Gasteizko atomoak

Gasteizko atomoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-atomoak/@@download/image/68p14-1.jpg
2006/11/03
elkarrizketa
Gasteizko atomoak
Hilabete batzuk badira, Atomoog hirukoteak "Zerutik eskegita" izeneko lehen diskoa kaleratu zuenetik Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Gasteiztarrek hamairu kantu eskegi dituzte lan honetan, horietako gehienak, giro lasaian entzutekoak. Musika elektronikoaren munduan, Euskal Herrian sortutako proiektu interesgarrienetako bat da Atomoog. 

Bat baino gehiago harritu egingo zen Atomoog-en proposamen elektroniko hau entzunda; beharbada, elektronika gauza gogorragoekin elkarlotzeko joera dagoelako…
Ez dugu uste hain nahasketa arraroa denik; dena den, egia da, normalean, techno edo house bezalako estiloak gehiago entzuten direla musika elektronikoaren barruan. Musika elektronikoa eta akustikoa nahastea izan da gure helburua, eta, alde horretatik, makinen eta musika instrumentuen soinuak erabili ditugu, elektronika naturalizatu nahian.

Zer dela eta "Zerutik eskegita" diskoaren izenburu hori?

"Ni" izeneko abestiaren hitzetatik atera genuen. Horrela dio kantuak: ..zerutik eskegita banengo bezala/eguneroko arazo guzti horiek hain txikiak dira.… Diskoaren azaleko diseinuan ere, hitz horien ildo bera jarraitu nahi genuen, zerua eta kableak oinarritzat hartuz, eta natura eta elementu elektronikoak batuz. Horixe izan da "Zerutik eskegita" diskoaren kontzeptua.

Zuzenekoetan proiekzioak ematen dituzue. Nola lortzen duzue irudien eta musikaren arteko armonia?

Irudiei garrantzi handia eman diegu beti. Hasieratik, Beñat (bfe) bideo-sortzailea gurekin aritu da bideoklipak egiten, eta lau bideoklip ditugu jada. Bestalde, zuzenekoak planteatzen hasi ginenetik, Beñat proiekzioak lantzen hasi zen, abestiz abesti planteamendu argia eginez: irudiek musika entzuten lagundu behar dute, zuzenekoa apaindu behar dute, baina musika bigarren plano batera bultzatu gabe. Azkenean, hala atera da: armonia hori lortu dugu nolabait. Beñaten blogean gure lau bideoklipak ikus ditzakezue: http://bfevideo.blogspot.com eta http://atomoog.blogspot.com.

Euskal Herrian leku gutxi omen dago betiko proposamen gogorretatik ateratzen diren taldeentzat. Nola ikusten duzue musika elektronikoaren panorama?

Musika elektronikoa, berez, proposamen izugarri zabala da. Guk trip-hopa eta haren albokoak ukitzen ditugu, eta hori ez da berria. Jendeak, orokorrean, bateria, gitarra, baxua eta ahotsa ikusi nahi ditu eszenatokian, eta modu jakin batean, gainera. Guk makinak, gitarrak, ahotsak, eta irudiak eskaintzen ditugu. Ezagutzen ez ditugun musikak dastatzen ohitzea da gakoa, horretan dago aberastasuna.