Gaur Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da

Gaur Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaur-sexu-askapenaren-nazioarteko-eguna-da/@@download/image/20126266667lesbiana_naiz.jpg
2012/12/13
berria
Ekainaren 28a aldarrikapen eguna bilakatu da azken urteetan. Orain arte Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Harrotasun Eguna izandakoa, baina, Sexu ororen Askapenaren Nazioarteko Eguna izendatu dute aurtengoan, eta Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan ekitaldi bereziak antolatu dituzte horren harira.

Euskal Herriko Bilgune Feministak, bere aldetik, 'Lesbiana naiz eta harro nago' kanpaina jarri du abian, eta kartel bat kaleratu. Indarrean dugun sistema patriarkal heterosexistak ezarritako horma zurrunetatik atera, eta aniztasuna oinarri duen jendarte baten beharra aldarrikatu nahi dute horrela; izan ere, haien hitzetan, geroz eta gehiago dira ohiko harreman poligamiko heterosexual hertsietatik irten eta sexu askapena lau haizetara galdegiten dutenak.

Baina, esan bezala, gaurkoan beste hainbat erakundek, eta hiri eta herritako udalek era manifestazioak eta bestelako ekitaldiak prestatu dituzte.

Baina Euskal Herritik haratago, desfileak, elkarretaratzeak, ikuskizunak eta bestelakoak izango dira gaurko protagonista mundu osoan. Besteren artean, New Yorkeko, Sao Pauloko, Torontoko , San Frantziskoko eta Madrilgo ospakizunak egin dira ezagun, milioika lagun biltzen baitira sexu askatasunaren errespetua eskatu eta harrotasuna agerian uzteko.

Jatorria


1969ko ekainaren 28an protesta olde indartsua piztu zen New Yorken Greenwich Village auzoko Stonewall In izeneko pub-ean; orduko hartan, poliziak gayen aurkako sarekada bortitza burutu zuen. Geroztik, LGBT (Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualak) kolektiboak data hori bere eskubideak aldarrikatzen baliatu du.
Aurtengoan, esan bezala, izaera hori zertxobait zabaldu, eta sexu ororen askapena eguna izendatu dute gaurko eguna.