Gazteak 20 kontzertu baino gehiago antolatu ditu urriaren 11n, Tabakaleran
Gazteak, bigarren urtez, Musikaren Eguna ospatuko du Donostiako Tabakaleran. Urriaren 11n, igandean, izango da hitzordua, 11:30etik aurrera, eta 20 euskal talde eta bakarlarik baino gehiagok joko dute bertan.
Askotariko generotako musika entzun ahal izango dute bertaratzen direnek: popa, erritmo urbanoak, elektronika, rocka eta bestelakoak. Ibilbide luzekoak zein hasi berriak izango dira oholtzan. Hauek izango dira, besteak beste, Tabakalerako musika-festan: Zeatikez, Belako, Ttatta, Lukiek, Anne Lukin, Esanezin, Aimarz, XSkara, Kattalina eta Nenufarrak, BARRRK, Garazi Esnaola, Herenegun, Niña Coyote eta Chico Tornado, Libe Kortazar & Jon Basaguren, Apotheke 90, GAR, Mugan, Burutik, Silitia, Nhil, Mr.luken, RTZ eta Indigo.

Kontzertuak Tabakalerako aretoetan banatuko dira, eta ordu erdiko iraupena izango dute guztiek. Emanaldiak doakoak izango dira, baina aurrez gonbidapenak eskuratu beharko dira. Blokeka antolatu dira kontzertuak, eta baita gonbidapenak ere, hau da, ekitaldira joan nahi dutenek gustuko blokeetarako tiketak erreserbatu beharko dituzte. Gaur jarriko dituzte sarrerak eskuragarri Gaztearen webgunean, 15:00etatik 20:00etara bitarte. Prisma aretoko DJ saioetarako ez da gonbidapenik erreserbatu beharko.
Sarean jarraipena egiteko aukera
Gazteako lantaldeak jarraipena egingo dio egunari. Alde batetik, Ainhoa Vitoriak eta Liher Larrañagak Bitan saioa berezia egingo dute bertan, eta Gazteako esatariek egunaren errepasoa eta elkarrizketak egingo dituzte.
Bertaratzerik ez dutenek, Gaztearen webgunean eta Youtubeko kanalean jarraitu ahal izango dute Musikaren Eguna. Sare sozialetan ere eduki esklusiboa zabalduko dute.
