Gazteak klimagatik kezkatuta eta borrokan

Gazteei buruz aipatzen den aurrejuzgu nagusia euren kezkarik eza eta guztiaz paso egitea da, indibidualismo muturrekoenean bizi balira bezala. Alta, aurreiritzi asko bezala, ez dute funtsik eta errealitatea bestelakoa da. Ikerketa berri baten arabera, gazteak izanagatik kezkaz gainezka daude eta badute horretarako arrazoirik: prekarietatea, berdintasun eza... eta klima.
2013. urtetik klimagatiko kezka haziz joan da. Greenpeace-k argitaratutako txosten baten arabera, klima aldaketa urtez urte postuak irabazten joan da, mundu mailako kezka nagusietako bat bilakatu arte. Gazteentzat batez ere, kezka eta antsietate iturria da eta gehiengoak uste du duena baino garrantzia gutxiago ematen zaiola arazoari.
Krisi klimatikoan bizitzearen ondorioak jada, gaur egun, pairatzen ari gara (ikusi besterik ez daude urri amaierako tenperaturak) eta horregatik, gazteen etorkizuneko kezka iturri nagusietakoa da. 2019an honi irtenbidea ahalik eta azkarren jartzeko grebak eta martxak antolatu ziren mundu osoan zehar.
Koronabirusa iristearekin, ordea, mobilizazioak bertan behera geratu ziren, baina krisi klimatikoaren aurka borrokatzeko ideia indartuz joan da. Pandemia honek erakutsi baitu gure osasuna eta ingurumenarena lotuta doazela. Gazteen gehiengoak uste du koronabirusaren aurka borrokatu den larritasun berberarekin borrokatu behar litzatekeela klima aldaketaren aurka.
Burutu den ikerketa batean, galdetegia pasa zitzaien gazteei eta hauen %97 kezkatuta zeuden krisi klimatikoagatik. Uste dute, ordea, kontzientziazioa falta dela eta ekintza eraginkorrik ez dela burutzen, eta horrek, itzulezinak izango diren ondorioak sorraraziko dituela.
Euren kontzientzia maila propioari dagokionez, uste dute oraindik lan asko dutela egiteke. Laurden batek aitortzen du Klima Aldaketaren Adituek (IPCC) burutzen dituzten txostenak irakurtzen dituztela (%30.2ak). Gazteen %48ak, ordea, ez daki sigla horiek zer diren ere.
Gazteen %66ak etorkizuna modu ezkorrean hautematen du eta hamarretik zortzik uste dute euren gurasoak baino okerrago biziko direla klima aldaketa dela eta. Uste dute pertsona zaurgarrienek pairatuko dutela krisi honen alderik gogorrena, diru-sarrera baxuenak dituztena eta hiri handietan bizi direnak. Argi dute gaur egungo ekintza ezak etorkizun okerragoa utziko diela. Horregatik, galdetegia pasa zitzaien gazteen %82k ekoantsietatea pairatzen dutela aitortu du.
Zer eskatzen dute eta zer egingo lukete beraiek
Krisi klimatikoaren irtenbidea ekonomia-eredua aldatzetik etorriko dela uste du %30ak. %28k jendearen mentalitate aldaketa dela gakoa diote edo ekoizpen eta kontsumoaren murriztea (%27). Gazteen gehiengoa kontziente da erabaki indibidualek aurreko puntu guztietan eragina izan lezaketela.
Gehiengoak kontsumo modelo kontzienteago bat eskatzen du, planetaren mugak kontuan hartzen dituena. Horregatik gazteek garraio publikoa gehiago erabiltzen dute, haragiaren kontsumoa murrizten saiatzen dira, birziklatu egiten dute eta plastikoa ahalik eta gutxien erabiltzen dute. Gazteen gehiengoa, beraz, prest dago euren egunerokotasunean aldaketak burutzeko.
Hori bai, argi dute arazoaren benetako arduradunak erakunde handiak eta instituzioak direla. Galdetegia pasa zaienen gehiengoak dio gehien kutsatzen dutenek zerga gehiago ordaindu behar lituzketela. Eta zuk, zer uste duzu? Zer egiteko prest zaude guztion etorkizunaren alde?