Gaur hasiko da Leioako Umore Azoka

Gaur hasiko da Leioako Umore Azoka Dantza, zirkua, eta beste hainbat elementu uztartzen dituzten ikuskizunak izango dira igandera arte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaur-hasiko-da-leioako-umore-azoka/@@download/image/Revista_2022.jpg
2022/05/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Dantza, zirkua, eta beste hainbat elementu uztartzen dituzten ikuskizunak izango dira igandera arte.
Gaur hasiko da Leioako Umore Azoka

Umore Azokaren XXII. edizioan 550 proposamen jaso dituzte, eta hautaketaren ondoren, 40 konpainiaren –hemeretzi Euskal Herrikoak, hamasei Espainiako Estatukoak eta bost nazioartekoak– 90 ikuskizun programatu dituzte gaurtik igandera bitarte, Leioako auzoetako hemezortzi gunetan gauzatuko direnak. 

Dantzak protagonismoa izango duela iragarri dute antolatzaileek. Dantzaz konpainiak Dantzapote ikuskizuna eskainiko du, eta dantza garaikideko bost dantzari jende tartean ibiliko dira. Hika Teatroak, berriz, gazteekin egindako Gazte aurkeztuko du, eta dantza tradizionaletik abiatuta, dantza garaikidea eta hip-hop-a ere uztartuko ditu. Bestetik, dantza bertikala ere izango da Harria herria lanean. Lau emakume dira protagonistak eta eskalatu eta dantzan egiten dute, Oreka Tx-en txalaparta lagun dutela.

Beste dantza ikuskizun batzuk ere izango dira, hala nola Eva Guerreroren LOF Ladies on Fight, emakumezkoen borroka librearen formatuan egindako dantza tragikomikoa; Ertza konpainiaren Otempodiz, denboraren kontzeptuari buruzkoa; Maitane Sarralderen Desªnuda, grabitaterik gabeko gorputzari eta korporalitate anitzei buruzkoa; Valentziako Maduixa konpainiaren Migrare, lau emakume migratzaileren errealitatea taularatuko duena; Nova Galega de Danza taldearen Credo, dantza ibiltaria;  Galiziatik datorren dantza bertikalekoVértigo emanaldia; eta dantza, antzerkia eta akrobazia uztartzen dituen Kataluniako Elelei bikotearen A ciegas ikuskizuna, oroitzapenen eta erabakiak hartzearen arteko istorioa.

Zirkuarekin eta beste elementu batzuekin lotutako eskaintza zabala ekarriko dute azokara: Orain-Bi konpainiaren Mute, mutazioari buruzko zirku-antzerki ikuskizuna; Trapecionista Kia-ren Artxipielago, aireko dantza; Matraka konpainiaren Matraka culinary center,  chef rockzale baten menu-kontzertua; Demode Quartet sobre ruedas  musikala, a capella diharduen laukote animatu baten eskutik; eta Rouge Eléaren Hemen gaude dena ondo! , hiru nerabe noraezean dabilen izotz-banku batean dauden azken hartz zuriak direla imajinatzen. Horiez gain, Madril, Gaztela-Mantxa, Andaluzia, Kataluinia, Valentziako, Italia, Txile, Portugal eta Frantziako hainbat ikuskizun izango dira. 

Proposamen berritzaileak
Arabako Zanguango Teatro konpainiak proposamen abangoardista bat eskainiko du: paseo bat, 50 laguneko talde batekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, "pertsona horiek liluratuta geratuko dira ibilaldian ikusten duten guztiarekin. Batera egingo dute abentura hori; haren bidez, begirada berriro kokatu eta egunerokoa berrasmatu eta errealitate berria eraiki nahi da”.

Deabru Beltzak konpainiaren antzerki piroteknikoa ere izango da. Symfeuny aurkeztuko du, hiru ardatz bereizgarrietan oinarrituta: simetria, desplazamendua eta sua. Bestetik, mentalismoarentzako lekua ere egongo da, Jon Zabalen eskutik, eta jolaserako lekua ere bai, Jokairen eskutik; azken hau Euskal Herriko mitologian oinarritzen diren zurezko jolasekin arituko da. 

Barsanti konpainiak akabo emankizuna egingo du, bizitzari aurre egin ezin izanaren eta irtenbide drastikoa eta behin betikoa bilatzearen ingurukoa. Valentziako Visitants konpainiak bost emakume protagonista dituen Maletas de tierra eskainiko du, bigarren errepublikatik gerraostera arteko narrazio historikoa. Japoniako To R Mansion taldeak, berriz, umorea eta manga-erritmoa duen  ikuskizuna taularatuko du, pantomima, akrobaziak, antzerkia, dantza, magia, manipulazioa eta abar nahasten dituena. 

Erre Produkzioen El parque de los hermanos Grimm, Markeliñeren Psike eta La Mecánicaren Water Falls ere izango dira ikusgai.

Egitaraua osoa hemen ikus daiteke.