Garagardoaren Nazioarteko Eguna da!

Garagardoaren Nazioarteko Eguna da! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/garagardoaren-nazioarteko-eguna-da/@@download/image/birra_azala_1435309996.jpg
2016/08/05
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37 eta Galder Izagirre. Argazkiak: Galder Izagirre
Azken urteetan hainbatek ekin diote gurean artisau garagardoa ekoitzi eta saltzeko abenturari. Edatera ohituta gauden garagardo industrialarekin alderatuta, oinarrizko lehengaiak eta ekoizpen prozesu tradizionalak
erabiltzen dituzte. Ondorioa argia da: kalitatezko edari naturala. 


Artisau garagardoek bi ezaugarri bereizgarri nabarmen dituzte. Alde batetik, erabilitako lehengaiak daude. Ura, garagar malta (kasu batzuetn beste zereal batzuena), legamia eta zapore bereizgarria ematen dien lupulua erabiltzen dituzte soilik. Ez dute bestelako kontserbatzaile edo gehigarririk izaten.

Bestetik, ekoizpen prozesua modu tradizionalean egiten dute. Fermentazio edo hartzidura bi alditan egiten da, edukiontzi ezberdinetan, eta horrela, gasifikazioa bigarren hartzidura horretan modu naturalean ematen da. Garagardo industrialetan, lehen hartziduraren ostean modu artifizialean gasifikatzen da edaria. Gainera, prozesu tradizionalean garagardoa ez da pasteurizatzen, eta, ondorioz, botilaratu ostean ere hartzitzen jarraitzen du.

Jarraian, Euskal Herriko hainbat garagardogile artisauren berri emango dizuegu. Noski, ezin izan ditugu guztiak orriotara ekarri. Gurean dugun aniztasun eta aberastasunaren lagin bat baino ez da ondokoa. Osagarri gisa, garagardoaren inguruan sortu diren beste ekimen batzuen berri ere emango dizuegu, baita etxean garagardoa egiten duen lagun baten esperientzia ere. On egin!


BIDASSOA BASQUE BREWERY
Irun (Gipuzkoa)
bidassoa.es



Duela hiruzpalau urte, New Yorken, Carlos Arrecubietak Captain Lawrence artisau garagardotegiarekin kolaboratzen hastea erabaki zuen, hainbat urtetan etxean gagardoa egiten aritu ostean. Esperientzia bikaina izan zen, eta lagun Iñigo Pérezi eta Goyo Villalabeitiari abentura berri bat hastea proposatu zien.
2013 hasieran ekin zioten. Makinaria erosi, lokala prozesuaren beharretara egokitu eta probak egiten hainbat hilabetetan lan egin ostean, 2014ko irailean komertzializatu zuten lehen garagardoa. Carlosek garagardoa egiten AEBetan ikasi izanak, Bidassoakoen garagardoei ukitu amerikar berezitua ematen die.

Zein osagai dira beharrezkoak garagardo bikaina egiteko?
Alde batetik, makinaria oso garrantzitsua da (sukaldea eta garagardoa hartzitzeko eta ontziratzeko makinak), eta bestetik, kalitatezko lehengaiak erabiltzea ere bai (maltak, lupuluak, legamiak...). Horretaz gain, derrigorrezkoa da esperientzia handia duen eta makinaria behar bezala erabiltzen dakien garagardogilea izatea. 

Aldiz, artisau garagardotegia arrakastatsua lortzeko?
Gauza asko dira garrantzitsuak. Lehen esandako inbertsioaz, lanaz eta lehengaiez gain, beharrezkoak dira garagardoaren mundua maitatzea, errezetak diseinatzerakoan sormena izatea, kudeaketa komertzial eta ekonomiko ona egitea, eta baita zortea ere. Baina, batez ere, garagardoaren kalitatea da garrantzitsuena. Horri guztiari publikoaren aldetik produktuarekiko interes eta eskari gero eta handiagoa gehitzen badiogu, garagardotegiak arrakasta izan dezake. Ez da batere erraza; gu Bidassoa Basque Breweryk funtziona dezan bizitza uzten ari gara, baina momentuz, merezi du.

Gaur egun bizi daiteke artisau garagardoa egitetik?
Bai, bizi daiteke, baina soilik lan asko egiten baduzu, inbertsio handiak egiten badituzu eta kalitaterik goreneko produktua lortzen baduzu.


NAPARBIER
Noain (Nafarroa)
naparbier.com



Josu Taniñe eta Juan Rodríguez, beste asko bezala, garajean hasi ziren eurentzako garagardoa egiten. Langabezian geratu zirenean, ordea, enpresa sortzea erabaki zuten, hortik bizitzeko asmo irmoarekin. Horretarako, makinaria onean inbertitu eta Alex Schmid garagardogile alemaniarrari eskatu zioten laguntza. Sei urteren buruan, urtean 50.000 litro saltzetik 300.000 litro saltzera pasa dira. Gaur egun, Europako herrialdeetara inportatzen ari dira.

Mota ezberdinetako hainbat garagardo dituzte, kalitate handikoak. Izan ere, laborategi propioa dute, legamiak eurek garatzearen dituzte eta prozesu guztiaren kontrola euren esku dago. Bestalde, garagardo mota bakoitzaren berezko ezaugarriak oinarri dituzten garagardoak dira.

Badirudi garagardotegi industrialak artisau garagardoen arrakastarekin urduri jartzen ari direla. Zer deritzozu?
Hemen oraindik produktu berria gara, nolabait esateko, eta, beraz, ez diegu askorik molestatzen. Baina ikusten ari dira, adibidez, AEBetan garagardo salmenta osoaren %15era iritsi direla artisau garagardoak. Hori kontutan hartzen ari direla ikustea ez zait gaizki iruditzen. Garagardotegi industrialak telebistan IPA edo Porter garagardoen publizitatea egiten hasiko balira, gure bezero potentzialak ere gehiago lirateke.

Artisau garagardogileen gorakadarekin, lupulu eskaria ere gero eta handiagoa da. Arduratzen zaituzte eskaintza baino eskari gehiago izatera heltzeak?
Bai, noski. Ondorioz, lupuluaren prezioa gero eta altuagoa da, eta badaude lupulu batzuk jada eskuraezinak direnak. Oso arduratuta gaude.

Ekoizten duzuen horretatik, zenbat saltzen duzue Euskal Herrian?
Momentu honetan gure salmenta orokorren %16 inguru saltzen dugu Euskal Herrian.


MALA GISSONA
Oiartzun (Gipuzkoa)
malagissona.beer



Gaztetatik lagunak diren Manuel Murillok eta Iban Zabalak hainbat printzipio dituzte komunean: gastronomiarekiko pasioa, lurrak emandako produktu naturalekiko eta horiek eraldatzeko prozesu tradizionalekiko errespetua eta bizitza osotasunean bizitzeko desioa.

Oinarri horiek gidari zituztela, artisau garagardoen mundua barrutik ezagutzeari ekin zioten, Europako mikrogaragardotegiak, pub espezializatuak eta makinaria ekoizleak bisitatuta. Ibilbide horretan ezagututako lagunei eta ikasitakoari esker, artisau garagardogile ororen helburua izan dute helmuga: kalitate gorena. Horretaz gain, esperientzia osoa eskaini nahi dute, gastronomia eta maridajea ere produktuari lotuta.

Posible da bertako osagaiak bakarrik erabilita kalitatezko garagardoa ekoiztea?
Etxeko osagaiekin garagardoa egitea garagardogile artisau ororen ametsa da. Gaur egun mota batzuetako garagardoak egin genitzake lurraldeko osagaiekin. Eta, zorionez, bertako artisau garagardotegien bultzadari esker, gure lurretik datozen osagaien aniztasuna eta kalitatea urtetik urtera handitzen doa. Adibidez, badira hainbat ekimen malta eta lupulu mota berriak bertan ekoizteko, eta ondorioz, espero dugu ahalik eta garagardo ezberdin gehien egin ahal izatea.

Atzerriko garagardoetatik zer ekarri beharko genuke gurera eta bertako garagardoetan txertatu?
Ez dugu soilik atzerrikoetatik ikasi behar, bertakoetatik ere asko dugu ikasteko. Azken finean, garagardo, ekoizpen teknika eta errezeta berriak ezagutzeko jakin-mina da, bertako lehengaiekiko dugun loturarekin batera, gure ezagutza eta garagardoak garatzera eta hobetzera garamatzana.

Artisau garagardogileak filosofia bat izan behar du atzean?
Bai. Gure kasuan, lurrak ematen dizkigun produktuekiko errespetua eta geuk erabakitako bizi moldea bizitzea ditugu oinarri.


BOGA
Mungia (Bizkaia)
boga.eus



Duela bost bat urte hasi ziren Urtzi Ugalde, Aingeru Remiro, Alba Donadeu, Iñaki Leonardo, Beñat Pereda eta Bingen Akarregi Bilboko Kukutzan zale bezala garagardoa egiten. Urteetako ideia, esfortzua eta esperientziaren ondorioz, Boga ekoizpen kooperatiba jarri zuten martxan. Lan asko eta inbertsio potoloa egin eta gero, eurek diseinatu eta eraiki dute 20 hektolitroko ekoizpen planta. Hala, pozik eta gogotsu daude merkatura jauzi egiteko.

Boga garagardoak Euskal Herriko lehengaiak lehenetsiz modu naturalean ekoiztuak daude, pasteurizaziorik gabe eta osasuna, ingurugiroa zein kalitatea gutxitu dezaketen gehigarririk gabe eginda.

Garagardo artisauak gizartean zabaltzeak edari honekiko zaletasuna indartu dezake?
Are gehiago, gure ohituretan hain hedatua dagoen produktu bezala balioan jartzeko lagungarri ere izango da. Bada garaia euskal garagardoa bertoko gastronomiaren erdigunean kokatzeko, ardoaren, sagardoaren edo txakolinaren parean. Izan ere, kuantitatiboki behintzat, gehien edaten den alkoholdun edaria da gure artean.

Euskal Herriko hainbat jai eta ekitalditan ikusi zaituztegu. Garrantzitsua da kalean ere egotea?
Bai, noski. Hasieran gure zaporea herritarren parte hartzearekin definitu genuen, eta, gerora ere, bezeroekin harremanak egin eta sendotzeko balio izan digu. Gainera, salmenta zuzenetik (bitartekaririk gabe) jasotzen den etekina askoz ere handiagoa da.   
  
Beste janari eta edari batzuekin gertatzen den bezala, ekoizpen industriala alde batera utzi eta produktu naturalak gero eta nahiago ditugu?
Euskal Herrian betidanik izan da bertoko zein kalitatezko produktuenganako begirunea, eta krisi ekonomikoak hori indartu baino ez du egin. Zer, non eta nola kontsumitzen dugun presenteago dugu orain, nahiz eta kasu batzuetan poltsikorako garestiago izan. Elikadura burujabetza eta ingurugiroa zaintzeko bidean ondo goazela uste dugu.


ETXEKO BOB'S BEER
Hazparne (Lapurdi)
etxekobobsbeer.fr



Bob Worboysek dioenez, Frantziara heldu eta jateko edo edateko produkturen bat ekoizteko enpresa txiki bat martxan jartzea pentsatzen ari zela, konturatu zen hemen saltzen ziren garagardoak ez zirela kalitate oso onekoak. Hala, garagardo ona egiten hastea erabaki zuen.

Zortzi urteren ostean, 1.000 hektolitro garagardotik  gora saltzen du urtean, erdia botiletan eta erdia upeletan. Bere garagardoek ez dute gehigarririk, ez daude filtratuta ez pasteurizatuta eta garagardoek behar duten beste denbora hartzen du ekoizpenerako. Ondorioz, garagardoa egin eta botilaratzeak sei bat aste hartzen ditu.

Zuenak bezalako garagardotegientzako garrantzitsua da garagardo mota bat baino gehiago izatea?
Bai, bi arrazoirengatik da garranztitsua. Alde batetik, jendeak gustu ezberdinak dituenez, bakoitzari berea gustukoaz gozatzeko aukera emateko. Besteik, garagardo ezberdinak egitea maite dugulako!

Zein iraungitze-data izan ohi dute artisau garagardoek? Zenbat denboran mantentzen dira egoerarik onenean?
Denbora ezberdina da, adibidez, garagardoa pasteurizatuta egon ala ez, eta baita gordetzeko eraren arabera ere. Normalean, pasteurizatu gabekoak bi urtez ondo manten daitezke egoera egonkorrean gordetzen badira.

Garagardozalea produktu industrialetik artisau produktura jauzi egiteko prest dagoela uste duzu?
Emakume batek behin esan zidan nire garagardo bat dastatu zuenetik besterik ezin zuela edan, aspergarriak iruditzen zitzaizkiolako, eta haserre zegoela! Frantzian ekoizten den garagardoaren %99a masiboki ekoizten den gasifikatutako likidoa da. Baina garagardozaleak dastatzeko garagardo interesgarrien bila ari dira gero eta gehiago, eta garagardo industrialetik haratago dagoen mundua deskubritzea izugarria izan da eurentzeko.


LAUGAR

Gordexola (Bizkaia)
laugarbrewery.com



Eneko Neira, Eder García, Txus Cabrera, Aingeru del Campo, Sergio   eta Duela lau urte baino gehiago hasi ziren Barakaldoko lonja batean garagardo errezetak sukaldatzen, imajinazioa bidailagun. Hasieran eurek kontsumitzeko zena, lagunengana heldu zen, gero tabernetara, azoketara, eta produktuak izandako harrera ona ikusita, mikrogaragardotegia eratzea erabaki zuten. Maiatzean urtebete egin zuen Laugarrek.

Euren garagardoaren ezaugarrietan baino, egiteko moduan dira bereizgarri Laugarrekoak: lana pasioz, umorearekin eta lasaitasunez egiten dute, eta horixe transmititu nahi dute euren garagardo zein diseinuekin.

Zein dira garagardo industrialen eta artisau garagardoen arteko ezberdintasunik nabarmenenak?
Artisau garagardoan kalitatea kantitatearen gainetik nagusitzen da. Produktua goi-mailako kalitatezko lehengaiekin egiten da eta artziduraren zein kontserbazioaren portaera naturala alda dezakeen sustantziarik ez da gehitzen. Horretaz gain, artisau garagardoaren baitan, etengabe berritzen ari diren produktuentzat lekua dago, eta estiloak ere ezin anitzagoak dira.

Ardoarekin egiten den legez, gero eta ohikoagoak dira maridaje saioak. Zuek egin duzue baten bat gargardoa eta gazta uztartuz. Interesgarria deritzozue?
Zalantzarik gabe esperientzia zoragarria da bi produktuak orekan uztartzea, baten zaporeak bestea estaltzen ez duenean. Eta ez soilik gaztarekin, hainbeste dira artisau garagardo motak hamaika elikagairekin egin daitezkeela maridaje bikainak.

Garagardo batez gozatzerakoan eta hori baloratzerakoan, zer izan beharko genuke kontutan?
Hainbat ezaugarri izan beharko genituzke kontutan, baina batzuk aipatzeagatik, itxura, aroma eta zaporea garrantzitsuenetakoak dira. Eta garrantzitsuena, nola ez, konpainia ona!


ZARAUTZ BEER COMPANY
Zarautz (Gipuzkoa)
zarautzbeer.com



Jaume Kimet Urgellesek etxean egiten zuen garagardoa, Corbera de Llobregaten (Bartzelona) eta sukaldaria den Arnauk bere aurreko negoziorako, Zarauzko Ànima gastrotekarako. 2013 amaieran, bien artean garagardotegia muntatzea erabaki zuten. Hilabeteetako lanaren ostean, 2014 amaieran euren lehen gargardoa izan den Earra ekoizten hasi ziren.

Earra-k, gagar ezberdinen malta eta zekalea uztartzen ditu, eta horrek espezia ukitua ematen dio. Bestetik, dry hoping metodoarekin citra, cascade eta simcoe lupuluak erabili dituzte, eta ondorioz, mangoa, mertxika edota marakuia gogorarazten duten aroma daukan garagardo freskoa da.

Zein puntutara arte uste duzu garardo bat lurralde jakin bateko kultura edo izateko eraren erakusgarri izan daitekeela?
Garagardoa edari soziala da, eta hemen guztia kalean ospatzen dugu, garagardo bat eskutan dugula. Pozgarria da jendeak janariarekiko eta ardoarekiko betidanik izan duen interes bera orain garagardoarekiko ere izaten ari dela. Guztioi ez zaigu gauza bera gustatzen, eta garagardoaren munduan ere bakoitza bere zaporearen bila dabil.

Euskal Herria itsasoari oso lotuta dagoen herria izateak uste duzue hemengo garagardoetan eraginik izan dezakeela?
Garagardoa ekoizteko orduan ez du eraginik, lehengaiak ez baitira inguru horretan egon, eta hartzidura ontzi itxietan egiten baita. Baina, noski, garagardogilearen zein zalearen izateko erak badu eraginik.

Zein uste duzu dela artisau garagardoak izaten ari diren arrakastaren arrazoi nagusia?
Lehenik eta behin, kalitatea. Artisau garagardoan osagaiak euren kabuz nabarmentzen dira, lupulu ezberdinen aromak eta malten zaporeak, adibidez. Bestalde, ekoizpena bertakoa izateak hurbiltasuna dakar, eta horrek, konfidantza. Prozesua bertatik bertara ikusteko aukera daukazu fabrikak bisitatuta eta garagardogileak ere pertsonalki ezagutu ditzakezu.


BASQUELAND BREWING PROJECT
Hernani (Gipuzkoa)
basquebeer.com



2013ko azaroan, beste garagardogile batzuen instalakuntzak balia zitzaketela ikusita, diru pixka bat jarri, espazioa alokatu eta 3.000 litro garagardo egin zituzten Kevin Patricio, Benjamin Matz eta Benjamin Rozzi estatubatuarrek. Beste behin jokaldia errepikatu, eta gero 5.000tako saioa egin zuten. Azkenik, euren garagardoak erantzun ona izan zuela ikusita, inbertitzaile pribatuengana jo zuten. Hala, uztail amaieran martxan izango dute euren fabrika.

Detaile guztiak zaintzen dituzte, beti hobetzeko ahaleginean, eta zerbait ez bada bikain ateratzen uzta hori bota egiten dute. Gainera, Matz sukaldariaren esperientziak garagardoaren kalitatea ziurtatzen du: hamahiru urte daramatza honetan lanean, tartean San Diegoko Stone Brewing eta Port Brewing garagardotegietan.

Zuen garagardoak badu ukitu amerikarrik?
Bai, baina ez uste dezakezuen zentzuan. Estatubatuarra izateak tradiziorik ez izatea esan nahi du, beraz, Alemanian edo Belgikan ez bezala, ez dugu araurik, edo arau bakarra dugu: Ideiarik onena da irabazle! Amerikar filosofia hori odolean daramagu.

Nola ikusten duzue Euskal Herriko garagardo kultura?
Abiadura handian heltzen. Duela urtebete gure inguruan bi taberna soilik zeuden artisau garagardoa kañeroan zerbitzeko prest, eta orain askoz gehiago dira. Pauso handia da taberna asko garagardotegi industrialekin dituzten kontratuak apurtzeko gogoz ikustea, garestiagoa den produktu baten alde egiteko. Bestalde, euskaldunak zuen ondareaz oso harro zaudete, eta ondo dakizue janaria eta edaria ondare garrantzitsuak direla. AEBetan 30 urte behar izan dituzte artisau garagardoak merkatuaren %14a irabazteko. Euskal Herrian erdia baino gutxiagoan lortuko duzue.

Euskal Herria leku ona izan daiteke artisau garagardogileentzako?
Noski. Asko lagunduko luke administrazioak burokrazia erraztea. Bestalde, batzuek uste dute konpetentzia gehiago izatea kalterako dela, baina ez da horrela, kontrara, zenbat eta kalitatezko garagardo gehiago izan, kontsumitzaileak ere gehiago izango dira. Gu prest gaude pausoa eman nahi dutenei laguntzeko.


BAIAS
Oiardo, Urkabustaiz (Araba)
baiasgaragardotegia.com



2004an Argentinara egin zuten bidaia batean zera deskubritu zuten Idoia Marañónek eta José Luis Lópezek: ordura arte edan zituzten garagardoekin zaporean zein itxuran zerikusirik ez zuten garagardoak existitzen zirela. Ondorioz, 2006an ikertzeari ekin eta 2010ean gauzatu zuten Baias garagardotegia.

Kimika eta kontabilitate kontuak alde batera utzita, Baias definitzen duten ezaugarriak ekoizpenaren kalitatea eta lantze prozesuan sormenak duen garrantzia dira. Era berean, sukaldaritzan duten formazioak ere euren lan egiteko modua gidatu eta definitzen du.

Esango zenukete gizartea, oro har, berriz ere naturara hurbiltzen ari dela, eta alde horretatik, artisau garagardo naturalek zale gehiago izan ditzaketela?
Gizartea lurrarekin harremana berreskuratu nahian dabil, jatorriarekin, eta horrek, gastronomiaren alorrean, eta batez ere artisau garagardoenean, produktuaren kalitatearen eta benetakotasunaren bidean jartzen gaitu. Eta noski, ekoizpen prozesuen iraunkortasunari ere garrantzia ematen dio.

Garagardo ekologikoaz ere hitz egin genezake. Adibidez, Baias Eko garagardoa ekologikoa da. Nola bururatu zitzaizuen eta zergatik da ekologikoa?
Ekoizpen ekologikoa Baiasen filosofiaren parte da, eta, beraz, nekazaritza ekologikotik datozen lehengaiekin sortutako garagardoa egitea natural zaigu. Hala, Vitoria-Gasteiz Green Capital egitasmoaren baitan, Baias Eko garagardoa sortu genuen 2012an.

Suposatzen dut supermerkatuetan sartzea zaila izango dela. Hori kaltegarri zaizue ala alde positiboa ere izan dezake?
Baias auzoko denda txikietan, gourmet dendetan, kontsumo taldeetan eta jatetxeetan dago, baina baita azalera handiko saltokietan ere. Horrek produktua ikusarazten laguntzen digu, eta baita kalitatezko produktua kontsumitzailearengana hurbiltzen ere.


DRUNKEN BROS

Getxo (Bizkaia)

drunkenbrosbrewery.com



Homebrewer bezala hasi ziren Mikel eta Pabloere artisau garagardoaren munduan; etxean eurentzako garagardoa egiten. Hainbaturte eman zituzten errezeta ezberdinak frogatzen eta ikasten, harik eta eurengaragardoa merkatura ateratzea erabaki zuten arte.

 Bi bazkideek beste lan bat zuten, eta beraz, hasieran, litrogutxi ekoizten zituzten eta espezializatuta zeuden taberna eta denda jakinbatzuetan banatzen zuten. Orain, aldiz, euren lanbide bihurtu dute, eta ondorioz,litro gehiago ekoizten dituzte eta garagardo erreferentziak ere gehiago dira.Hasierako garagardoekin arriskua hartu zutela diote, merkatuane z zeuden zaporeeta usainak dituzten edariak eginez, adibidez, errezetan erromeroagehituta.  Oraintsu, aldiz, cover series deritzenak ateratzen aridira: Mudhoney, Hendrix edota Pearl Jam inspirazio dituzten garagardoak.

Zuengaragardoetako batzuk egurrezko kupeletan hartzitzen eta heltzen dira. Zerematen die horrek?

Aroma aldetik aportatzen du, baina, batez ere,zaporean du eragina. Guri gustatzen zaigu protagonista izan ordez xehetasunaizan dadila, erraz identifikagarria, baina xehetasuna. Alde horretatik, kupelakematen dien konplexutasuna izugarria da.

Garagardoarenkalitatez gain, kontsumitzailea erakartzeko garrantzitsua izango da botilenpegatinen diseinua, ezta? Zuek nola ulertzen duzue lan hori?

Arreta erakartzeko diseinu ganberroak lantzendizkigute Atomika Studioko gure lagunek. Atera genituen lehen garagardoendiseinuak oso deigarriak dira, koloretsuak, edozein baldatan ikusgarriakikusteko. Orain atera ditugunak, aldiz, minimalistagoak dira, eta musikariekinlotutako erreferentziak dituzte.

Marbigaragardoa egiten duten lagunekin batera Big Beñat garagardo solidarioa ateraduzue. Nondik atera zen proiektu hori?

Beñat Mardaras gaztearen kasua oso ezaguna daGetxon [birikietako atrepsia dauka eta Bostonera joan behar du ebakuntza bategitera], eta pentstau genuen dirua biltzen eta, batez ere, kasua ezagutzeraematen lagun genezakeela gargardo berezi bat aterata. Marbiko Javik proposamenaonartu zuen eta halaxe ekoiztu genuen elkarlanean. Ekoiztutako botili guztiaksaldu ditugu eta hainbat jendeak lagundu duen proiektu horretan gure hondaralea jarri dugula sentitzen dugu.



ARTISAU GARAGARDO BILATZAILEA



Igor Oyarbide beasaindarra Garagardo Ahotsa blogaren arduraduna da. Beñat Irasuegi eta Joseba Karrikiri errenteriarrak, aldiz, Lupulu.com atariaren sustatzaileak. Garagardoari esker elkar ezagutu zuten eta hirurek zale bezala identifikatzen zuten hutsune bat betetzeko Localbier egitasmoa martxan jarri zezaketela ikusi zuten.

Hala, 2012an hasi ziren egitasmoa garatzen, eta 2013ko maiatzean plazaratu zuten artisau garagardoa saltzen duten tabernak aurkitzeko bilatzailea. Ordutik, beste hainbat funtzionalitate gehitu dizkiote webguneari, eta enpresa gisa ere eratu dira; bilatzailean oinarritutako negozio plana garatzen ari dira orain.

Nola osatu duzue datu-basea?

Prozesuak hiru fase izan ditu. Lehen fasean, ekoizleekin harremanetan jarri eta euren produktua non eskura zitekeen galdegin genien, baina ez genuen erantzun handirik izan. Orduan, Interneten zeuden datuekin hasi ginen datu-basea osatzen, eta neurri duina zuela ikusi genuenean, publiko egin genuen. Jendea webgunea erabiltzen hasi zen, eta ez zeuden ekoizleek ikusi zuten komeni zitzaiela egotea. Hala, bigarren fasea ireki eta berriz eskatu genizkien datuak, eta ordukoan erantzuna hobea izan zen. Azken fasean aukera zabaldu dugu ekoizle zein norbanakoek datuak sar ditzaten.

Prozesu hori Euskal Herriko ekoizleekin egin duzue?
Ez, espainiar estatukoekin. Baina tresna ez da espainiar estatura mugatzen, eta dagoeneko munduko hamasei bat hiri handitako datuak ere erabilgarri daude. Tresna unibertsala da, eta momentuz soilik gaztelaniaz eta ingelesez dagoen arren, laster euskaraz ere egongo da, eta gure asmoa da herrialderen batean norbaitek interesa baldin badu, elkarlanean garatu eta bertako hizkuntzan ere jartzea.

Erabiltzeko oso erraza da.
Erabilgarritasuna da proiektuaren giltza. Hala, bilaketan erabiltzen den algoritmoa ere erabilgarritasuna errazteko doitzen joan gara. Hasieran, distantzia zen kontutan hartzen zuen baldintza nagusia, eta hurbilen zenuen taberna erakusten zizun lehenengo. Orain, adibidez, garagardo artisau bat baino gehiago izatea ere kontutan hartzen du; garrantzia ematen diegu artisau garagardoarekin inplikatuta dauden tabernei. Bestalde, ekoizleen fabrikak non dauden ere sartu dugu, eta aurrera begira, ekoizpen puntutik hurbilen dauden tabernak ere hobeto baloratuko ditu. Bestalde, gailu mugikorrentzako aplikazioa proiektatuta daukagu, ea laster garatzerik dugun.

Erabiltzailearen profila zein da?
Twitterreko jarraitzaileak kontutan hartuta, gehienbat, Madril eta Bartzelonako jendea dela esan genezake. Baina normala da, hiri horietan baitago artisau garagardoaren inguruko mugimendurik handiena.

Jendeak inguruan dituen taberna interesgarriak aurkitzeko erabiltzen du, ala gehiago hiriren bat bisitatzen duenean?
Orain, gehienbat, jendeak kanpora doanean erabiltzen du, hiri ezezagunetan garagardo ona non dagoen deskubritzeko. Garagardozaleak normalean badaki etxean non duen taberna egokia. Hala ere, tokian tokiko artisau garagardoaren alde egiten duten tabernen balioa ere agerian jarri nahi dugu, eta horien inguruan komunitatea sortzen joan. Adibidez, lanean ari gara tabernekin momentu bakoitzean dituzten erreferentziak ere bistaratzeko, hau da, uneoro garagardogile bakoitzaren zein garagardo dituzten eguneratuta izateko.

Errentagarritasunera begira, negozio aukerak hainbat izan daitezke.
Bai, adibidez tabernen sektorea aukera polita da, oro har, Internetekin ez baitute harreman handirik, eta hori negozio aukera bihur genezake. Negozio ikuspegiari dagokionez, hiru alderdi jorratuko ditugu: alde batetik, erabiltzaileak daude; bestetik ekoizleak, banatzaileak eta tabernak; eta, azkenik, Localbier bezala eskaini ditzakegun zerbitzu profesionalak.

Negozio aukerak hor daude, baina eztabaida publikoari ez diozue muzin egiten, eta gardentasuna da zuen balio nagusietakoa.
Hala da. Adibidez, garagardo bat leku jakin batekoadela esaten duten askok kanpoan ekoizten dute. Guk gaia planteatu geuen, eta, ondorioz, Localbier.com-en garagardo bakoitza non ekoizten duten adierazten dugu orain. Bestetik, multinazionalak hasi dira artisau garagardoan sartzen, eta guk hor paper bat jokatuko dugu adieraziz zein artisau garagardo dauden multinazionalen menpe. Gure egitekoa ahalik eta informaziorik gehien ematea da, eta gero kontsumitzaileak hartuko du erabakia. Era berean, garagardoaren inguruko komunitatea indartzea ere badugu helburu. Horretarako, adibidez, Txingudi Beer Week deituko duguna antolatuko dugu gargardoan espezializatuta dauden  Irungo Boulevard eta Estebenea tabernekin elkarlanean.

ASIER ZAPIAIN



Ingalaterran lanean dabilen lagun batek kontatu zion Asier Zapiani etxean garagardoa egiten zuela, han nahiko jardun zabaldua zela. Interesgarria iruditu zitzaion, informazioa bilatu eta bera ere Urruñan (Lapurdi) duen etxean garagaragardoa egitera animatu zen.

Zein izan da zure garagardogile prozesua?
Etxeko sukaldean bost litroko saioak egiten hasi nintzen. Hasieran malta-estrakto likidoa erabili nuen, eta gero malta garauetara pasatu; orduan erabaki nuen The Angry Brewerykoekin ikastaro bat egitea. Ostean, mazeratzaile bat lortu eta garauekin garagardoa egiteko behar den guztia duen kit horietako bat eskuratu nuen; horrekin hogei litro egin daitezke, eta 300 bat eurotan lortu daiteke. Azkenik, gaur egun dudan ekipoa lortu nuen, 50 litrokoa eta grabitate indarrari esker funtzionatzen duena.

Erraza da lehengaiak lortzea?
Internet bidez erraz lortu daitezke. Espainiar estatuan hainbat dendatan saltzen dituzte lehengaiak zein materiala.

Kalitatean nolakoa izan da zure garapena?
Poliki-poliki ikasten joan naiz. Baina ez da zaila denbora gutxian garagardo dexentea lortzea.

Osasunarentzako arriskutsua izan daitekeen zerbaitekin kontuz ibili beharra dago?
Osasunerako ez dago arriskurrik. Gehienez ere, tripako mina izango duzu garagardo txar bat edategataik.

Ingurukoekin konpartitu duzu? Zer iritzi dute?
Etxean egiten dudana konpartitu egiten dut; garagardoa hobe konpainian. Iritziak, oro har, onak dira, eta etxean egindakoa dela esaten diedanean harritu egiten dira.

GARGARDOA HERRIA EZAGUTZEKO BIDAIDE



Ernesto Olasagastik (Hondarribia), bederatzi urtez bere kontura bidaiatzen eta Banoa Bidaiak enpresan gida gisa aritu ostean, Ikusnahi sortu zuen bisitariei euskal kultura beste modu batean erakusteko gogoz. Berak diseinatutako ibilbideetan kultura, gastronomia itsasoa eta mendia uztartzen ditu, eta ekoizle txiki eta artisauen bitartez, Euskal Herrira datozen bisitariei gure herria pertsonen bitartez erakustea du helburu.

Turismo gastronomikoak esaten den bezalako pisua dauka Euskal Herriko turismoan?
Zalantzarik gabe gure aktiborik garrantzitsuenetakoa da, eta bisitari asko horrek erakartzen ditu. Ikusnahin, adibidez, helburutzat dugu bisitariak gazta, enbutido, sagardo, ardo, garagardo eta bestelako produktuen ekoizle txikiengana eramatea.

Turistek badute artisau garagardoekiko interesik?
Orandik ez dut atzerritarrik eraman garagardoaren ibilbidea egitera, sortu berria baitugu, baina AEBetara, Alemaniara edota Belgikara egin ditudan bidaietan ikusi dut jendeak sektorearekiko interesa duela. Gure kasuan, eskaintzen ditugun beste ibilbideekin alderatuta ezberdina da garagardoarena, helburua bertako jendea ere etortzea baita. Ikusnahiren bezero nagusia atzerritarra da, baina irudipena dut bertako jende gazteari ere interesgarri egingo zaiola garagardoaren ibilbidea.

Zein herrialdetako jendeak du interes gehien artisau garagardoan?
Historikoki kalitatezko artisau garagardoan interesa izan duten herrialdeak Belgika, Alemania, Ingalaterra, Irlanda eta Eskozia izan dira, baina azkenaldiak garapen handia izaten ari dira AEB eta Italia. Uste dut ibilbidea interesgarri egingo zaiela herrialde horietako bisitariei, eta, batez ere, amerikarrei, han brewery edo garagardotegiak bisitatzea ohikoa baita eta garagardo azoka izugarriak antolatzen baitituzte.

Nolatan bururatu zaizue zuen ibilbide gastronomikoetan artisau garagardoa sartzea?
Betidanik izan naiz garagardo zalea, baita ardo zalea ere. Guretzat ohiz kanpokoak diren garagardoez gozatzen Belgikan eta Alemanian ikasi nuen, eta pixkanaka herrialde horietako garagardoak gurera iristen joan ziren. Duela sei bat urte Kaliforniako eta Kanadako kostaldean ezagutu nuen artisau garagardoen mundua gaur egun hemen ezagutzen dugun gisa. Iparramerikan sekulako arrakasta izan du azken urteetan, eta badirudi gurera ere geratzeko etorri dela. Nire lehiakideak gehienbat ardo ibilbideak egiten ari diea, eta nik zerbait ezberdina eskaini nahi dut.

Zer eskaintzen diezue turistei artisau garagardoarekin lotuta?
Mikrogaragardotegietan nola lan egiten duten erakutsi nahi dugu. Horretarako, bisita gidatuak eta garagardo-dastatzeak eskaintzen ditugu. Gainera, artisau garagardoek oso ondo maridatzen dute janariarekin, beraz, geure-geureak ditugun produktuekin ere nahastuko ditugu, adibidez, gaztarekin, enbutidoekin edo txokolatearekin.

Euskal Herrian ardoak, txakolinak eta sagardoak duten erreferentzialtasuna artisau garagardoek lortu dezaketela uste duzu?
Zaila izango da hiru produktu horiekin lortu dugun mailara heltzea, artisau garagardoa ez baitago gurean sustraituta. Baina ziur nago lanean ari diren garagardogileek euskal garagardoa leku onean jarriko dutela; bai behintzat espainiar estukoekin alderatuta. Momentuz, kataluniarrak dira kantitatean zein kalitatean onenak, baina dagoeneko oihartzuna izaten ari da Euskal Herriko garagardoen kalitatea.

Dastaketa saioak egiteko nolako potentziala ikusten diezu artisau garagardoei?
Guk, adibidez, bi garagardotegi bisitatuko ditugu ibilaldietan, eta bisitariei eskainiko dieguna zera izango da: instalakuntzetara bisita gidatua, garagardo dastaketa, eta amaitzeko, otordua, bertoko produktuekin egindako bost plater bost garagardorekin maridatutako dituena. Uste dut bertoko jendearentzako ere interesgarria izango dela hemengo garagardo ezberdinak ezagutzen joateko. Hala, gero eta handiagoa den eskaintzaren aurrean ondo aukeratzen jakiteko moduan izango dira.

Artisau garagardoaren bitartez ezagutzen gaituen turistak nolako Euskal Herria ezagutuko du? 
Produktua zaintzen eta maitatzen duten bertoko ekoizleak ezagutuko ditu, lehengai onekin lan eginez kalitatezko produktua helburu dutenak. Era berean, Euskal Herriko txoko ezberdinak ere ezagutuko ditu, lan egiteko modu ezberdinak dituztenak, Ipar Euskal Herrian hasi eta Nafarroaraino, kulturari buruz ikasteko ere tartea izanik. Gainera, ikusiko dute jendea berton kontsumituko diren produktuak ekoizten ari dela, baratzetako garaiko produktuekin bezala, garagardoarekin ere.

EUSKAL BREWERY


ARABA
BAIAS
BRIA (LEHEN VG NOSTER)
FALKEN BREWING
GARAGART
OLBEA

BIZKAIA
BLACK BITCH BREWING CO
BOGA
DRUNKEN BROS
LA SALVE
LAUGAR
THE ANGRY BREWERY
TITO BLAS

GIPUZKOA
BASQUELAND BREWING PROJECT
BIDASSOA BASQUE BREWERY
BREW GROSS COMPANY
GAR&GAR;
MALA GISSONA
MATTINADA
OLAÑETA
PAGOA
ZARAUTZ BEER COMPANY
ZERB

IPAR EUSKAL HERRIA
AKERBELTZ
ARROBIO
BOB’S ETXEKO BEER
EKI
OLDARKI

NAFARROA
MITIKA
MORLACO
NAPARBIER
SAN FERMIN
SESMA BREWING
TXIKITA

*EUSKAL HERRIAKO ARTISAU GARAGARDOGILEEN ZERRENDA HONETAN BALITEKE BATEN BAT FALTATZEA.