Gazteei zuzenduriko Bertso Paper Lehiaketa, hamargarrenez Bermeon

Gazteei zuzenduriko Bertso Paper Lehiaketa, hamargarrenez Bermeon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteei-zuzenduriko-bertso-paper-lehiaketa-hamargarrenez-bermeon/@@download/image/bertso_paper_le_1391762501.jpg
2014/02/07
berria
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak X. Bertso Paper Lehiaketa jarri du abian gaztetxoen artean bertsozaletasuna eta sormen lana sustatzeko asmoz. 11 urtetik hemezortzira bitarteko bermeotarrek edota herrian ikasten duten gazteek parte hartu ahal izango dute martxoaren 7a baino lehen.


2004an lehen aldiz antolatu zuen Bermeoko Udaleko Euskara Sailak herriko gazteei zuzenduriko Bertso Paper Lehiaketa; hamar urte geroago, bertsolaritzarekiko afizioa eta beronen zabalkundea nabarmen hazi dira, eta ekimenak aurrera darrai urtez urte, egoera ekonomiko zailari aurre eginez.

Parte hartzaileak bi kategoriatan banaturik lehiatuko dira: 11 eta hamalau urte bitartekoak 1. mailan, eta hamabost eta hemezortzi urte artekoak 2. mailan. Guztiek bermeotarrak ala bertako ikasleak izan beharko dute, baina baldintza horretatik haratago, bai gaia eta baita neurria ere libreak izango dira. Gaztetxoenek 3na bertso aurkeztu beharko dituzte, eta 2. mailakoek lau eta sei bertso artean.

Entrega

Lanak entregatzeko epea martxoaren 7an itxiko dute. Horren aurretik, beraz, ezizenez sinatutako bertso paperak eta egilearen adina ikastetxean utzi beharko dituzte parte hartzaileek, eta ondoren ikastetxea bera izango da ezizenak eta izen-abizenak biltzen dituen zerrenda udalari helaraziko diona.

Epaimahaiak bertsoen kalitatea, estiloa, gaia garatzeko modua eta originaltasuna izango ditu kontuan, eta horiek baloratu ostean, maila bakoitzeko irabazlearen izena jakinaraziko du. Sariaz gain, Nestor Basterretxea aretoan egingo duten sari banaketa ekitaldian beren bertsoak kantatzeko aukera ere izango dute garaileek. Animatu!