Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak bere ibilbidea amaituko du

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak bere ibilbidea amaituko du Ekainaren 30ean izango da azken ekitaldia, Liher eta Lamiak taldeen kontzertua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-oihaneder-euskararen-etxeak-bere-ibilbidea-amaituko-du/@@download/image/Oihaneder_20210702_tokikom_700x700.jpg
2022/06/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ekainaren 30ean izango da azken ekitaldia, Liher eta Lamiak taldeen kontzertua.
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak bere ibilbidea amaituko du

Oihaneder Euskararen Etxeak zortzi urteko jardunaren azken txanpara iritsi dela jakinarazi du, eta ekaineko ekitaldiekin amaituko du bere ibilbidea. Hilabete honetan musika-kontzertuak, zinema, ikuskizunak, jardunaldiak, antzerkia, kultur proiektuen aurkezpenak, familia jarduerak... antolatu dituzte. Lazarraga Kultur Elkarteak sustatutako proiektua izan da, eta elkarteak bide berri bati ekingo dio orain, Gasteiz Antzokiak hartuko baitu lekukoa urte amaieran edo datorren urtean.

2014ko urriaren 15ean inauguratu zuten Oihaneder, eta elkartearen arabera, ordutik 66.500 erabiltzaile baino gehiago gerturatu dira bertan antolatutako 900 bat jardueretara. Urtean 10.000 lagun inguru hurbildu dira ekintzetan parte hartzera, pandemia garaian izan ezik. 

Elkarteko kideen hitzetan, "euskal kulturaren erakusleiho" izan da Oihaneder, eta "kultur diziplina ezberdinetako euskal sortzaile ugari" izan dira bertan euren lanak erakusten.  "Hori behar dute euskal sortzaileek: plaza eta oholtza, bozgorailua eta arreta. Oihanederren plaza izateaz gain, aulkiak nor bete ere izan da, zortzi urte hauetan erabiltzaile komunitate zabala osatu baita Euskararen Etxearen bueltan", adierazi dute. Eskerrak ere eman dizkiete sortzaile, ikus-entzule, babesle, laguntzaile, erakunde zein elkarteei. Gasteizko Udalaren laguntza, eta bereziki Kultura eta Euskara zerbitzuarena ere nabarmendu dute. 

Gasteizko Kafe Antzokiaren lehen zutabe gisa abiatu zuten Oihaneder, eta zortzi urte hauetan "proiektu berriari oinarri sendoak eraikitzeko" balio izan duela uste dute. "Gasteizko euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko sortu zen proiektu hau, eta uste dugu kultur-akuilu gisa lan mardula egin dela, kulturaren balio eraldatzailean sinesten baitugu, eta hori baita eguneroko lanabesa".

Lazarraga Kultur Elkarteak lanean jarraituko duela aipatu du,  "Gasteizek merezi duen kulturgune euskaltzalea ahalik eta lasterren" izan dezan.

Azken jarduerak
Ekainaren amaieran Oihanederren ateak itxi aurretik, ordea, hainbat ekintza antolatu dituzte. Bihar, hilak 16, Lurralde oreka jomugan jardunaldia izango da, Eusko Ikaskuntzaren eskutik. Ostiralean, berriz, Eguzki-loreak eta San Juan sua familia jarduera egingo dute, 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendua. Datorren astean, ekainaren 21ean, Batera sormen deialdiko proiektu irabazleen aurkezpena egingo dute.

Ekainaren 28an, Kortxeak & Krispetak zikloaren barruan, Nightclubbing: The Birth of punk rock in NYC filma emango dute. Hurrengo egunean ere beste ikus-entzunezko bat eskainiko dute, Casablanca Beats. Azkenik, ekainaren 30ean, Lamiak eta Liher taldeen kontzertua izango da.