Gatza eta piperra

Gatza eta piperra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gatza-eta-piperra/@@download/image/39p28-1.jpg
2004/03/05
erreportajea
Moda gastronomia bezalakoa da. Osagai nagusiak daude, eta baita bigarren mailakoak ere. Dena dela, guztiak erabilita osatzen dira platerrak. Hona hemen modaren gatza eta piperra.

Kirol zapatilak
Ezinbestekoak dira aurten. Hala ere, zapatilak hiritartu egin dira. Lokarriak ia ez dira sekula lotzen, eta zapatilak oso arinak dira. Badira, gainera, lokarririk ez eta kremailera dutenak. Kolore guztietakoak aurkituko dituzu, eta baita betiko marradunak ere. Materialetan larrua da nagusi, baina olanazko zapatilak ere nonahi aurkituko dituzu. Galtza piratekin, bakeroekin edo gonekin eramateko egokiak. Batez beste, 60 euro.

Txankletak

Mendian erabili ohi diren sandaliak izan ziren nagusi duela urte batzuk. Aurtengo udan, ordea, 70eko hamarkadan modan ziren txankleten antzekoak eramango dira. Erosoak dira, baina jakina, parranda egin nahi izanez gero, hobe beste zerbait jartzea. Loredun txankletak jantzita harro-harro ibiliko denik ere ez da faltako udan. Praka motzekin, soinekoekin edo bermudekin eramateko. Batez beste, 25 euro.

Gerrikoak
Galtza handiei eusteko edota zure janzkerari azken ukitua emateko, jantzi ezazu gerrikoa. Mokorretan janzten dute neskek —bai gonarekin zein prakekin— eta gerrian mutilek. Emakumeenak zabalak izatetik estuak izatera igaro dira, eta kolore guztietakoak daude. Gizonezkoentzat tatxetez eta marrazkiz apaindutakoak dira nagusi. Batez beste, 30 euro.

Poltsak
Nonbait eraman behar ditugu eguneroko gauzak: diru-zorroa, etxeko giltzak, boligrafoa, papera, zigarroak… Neskek poltsa handiagoak eraman ohi dituzte, eta eurentzat kolore alaietako makina bat poltsa merkaturatu dituzte, batzuk lepokoarekin bat datozenak. Mutilentzat txikiagoak izan ohi dira. Askok, gainera, poltsa eraman beharrean gerriko zorroa eraman ohi dute. Plastikozkoak, larruzkoak, kotoizkoak… denetarik ikusiko dugu. Oro har, 15 eurotik gora.