Garua ogi lantegia: “Ogi munduan emakumeak ikustea ez da oso arrunta, baina aurrera ateratzen ari den belaunaldi berri baten zati gara”.

Garua ogi lantegia: “Ogi munduan emakumeak ikustea ez da oso arrunta, baina aurrera ateratzen ari den belaunaldi berri baten zati gara”. Garua ogi lantegi artisaua Hondarribian kokatzen da. Proiektu honen inspirazio iturri dira “bakery” angloxaxoiak, eta gozogintzan eragin frantziarra ere badu. Ez da ordea, hori proiektu honen berezitasun nagusia. Izan ere, garai ilun hauetan, euren eskuekin, literalki, egindako kalitatezko produktuak eskainiz mundua apur bat goxatu nahi dute hiru emakume hauek. Hori dela eta, eurekin hitz eginez Garua proiektua hurbilagotik ezagutu nahi izan dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/garua-ogi-lantegia-201cogi-munduan-emakumeak-ikustea-ez-da-oso-arrunta-baina-aurrera-ateratzen-ari-den-belaunaldi-berri-baten-zati-gara201d/@@download/image/AA__7031.CR2.p.jpg
2020/11/23

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Garua ogi lantegi artisaua Hondarribian kokatzen da. Proiektu honen inspirazio iturri dira “bakery” angloxaxoiak, eta gozogintzan eragin frantziarra ere badu. Ez da ordea, hori proiektu honen berezitasun nagusia. Izan ere, garai ilun hauetan, euren eskuekin, literalki, egindako kalitatezko produktuak eskainiz mundua apur bat goxatu nahi dute hiru emakume hauek. Hori dela eta, eurekin hitz eginez Garua proiektua hurbilagotik ezagutu nahi izan dugu.
Garua ogi lantegia: “Ogi munduan emakumeak ikustea ez da oso arrunta, baina aurrera ateratzen ari den belaunaldi berri baten zati gara”.

Tradizionalki ogi-lantekiak gizonezkoenak izan dira, eta dira oraindik ere. Garua-ren atzean ordea hiru emakume ekintzaile daude, nola iritsi zarete honaino? 
Gure aurreko lanek ez zuten ogi edo gozoekin zer ikusi handirik. Gutako bi ikus-entzunezko eta zine arloan ibiltzen ginen eta hirugarrena berriz, informatika munduan. Hirurok aldaketa baten beharra sentitu genuen eta familiako harremanei esker elkar ezagutu genuen. Gure ogiarekiko afizioa geroz eta handiagoa zenez Estitxuk honen inguruko ikasketa profesionalak burutu zituen eta 2016. urtean Bartzelonatik itzuli zenean Marina eta Sandrarekin Garuari forma ematen hasi zen. 


Produktu eta modu tradizionalen aldeko apustua egin duzue, baina hiru emakume honetan aritzea bera bakarrik, bada berrikuntza. Zein da gainditu behar izan dituzuen oztoporik handienak? 
Ogi munduan emakumeak ikustea ez da oso arrunta, baina aurrera ateratzen ari den belaunaldi berri baten zati gara. Oztopoak baino harridura izan da erreakzio nagusia. Horretaz gain, ekintzaile guztiek dituzte ohiko arazo eta burhausteak dituzte.

Zinema mundutik, ikus-entzunezkotik, informatika mundutik… bakoitzak bide ezberdin bat hartu zenuten hastapenetan, baina hirurok ogia egiten amaitu duzue, zer eskaintzen dizu lanbide honek besteek eskaintzen ez zizuetena? Artistau izatea bizitza filosofia bat ere bada nolabait? 
Gure belaunaldia, hiritarra bazara batez ere, urrundu egin da artisautzatik. Egungo elikagai askoren zapore eta gustu estandarrekin elikatu gara. Hori dela eta, eskuz landutako eligaien ñabardurak harrapatu gaituela uste dugu. Azkenaldian garagardogile, gaztagile eta okin berri asko daude. Bestalde, ogiaren prozesu motelak era badu erakargarria den zerbait. Gure aurreko lanen ezaugarri nagusia presa zen, ogiek eta gozoek aldiz, prozesu motela behar dute eta hori gustuko dugu. 


Guztia eskuz egiten duzue inoiz baino automatizatuagoa dagoen munduan, korrontearen aurka zoaztela sentitzen al duzue? 
Ez dugu uste korrontearen aurka goazenik, baina bai beste korronte batean. Modu eta kutsu ezberdinak nabarmentzen dira ogia egiteko denbora hartuta. Guk bide hau hartu dugu eta honetan jarraituko dugu, eta bide batez, ingurukoak korronte honetan sartzen saiatuko gara. 


Zer da ogia zuentzat? Zer sinbolizatzen du? 
Elikagai xumea da ogia. Urte askotan zehar funtsezkoa izan dena eta besteetan gaizki ikusia. Mundu moderno honetan bere lekua baduela iruditzen zaigu eta bere ezaugarri xumeengatik edozein janariren laguntzaile bezala etorkizuna baduela.

“Garua” izenak berak ere badu istorio bat atzetik, ezta? 
Izenaren inguruan asko hausnartu eta eztabaidatu ondoren, Marianak, Perukoa denak, Garua izena aipatu zuen. Hego Amerikako zonalde askotak garua hitzak xirimiri esan nahi du. Garia hitzarekin antza zuela ohartu ginen eta hain gurea den euriarekin ere lotura zuenez berehala gustatu zitzaigun kontzeptua.

Zein dira ogi on bat sortzeko gakoak?
Lehen araua irin ona erabiltzea da eta gero prozesu on bat jarraitzea: legami edo ore ama kantitate zehatzean erabili eta behar duen denbora eman.

Zein da zuen eskaintza? 
14 ogi mota ezberdin izan ohi ditugu astean zehar: gari txuria, %100 osoa edo integrala, espelta, zekalea… Horietaz gain croissantak, napolitanak, kanelazko opilak… gozo aukera handia dugu. Bizkotxoak, galletak, gazta tarta, brownieak, txokolatezko tarta, sagar tarta… Hau guztiaz gain, azukrerik eta irinik gabeko gozo batzuk ere baditugu, baita jogurtak ere, guk egindakoak. Sasoi honetarako Gabonetako proposamenak ere bai: errege-opila, panettonea eta azkeburuko batzuk, dastatzeko kaxa polit batean. 

Zein da produkturik salduenak? 
Ogi barra txuriaz gain, %100 ogi integrala, espeltako ogia, galletak eta brownie-ak.

Zein izan da egin dizueten eskaerarik bitxiena? 
Bitxiena esaten ez genuke jakingo, baina pena gehien galdera honek ematen digu: ogi normala bauduze? Geroz eta gutxiago entzuten dugu, baina oraindik ere entzun behar izaten dugu, ogi arraroak balira bezala gureak.

Konfinamendu garaian eta oraingo erdi konfinamendu honetan zuek irekitzen jarraitzen duzue, nola ari zarete bizitzen pandemia egoera hau?
Kafetegia itxita eduki genuen, eta baita orain ere, baina ogia saltzen jarraitzen dugu. Garai arraroak dira. Zaila da ekoizpenarekin asmatza. Konfinamendu garaian adibidez jendeak aste guztirako ogia erosten zuen askotan. Bestalde etxean ogia egiteko joera nabaritu genuen eta irin zein legami ugari saldu genuen. Ezin gara kexatu, pozik gaude irekita jarraitu dezakegulako. 

Oro har, zer moduzko harrera izan duzue? 
Hasiera batetan, gure aurretik zegoen okindegiak zituen produktu berdinak espero zituzten bezeroek. Jada hiru urte egin ditugu ordea, eta geroz eta jende gehiagok ezagutzen gaitu eta egun esan dezakegu bezero fidelak ditugula.

Nola ikusten duzue etorkizuna? Proiektu berriren bat ba al duzue esku artean? 
Bezero gehiago fidelizatu eta produktu berriak eskaintzen joatea da etorkizun motzean daukagun asmoa.