Gazte leihoa

Gazte leihoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazte-leihoa/@@download/image/6p11-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Haurrock eta Luther taldeek irabazi dute Baionako Gure Irratiak antolatutako II. Gazte Leihoa lehiaketa, arras talde ezberdinak, baina zilborheste berari atxikiak.

Haurrock lapurtarrak dira, eta orotariko musika estiloei zuzenduriko atalean nagusitu dira. Luther eibartarrek, berriz, rock-heavy alorreko saria etxeratu dute. Martxoaren 24an, Senperen eginen den kontzertuan, bi taldeok zuzenean ikusi ahalko dituzte musikazaleek. Beraiekin batera Betagarri, Sidhe Folk eta Gazte Leihoako rock-heavy atalean bigarren eta hirugarren geratutako Legen Beltza eta Mauna Loa taldeak ariko dira.
Haurrak ere kantari
"Haurrok ere abestu nahi dugu" erranak –edo gisako bertzeren batek- ondo laburbilduko luke Haurrock taldearen xedea.  Taldearen sortzaileak Arantxa Hirigoien eta Philip Albor dira. Arantxa aurpegi biziki ezaguna da Euskal Herri osoan, ETBko Hitzetik Hortzera saioaren aurkezle baita aspaldi. Arantxaren erranetan, "taldearen izena hitz jokoa da, baina hau ez da rock taldea, kantu lasai anitz baitugu. Ama Eskolako haurrek eta helduagoek, guztiek parte hartu ahal dute gure proiektu honetan". Senpereko kontzertuan, rock taldeen aitzinetik ariko dira Haurrock-ekoak.       
Eibarretik Luther
Luther eibartarrak dira, heavy euskaldunean tradizio handiko herria. Taldeak 1993-94an eman zituen lehen pausoak. 1996an lehen maketa kaleratu ondoren, beraiek osoki ekoiztutako "Zerua" lana plazaratu zuten. Esperientzia handiko musikariak dira, beraz. Ordutik hona aldaketa handiak izan dira taldean, eta hasiera hartatik Iñaki baterijolea besterik ez dago Luther-en. Gainontzeko taldekiak honako hauek dira: Jatzu (baxujolea), Carlos eta Adrian (gitarrajoleak) eta Alex (abeslaria).
Beren burua heavy-trash esparruan kokatzen duten eibartarrok nazkatuta daude jendeak etengabe Su ta Gar-ekin alderatzeaz. "Gu Luther gara, ez Su ta Gar. Idatz ezazu hori argi eta garbi" diosku Jatzuk. Eibartarrak oso pozik daude sariarekin eta itxaropentsu begiratzen diote etorkizunari.