Gazte Ekoliderrak programak bi saio ireki egingo ditu martxoan
Kutxa Fundazioak sustatzen duen Gazte Ekoliderrak programan trebatzen ari dira hamalau gazte azaroaz geroztik. Formazio-ibilbide honek gazteak "jasangarritasunean eta lidergoan trebatzea" du helburu. Aurtengo edizioan doako hiru saio ireki antolatu dituzte gaian interesa duten gazteek parte har dezaten.
Lehena, otsailaren 6an egin zuten, bioaniztasunaren galeraren inguruan. Hurrengo hitzordua martxoaren 5ean izango da, 17:30etik 19:00etara, Errenteriako Badalaben. Ekoliderren proiektuak aurkeztuko dituzte eta dinamika parte-hartzailea egingo dute. Hainbat eragilek erronkak planteatu dizkiete Gazte Ekoliderrei eta azkeneko bi hilabeteetan horiei erantziteko ideia berritzaileen bila aritu dira gazteak. Lantzen ari diren proposamenak azalduko dituzte, eztabaidatu eta ekarpenak egite aldera.
Honako erronka hauek planteatu dituzte eragileek: Surfrider, ozeanoa babesteko Surfrider komunitatea eta boluntario taldea sustatzea; Badalab, pertsona migratuen laneratzea, zaintza lanak eta hizkuntza-ongizatea; Kalapie, kaleak birsortzea; eta Bilibin Circular, sorkuntza eta kultura sektorean jasangarritasuna eta ekintza klimatikoa bultzatzea.
Bigarren saioa martxoaren 19an izango da, 17:00etatik 21:00etara, Gasteizen. Gobernantza maila anitzez arituko dira saioan Asier Aranbarririrekin, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritzako Eusko Jaurlaritzako Arduradunarekin eta Bruselasetik zuzeneko konexio egingo da Andoni Iriondo Ekolider kide ohiarekin. Aforo mugatua izango da autobusa bete arte.
Saioetan parte hartzeko izen-ematea hemen egin behar da.