Garai hotzagoetan tristeago egotearen arrazoiak

Ez badirudi ere, negua ate joka dugu eta horrekin, baita tenperatura freskoagoak ere. Apurka-apurka, bizitza, udarekin alderatua, dinamika barnerakoiago batean sartzen da. Horrek ez du ezer txarrik, baina batzuk tristeago sentitzen dira urte sasoirik hotzenetan. Zu horietakoa bazara, ez zaude bakarrik.
Hilabete hauetan argi kopurua urriagoa da eta goizago iluntzen du gainera. Euria ere ohikoagoa izaten da eta hotza egiten duenez kaleko planak ere murriztu egiten dira. Guzti hau honela laburtu genezake: gure organismoak D bitamina gutxiago ekoizten du. Horrek eragina izaten du gure gogo-aldartean eta osasun mentaleko arazoak sor litzake.
Ohitura kontua ere bada. Udaberri eta uda garaian, gehiegizko beroa egiten ez duen egunetan behintzat, paseatzeko joera gehiago dago, korrika egitera ateratzekoa edo jardueraren bat burutzekoa. Izan ere, ariketa fisikoak ez du soilik zure gorputza moldeatzen, baita zure garuna ere. Horregatik da hain gomendagarria urte osoan zehar modu erregularrean ariketa fisikoren bat egitea.
Azkenik, sozializazioa dago. Bakardadeaz gozatzen duzunetakoa bazara ere, berandu baino lehen kontakturen baten beharra izango duzu ziur. Gure oreka mentala mantentzeko beharrezkoak ditugu besteak. Udazkenean, eta batez ere neguan, planak gutxitu litezke eta horrek gogo-aldartean eragin lezake.
Tristuran ez erortzeko bada irtenbiderik ordea. Etxean ariketa errutina bat diseinatu zenezake, edo gustuko dituzun plan gehiago planteatu eta lagunekin partekatu ideia horiek. Nagikeriari aurre egin eta etxetik ateratzea da gakoa. Bestela, erosotasuna tristura bilakatuko da neguan edo hotza (azkenik) iristen denean.