Gatibuk zaleen irudiz osaturiko bideoklipa egin nahi du

Gatibuk zaleen irudiz osaturiko bideoklipa egin nahi du https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gatibuk-zaleen-irudiz-osaturiko-bideoklipa-egin-nahi-du/@@download/image/gatibu_logoa_1366701552.jpg
2013/04/23
berria
Gatibuko lagunek zaleek bidalitako irudiz osatuko dute ‘Gabak zerueri begire’ kantaren bideoklipa. Horretarako, nork bere irudiak grabatu eta wetransfer bidez bidali behar dizkie maiatzaren 12a baino lehen. Urtaro aldaketa ospatzeko ideia ezin hobea izan dute gernikarrek, animatu zaitezte!


Iragan azaroaren amaieran, Durangoko Azokarako gertu, kaleratu zuen Gatibuk bosgarren lana, Zazpi Kantoietan, eta bertakoa da, hain zuzen, Gabak zerueri begire kanta. Negu giroan argitaratu bazen ere, udako parranda gauak oroitarazten ditu edonor dantzan jartzeko moduko erritmoekin, eta horregatik, udaberriko lehen bero egunak baliatuta, proposamen polita abiatu du laukoteak.

Zaleek bidalitako bideo zatiekin osatu nahi du kantaren bideoklipa Gatibuk. Baina zeren irudiak? "Dantzan ikusi gure zaittuegu, zuen ondokoari muxue emoten, zoratuten, biluztuten, abesten, barre eitten, maitteminduten, ondo pasetan, saltoten, arnasa hartuten, bizitzen, ospatuten…" adierazi dute gernikarre; azken batean, kanta jarri eta gorputzak eskatzen dizun edozer egin dezakezu, gazte!

Baldintzak
Beraz, badakizue: grabatu gehienez ere bi minutuko iraupena duen bideoa eskura duzuen gailuarekin (argazki kamera, sakelekoa, bideo kamera…); edozein euskarri digitaletan egon daiteke (.avi, .mov, .mpeg, etab.) eta gernika.wetransfer.com kontura bidali behar duzue wetransfer bidez. Maiatzaren 12ra bitarteko epea duzue.

Noski, irudiak originalak behar dute izan, zuek sortu eta filmatutakoak, eta zenbat eta dibertigarriagoak izan, hobe. Helburua denon artean bideo polit eta gozagarria osatzea da, kantarekin bat datorrena. Animatu!

Egin harpidetza!


Oraindik ez duzula Gatiburen Zazpi kantoietan diskoa eskuratu? Eta zeren zain zaude? GAZTEZULO harpidetza eginez gero, diskoa bidaliko dizugu opari etxera. Ez aukera galdu!