Garoña ixteko eskatuko dute berriro

Garoña ixteko eskatuko dute berriro https://www.gaztezulo.eus/albisteak/garona-ixteko-eskatuko-dute-berriro/@@download/image/20091063150garoina_ez.jpg
2012/12/13
berria
Garoña ixteko eskatuko dute berriro
Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatuko du berriro Zentral Nuklearraren Aurkako Koordinakundeak abuztuaren 11n. Hitzaldia, bazkaria eta manifestazioa antolatu dituzte, zentral nuklearra izugarri arriskutsua dela azaltzeko, eta Espainiako Gobernuari berehala itxi dezan eskatzeko.

Garoñako zentral nuklearra Burgosen dago, Euskal Herritik oso kilometro gutxira. Zentrala oso arriskutsua dela salatzeko, haren aurkako plataformak Garoñara martxa antolatu du. "Espainiako zentral nuklear zaharrena da, eta funtzionatzen ari den lehen belaunaldiko zentral nuklear bakarra", salatu du Koordinakundeak. Izan ere, 1971an jarri zuten martxan, Francoren diktadura garaian.
Zentral nuklearra ustiatzeko baimena 2009ko uztailean amaituko da, baina Nuclenor enpresa kudeatzaileak 2019ra arte ustiatu ahal izateko baimena eskatu du. Koordinakundeak baimen hori ukatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. "Oso arriskutsua da. Pitzadurak ditu. Gainera, joan den urtean aurreikusi gabeko astebeteko geldialdia egin zuen, eta hori ere oso adierazgarria da".
Azkenik, zentralak errendimendu nahiko eskasa duela dio Koordinakundeak, eta honen guztiagatik bestelako kultura energetiko bat eskatu du.

Larunbateko egitaraua
Hitzaldia: 12:30ean Greenpeaceko Carlos Bravok hitzaldia eskainiko du Garoñako zentral nuklearrari buruz. Ciudad de Frias herriko (Burgos) udaletxean.
Bazkaria: Hitzaldia bukatutakoan bazkaria izango da Frias herriko San Vicente eliza aurreko zelaietan.
Manifestazioa: 18:00etan manifestazioa abiatuko da Barcina del Barco herritik zentral nuklearreraino.