Gazte gutxi eliza zaharrean

Gazte gutxi eliza zaharrean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazte-gutxi-eliza-zaharrean/@@download/image/58p24-1.jpg
2005/12/02
erreportajea
Unai Brea
Gazteak Elizatik aldendu direla esanez, ez dizuegu aparteko berririk emango. Domeka goizetan nekez topatuko gaituzte mezan. Badaude, hala ere, mezara joan ez ezik kristautasunarekin harreman sendoa daukatenak, hango edo hemengo antolakundean parte hartuz. Gutxi dira, baina badira. 

Angel Mari Unzueta durangarra Uribe Kostako bikarioa da Bizkaiko elizbarrutian. Zer esanik ez, primeran ezagutzen ditu Elizaren gorabeherak, eta ondotxo daki zein gatxa den gazteak topatzea haren inguruetan. "Horretan, Europa osoaren antzera gabiltza Euskal Herrian. Joerak berdintsuak dira leku guztietan", diosku. "Hala ere, Estatu espainiarraren barruan abertzaletasunak badauka bere ukitua; ematen du Euskal Herrian eta Katalunian sekularizazioa handixeagoa dela gainerako lekuetan baino, eta are gehiago gazteengan. Lehen `euskaldun, fededun´ esaten zen, eta orain, gaztea zenbat eta euskaldunago ("abertzaleago" adierarekin diot hori), hainbat eta fede gutxiago. Hori ez da guztiz egia, noski, denetarik dagoelako abertzaleen artean ere, baina joera hori da".

Abertzale ala ez, kontua da euskal gazte gutxik zapalten dutela eliza, Unzuetak "fede soziologikoa" deritzonaren kariaz ez bada: bataioak, jaunartzeak, ezkontzak, hiletak… Benetako fedeak bultzatuta asteroko elizkizunetan parte hartzen dutenak, aldiz, hutsaren hurrengoa dira. "Hala ere," —dio Unzuetak— "eta oso talde txikiak izan arren, badaude gehitxoago joaten direnak (hau nire pertzepzioa da, ez dago ikerketarik honetaz). Batetik, ondo bizi direnak; hau da, Mungian mezara bazoaz, ez duzu gazterik ikusiko, baina Laukarizen behar bada baten bat bai, edo Getxoko zenbait parrokiatan, edo… Era berean, zer edo zer gehiago egoten da etorkin asko dagoen lekuetan". Frankismoaren garaiko espainiar etorkinez ari da Unzueta; ez oraingoez.

Garaiekin bat etorri

Zergatik gazteak ez dira elizara joaten? "Hori bai galdera ona! Guk geuk dakigun egunean, aspaldiko helburu nagusietako bat edukiko dugu beteta". Hala erantzun diguna Eva Garcia da, Geideak-Movimiento de jóvenes de Acción Católica elkarteko presidentea. "Gu ere hori aztertzen gabiltza. Eta geure burua ezagutarazteko modu berriak bilatzen ari gara, gaurko gazteengana jotzeko biderik egokienak aurkitu nahian. Beharbada, gazteengana iristeko modu batzuk ez datoz garaiekin bat. Teknologia berriak erabili behar dira, gauza erakargarriak aurkeztu…".

Lehenengo ahaleginean, beraz, Garciak ez digu azaldu zergatik aldendu diren gazteak elizatik. Elkarrizketaren beste momentu batean, ordea, zera esan digu: "Fedearenganako interesa daukan jendea gero eta gutxiago da, eta uste dut ezezagutzak eraginda gertatzen dela hori. Oraingo gazte askok, elizaz nazkatuta amaitu  zuen belaunaldi galdu horretakoak dituzte gurasoak, eta inork ez die esan eliza zer den". Gazteen interes eza, hein batean, elizak hainbat arlotan agertzen dituen jarrera atzerakoiek eraginda izan daitekeela aditzera eman diogu Garciari, baina horretan ez du amore eman, eta bere aitaren etxea defendatu du: "Asko nabarmentzen dira Elizak garaiei egokitzeko zailtasun gehien dituen arloak, eta aldiz, arbuiatu egiten dira munduan zehar egiten dituen gauza garrantzitsuak, zenbat jenderi laguntzen dion…".

Geideak elkartea Bizkaian baino ez dago —Espainiako Acción Católica mugimenduaren barruan dago sartuta, hala ere—, eta Euskal Herriko gazte kristau erakunde indartsuenetakoa da, bere 200 kide eta guzti. Angel Mari Unzuetak "erakunde estuak" deitzen dion multzoaren barruan dago Geideak; hau da, antolakuntza eta estrategia argia dauzkatenak. Oro har, oso talde antolatu gutxi dagoela kontuan hartuta, era honetakoak askoz gutxiago dira noski; Uribe Kostako bikarioak, berbarako, Opus Dei eta Geideak bera baino ez ditu aipatu.

Bizitza eta fedea partekatu

Erakundeon eginkizuna gazteengan fedea indartzea da, eta horretarako hainbat bide erabil daiteke. "Guk erreferentzia taldeak dauzkagu hainbat parrokiatan", dio Eva Garciak: "Horietako kideek bizitza eta fedea partekatzen dituzte kideekin; hau da, euren bizipenen berri ematen dute taldean, eta guztien artean bizipenok aztertzen dira ikuspuntu kristau batetik".

Talde gehienak ez dira hain "estuak", ordea. Indar gehien daukatenak, kopuru aldetik behintzat, aisialdia lantzen dutenak dira. Hauei ere makalaldia ailegatu zaien arren, oraindik eusten diote. Beste horrenbeste esan daiteke gizarte-laguntzan dihardutenei buruz: Hirugarren Munduarekin elkartasuna, baztertu edota gaixoen zaintza…

Ohikoak dira, era berean —eta oso kopuru apalez ari garela ahaztu gabe, beti ere—, ikastetxe erlijiosoetan edo parrokietan antolatutako elkarteak. "Taldean batzen dira" —azaldu du Angel Mari Unzuetak— "euren bizitzen gorabeherak elkarri esateko eta kristau bidean proiektu bat egiteko". Geideak elkartea bezala, beraz, baina ez hain antolamendu zurrunarekin. "Gero, bakoitzak bere ekintzak ditu, eta otoitzari eta liturgiari ere modu bateko edo besteko garrantzia ematen diote batzuek eta besteek".

Asko ala gutxi, gazte gehienek baino garrantzi gehiago emango diete seguruenik, gazteak aspaldi hasi ginen-eta munduko instituzio zaharrenari bizkarra erakusten. Unzuetak gogoratu duenez, "orain 30 urte inguru, hogeiren bat lagun ginen koadrilan, ia denak abade-ikastetxean ibilitakoak, eta bi eta erdi baino ez ginen mezara joaten. Kontua ez da atzo goizekoa".

Sendotza, gazteen sakramentua


Gazteek elizarenganako daukaten atxikimenduaren neurgailu ona sendotzak izan daitezke, Angel Mari Unzueta bizkaitar bikarioak "fede soziologiko" esaten dion horretatik kanpo dagoen sakramentua izanik.  Hau da, pentsa liteke sendotza egiten duten gazte guztiek gura dutelako egiten dutela, salbuespenak salbuespen. Eta argi dago sendotza kopuruek ez daukatela zer ikusirik "inertzia sozialagatik" egiten diren jaunartzeenekin, bataioenekin edota ezkontzenekin, askoz txikiagoak dira eta.

Hego Euskal Herriko lau elizbarrutiei eskatu dizkiegu azken urteetako sendotzei buruzko datuak, baina bakoitzak bere erara aurkeztu dizkigu kopuruok. Balio dezakete, hala ere, zertaz ari garen jakiteko. Datuok ikusita, zera geratzen da argi: Bizkaia da fede gutxien daukan herrialdea, eta Nafarroa "kristauena". Edozelan, Nafarroan ere dezente jaitsi dira kopuruak hamar urtetik hona. Ez dugu Ipar Euskal Herriko daturik eskuratzerik izan.ARABAUrtea         Sendotza                  kopurua2000............8732001............7392002............6752003............4702004............528BIZKAIAUrtea         Sendotza                                kopurua2002............9392003............7502004............731NAFARROAUrtea   Sendotza                          kopurua1996    4.2001997    4.5001998    4.3501999    3.1002000    3.2002001    3.1002002    3.2522003    3.2782004    2.582GIPUZKOAGipuzkoari dagokionez, datu hau baino ez dugu eskuratu: 2000-2004 tartean, 6.400 gaztek egin zuten sendotza herrialdean.