plaza Gorria kazeta ere sortu dute, internetetik jaitsi daitekeen eta bakoitzak bere herrian bana dezakeen lau orrialdeko aldizkaria, alegia.

Gaztesareako koordinatzailearen hitzetan, "ez da nahikoa eztabaida gune izatea, gero horrek ez badu eguneroko bizitzan eta Euskal Herriko karriketan eraginik. Plaza Gorria hilabetekariak atariaren berri emango du. Mundu birtualetik kalera jauzi egiteko tresna da".

Lehen zenbakian atariari buruzko informazioa, Justo 68 urteko arrantzale getariarrari eta Iraitz gazte zarauztarrari egindako elkarrizketa eta 'Amuma zaharraren kontsejuak' bildu dituzte. Elkarrizketak oso osorik entzun nahi dituenak atariko irratian egin dezake.

Harpidetza kanpaina

Atarian sartzea doakoa da. Dena dela, Gaztesareakoek atxikimendu kanpaina abiatu dute, harpidetzaren bidez sos batzuk ateratzeko. Izan ere, ekimena martxan jartzeko behar izan duten dirua beren sakeletik atera da, etorkizunean diru laguntzak eskatzea baztertzen ez duten arren.

"Bilboko Sorgintxulo gaztetxea, Santutxuko Jai Batzordea… Dagoeneko zenbait harpidetza egin ditugu, bai pertsonalak zein taldeenak", esan digu Johanak.  Urte osoko harpidetzak 30 euro balio du, eta harpidetzen denak posta zerbitzua erabiltzeko eta bere web gunea atarian jartzeko aukera izango du. Horrez gain, astero atariko boletina jasoko du posta elektronikoan.

Jakin-minak jota bazaude, badakizu nora jo: www.gaztesarea.info helbidera edo Gaztesarea kultur elkartera —Gudarien etorbidea, Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain—.