Gazteentzako Urruzuno literatur lehiaketa martxan da

Gazteentzako Urruzuno literatur lehiaketa martxan da Batxilergo, Erdi Mailako Heziketa Ziklo, eta DBH 3 eta 4 mailetako ikasleek har dezakete parte poesian edo prosan. Otsailaren 28ra arte aurkez daitezke lanak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteeentzako-urruzuno-literatur-lehiaketa-martxan-da/@@download/image/urruzuno albiste.png
2022/01/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Batxilergo, Erdi Mailako Heziketa Ziklo, eta DBH 3 eta 4 mailetako ikasleek har dezakete parte poesian edo prosan. Otsailaren 28ra arte aurkez daitezke lanak.
Gazteentzako Urruzuno literatur lehiaketa martxan da

Euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatu eta gazteek euskara euren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazteko erabiltzea du xede Urruzuno literatur lehiaketak. Gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta prosa eta poesia arloak biltzen ditu. 

Lehiaketa bi kategoriatan banatu dago: A kategorian Batxilergoko 1. eta 2.mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak daude, eta B-n, berriz, DBHeko 3.eta 4.mailakoak. Literatur lanek euskaraz idatziak eta originalak izan behar dute, eta lehiaketa honetan izena emateko epera bitartean bestelako literatur saririk irabazi gabeak. Lanak bakarkakoak izango dira bi arloetan, eta gaia librea izango da.

Lanen neurriari dagokionez, prosan 5000-15000 karaktere artean idatzi beharko dira A kategorian, eta 4000-12000 artean B-n. Poesian, aldiz, gutxienez 75 lerro izan beharko ditu A-n, eta 50 bestean, nahi izanez gero olerki bat baino gehiagoz osatua. Lanak aurkezteko epea otsailaren 28ra arte egongo da zabalik, eta eskabide-orriarekin batera aurkeztuko dira, word formatuan, atari honetan. Lehen orrialdean lanaren izenburua, egilearen ezizena, arloa eta kategoria jarriko dira soilik. 

Idazlan onenak aukeratzeko, ondoko irizpideak izango ditu kontuan epaimahaiak: irudimena eta sormena, testuaren ezaugarri literarioak, testuaren arintasuna, koherentzia eta kohesioa, hizkuntzaren erabilera zuzena, eta aberastasuna. 

Oinarriak hemen daude kontsultagai.

Bost eguneko egonaldia
Aurkezten diren lan guztietatik, hogei onenak sarituko dira, hamar kategoria bakoitzean, hau da, bost prosa-lan eta bost poesia-lan. Saria bost eguneko egonaldia izango da eta, bertan, idaztearekin zerikusia duten lanketak egiteaz gain, hainbat euskal artista gertu-gertutik ezagutuko dituzte, baita Euskal Herriko zenbait leku ere. Gazteek euskal idazle bat laguntzaile izango dute, une oro. Era berean, ikastetxeen eta irakasleen ahalegina aitortu eta eskertu nahian, lan-kopururik handiena aurkeztu duten bost ikastetxeek ere saria jasoko dute eta, ondorioz, Idazleak Ikastetxeetan programako bina saio egiteko aukera izango dute. Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lanekin, Sagastiberri bilduman.