Gaur estreinatuko dute 'Ilargi guztiak' filma
Pandemiak prozesu osoa zaildu dio pelikulari, errodajea bertan behera uzteaz gain, zinemetako estreinua ere atzeratu egin baitu. Atzerapenak atzerapen, publikoak filmaz gozatzeko aukera izango du, ordea, gaur estreinatuko baita Igor Legarreta leioarraren kontakizun zinematrografiko fantastikoa. Jon Sagalarekin batera idatzi du gidoia Legarretak, eta biak banpirozaleak izanik, hilezkortasunaren ideiaren inguruan idaztea pentsatu zuten. Hainbat gai jorratzen dira filmean: heriotzari beldurra, galera, dolua, onarpena, maitasuna, fedea, erlijioa, ezezaguna gutxiestea, fanatismoa eta salbazioa.
Azken Gerra Karlistaren amaieran kokatu dute istorioa, eta umezurtz-etxea bonbardaketen ondorioz erre denez, basoan bizi den emakume misteriotsu batek neskato bat erreskatatuko du. Neskatoak aingerutzat hartuko du emakumea, baina berehala konturatuko da hilezkor bihurtu duela bere ondoan izateagatik. Egoera berria mingarria suertatuko zaio, eta Kandido ezagutzen duenean harekin bizitzera joango da, gertatu zaionari konponbidea eman nahian.
Haizea Carneros aktore gaztea da protagonista eta Itziar Ituño, Joxean Bengoetxea eta Zorion Egileor ditu inguruan. Carneros Euskal Herrian egindako casting zabal baten ondoren aurkitu zuten, Algortan. Laia Ricart eta Eneko Sagardoyk lagundu diote Carnerosi antzezpenaren barrunbeetan murgiltzen. Legarretak bere profesionaltasuna eta dohaiak nabarmendu ditu.
Igor Legarreta zuzendaria lehen ere aritua da zinemagintzan. Film laburrez gain, Cuando dejes de quererme pelikula kaleratu zuen 2018an. Gidoilari, soinu teknikari, ekoizle eta zuzendari-laguntzaile lanetan ere jardun du.