Garbigailuak festetan ere ez dabiltza bakarrik

Garbigailuak festetan ere ez dabiltza bakarrik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/garbigailuak-festetan-ere-ez-dabiltza-bakarrik/@@download/image/2011675442saioa_1361355484.jpg
2011/06/03
erreportajea
Saioa Iraola Urkiola Bilgune Feministako kidea
Jaietako alkandora distiratsuak eta galtza zuri-zuriak. Gosari, bazkari eta afari mundialak. Baina, garbigailuak ez dabiltza beren kabuz, ezta lapikoak ere: etxean, elkartean; ahizpek, amek, izebek edota amonek ez dute gozatzeko tarte gehiegirik izaten jaietan.


Eta plazan? Harri jasotzaileak, aizkolariak, pilotariak, dultzaineroak, kontzertuak, zezenak. Gizonak dira ekimenetan protagonista eta ikusleen gehiengo ere bai. Eta emakumeak?

Hitz hauek ez zaizkigu arrotzak: "Ipurdia, titiak ukitu dizkit hark" edo "Txarrera ligatzen dabil", gure jaietako errealitatea baitira.
Festak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira: errealitatearen adierazle kondentsatu modukoak. Jaiek norbanakoa kolektibora hurbiltzen dute prozesu honetan jokoan sartzen diren sentsazio eta emozio anitzen bidez.

Gure ustez, festak bizitzaren erdigunean daude baloreen munduarekin erabateko lotura dutelako; herriaren nortasuna, jendarte egitura eta, hortaz, bertan ematen diren zapalkuntzak eta diskriminazioak adierazten dituztelako.
Jaiek eta erritoek jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak, diskriminazioak, rol banaketa, eta emakume eta gizonen irudi idealizatuak. Horregatik deritzogu garrantzitsua dela jaietan ere ikuspegi feminista txertatzea eta egun indarrean dauden zapalkuntza estruktural guztiei aurre egingo dien lana garatzea.

Jendartearen eraldaketa bidean, ohiturek ere norabide berdinean joan behar dute. Tradizioa ez baita ezer hertsia, monolitikoa, esentzian oinarritua; bizirik dagoen zerbait baizik. Festak, pasadizo hutsez harago, gure kultura eta jendartearen beste adierazpen publiko bat dira. Beraz, jendartean gauzatu nahi ditugun aldaketek gure herriko festetan ere isla izan behar dute, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako. Guk eraikitakoa guk alda dezakegu. Eta ildo horretatik, herri jai parekideen aldeko jardunarekin jarraituko dugu, bidea fintzen; eta horretarako, iaz sortu genuen    proiektua indartzen segiko dugu festa batzordeetan eta koordinadoretan, eta nola ez, festetan ematen diren eraso sexistak ekiditeko eta salatzeko bitartekoak ahalbidetuko ditugu.

Bitartean, aurten, emakume gehiago izango gara Euskal Herriko plazetan, herri guneetan, txosnetan jaiak askatasunez biziz, gozatuz, dastatuz, usainduz, e.a. Eta alkandora zikin gehiago ikusiko ditugu kaleetan, eta galtza zuriak marroiak, eta lapikoak berriz, elkarrekin bete beharko ditugu janari goxoz, bestela hutsak geldituko baitira aurtengoan.