Gazte Talent lehiaketa, Arabako musikarientzat

Gazte Talent lehiaketa, Arabako musikarientzat 14 eta 35 urte arteko talde eta bakarlari gazteei zuzendua dago lehiaketa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazte-talent-lehiaketa-arabako-musikarientzat/@@download/image/50682061247_28417bd720_k.jpg
2021/10/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudiak: Borja Triviño

14 eta 35 urte arteko talde eta bakarlari gazteei zuzendua dago lehiaketa.
Gazte Talent lehiaketa, Arabako musikarientzat

Jimmy Jazz Elkarteak Gazte Talent lehiaketaren zazpigarren edizioa jarri du martxan musika talde eta bakarlari gazteei zuzendua. Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14-35 urte bitarteko gazteek har dezakete parte lehiaketan. Bi kategoria izango dira adinaren arabera: bata, Gazte Talent saria, 14 eta 24 urte arteko gazteentzat eta, bestea, Gazte Talent Laboral Kutxa saria, 25-35 urte artekoentzat.  

Lehiaketarako izen-ematea urriaren 20tik azaroaren 16ra izango da zabalik eta honako hauek bidali beharko dira: ibilbidearen eta musika estiloaren azalpen laburra, harremanetarako datuak, NANen kopiak, rider teknikoa, argazkia eta grabazioren bat. Honekin guztiarekin posta elektronikoa bidali beharko da gaztetalent@gmail.com helbidera edo Jimmy Jazz aretoaren bulegoan aurkeztu. 

Hautaketa Batzordearen erabakia azaroaren 22an jakinaraziko dute eta hamar talde finalistek hogeita hamar minutuko emanaldia prestatu beharko dute epaimahaiaren aurrean zuzeneko emanaldia egiteko. Zuzenekoa abenduaren 5,6 edota 7an egingo dute Jimmy Jazz aretoan. 

Talde finalista guztiek 200 euroko saria jaso dute finalean parte hartzeagatik. Bi sarien irabazleek, berriz, 1000 bana euro jasoko dituzte eta Jimmy Jazz aretoan emanaldiak egingo dituzte. Horretaz gain, euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat accesita izango da. 500 euro eskuratuko ditu eta Araba Euskaraz-en kontzertua emateko aukera izango du. Emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat ere izango da accesita; honek ere 500 euro jasoko ditu eta Andra Maria Zuriaren jaietan jotzeko aukera. Epaimahaiak abenduan jakinaraziko du epaia, eta sailkatutako talde guztiek lehiaketan ematen duten kontzertuaren kalitate handiko grabazioa jasoko dute sari moduan.