Galder Izagirre: "Photoshopak gizartearen etika jartzen du ezbaian"

Galder Izagirre: "Photoshopak gizartearen etika jartzen du ezbaian" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/galder-izagirre-quotphotoshopak-gizartearen-etika-jartzen-du-ezbaianquot/@@download/image/galder2_1421062402.jpg
2015/01/15
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa. @abaroa37 Argazkiak: Ainhoa Elizondo Genua
Galder Izagirre: "Photoshopak gizartearen etika jartzen du ezbaian"
Abenduko aldizkarian Galder Izagirrerekin (Irun, 1974) musikaren munduan izandako ibilbideaz solastu ginen. Orain, bere beste pasioan sakonduko dugu, argazkilaritzan.

16-17 urterekin, argazkilaritza ikastaro bat egin zuen, eta teorian ikasitakoak praktikan jarri asmoz, dirua aurreztu eta Pentax P30 bat erosi zuen. Hainbat urtetan etxeko tiraderan hautsa hartzen egon zen, baina Fermin Muguruza eta Dut egitasmoaren baitan egindako biran, 1998an, bidaide eraman zuen. Azken aukera zen: probetxua ateratzen zion edo saldu egingo zuen. Bidaia horretan, irudimena eta sormena elikatzeko espazio amaigabea ireki zion kamerak, eta ordutik ez du tiraderan berriz gorde. Egun, Diapositivisme estudioan burutzen du bere lan profesionala.

Zein izan ziren zure lehen influentziak?
Aldizkari frantsesak. Irunen bizita, Hendaiara joaten nintzen aldizkariak erostera, eta orrietan argazki interesgarriak bilatzen nituen. Asko gustatzen zitzaidan, adibidez, argazkilari frantses bat, Denis Rouvre; estilo garaikidea duen erretratista da. Aldizkari haietako argazkiak ikusita konturatzen nintzen Frantzian eskaintza bisual handiagoa zegoela. Adibide ona da Libération egunkaria; lehenak izan ziren azala goitik behera argazki bakarrarekin osatzen, eta barruko orrietan ere nabaria zen editorearen esku hartzea. Gurean argazkiak kriterio handirik gabe sartzen dira, edonola moztuta. Eta askotan ez da argazkilariaren akatsa izaten, gutxieneko irizpidedun editore bat edukitzeko aukerarik ez izatearena baizik.

Zuk kaleko zein estudioko argazkilaritza lantzen duzu.
Asko gustatzen zait argazkilaritza soziala; inguratzen zaituen horretara irekita egotea eskatzen du, eta berez dauden elementuak, argiak zein itzalak, modu bizkorrean ondo kudeatzen jakitea. Estudio lanak, aldiz, planteamenduari zor dio gehiago; zuk nahierara kudeatzen dituzu objektuak eta argi-itzalak. Eta hala ere, zaila da ideia ona aurkitzea. Adibidez, Chema Madoz bezalako argazkilariak gehiago miresten ditut artista edo pentsalari bezala, argazkilari bezala baino. Bere argazkiak teknikoki  perfektuak dira, baina erakargarriago zaizkit argazkietan planteatzen dituen ideiak. Teknika, musikan bezala, garrantzitsua da, baina ez da guztia. Zailena ideia sinple eta onak izatea da.

Argazkilaritza soziala deritzozun horretan, aldiz, intuizioak balio du gehiago?
Garrantzitsuena ‘egoera mentala’ da, pertzepzio gaitasuna. Inkontzientea ezustean gerta daitezkeen gauzekiko errezeptibo izan behar duzu, eta uste dut hori landu eta garatu egin daitekeela; seigarren zentzumen halako bat. Hori garatzen duzunean, zurekin doazenek ezer ikusten ez duten lekuan zu gai zara gauzak ikusteko, eta era berean, modu azkarrean erreakzionatzeko. Bidaiatzen dudanean, adibidez, argazki asko kotxetik egiten ditut.

Zure iritziz, estetikak ala atzean dagoen mezuak du pisu handiagoa?
Politena biak uztartzea da. Alberto García Alixen edo Sebastiao Salgadoren argazkiak, adibidez, estetikoki zein teknikoki perfektuak dira, baina muinean istorio arrailgarriak dituzte. Noski, argazkilari guztiek ez dute hori lortzen. Argazki batek arrakala bat eragin behar dizu barruan, zerbait mugitu behar dizu. Estetikoa bakarrik den argazkia hutsala da, ez dauka ibilbide handirik.

Zer duzu gustukoago, jendea erretratatzea ala arkitektura, paisaia edota objektuak?
Hasi eta lehen bi urteetan, ez nuen jenderik ateratzen. Jendea nola harrapatu nahi nuen ziurrago jakiteko beharra sentitzen nuen, eta horregatik ‘natura hila’ edo eraikinak eta objektuak ateratzen nituen. Gaur egun, aldiz, argazki on batean gehien baloratzen dudana jendea da. Pertsona ez da objektu hil bat, eta ezin dezakezu prestatu. Ondorioz, pertsona horrek izan dezakeen segundu miresgarria harrapatzeko gaitasuna izan behar duzu, eta hori oso zaila da, oso obserbadorea izan behar zara.

Hala ere, eraikinak, kaleak edota hormak errekurrenteak dira zure lanetan.
Beti iruditu zait hiri berri batera iristen zarenean bertako paretek informazio asko ematen dizutela; lehen informazio iturria paretak dira. Zer dago idatzita? Zein kartel edo grafiti dute? Pintadak sozialak, politikoak edo bestelakoak dira? Edo ez dago pintadarik? Paretek asko hitz egiten dute.

Adibidez?
Zurichera bazoaz, grafiti pila bat ikusiko duzu, oso ondo egindakoak, hirian hip-hop asko eta bizikleta zein skate kultura handia dagoela iradokitzen dutenak. Euskal Herrian, aldiz, mezu politikoak ikusten dituzu, zaindu gabeak, apenas dago muralismorik, eta grafitiak gaizki egindako sinadura hutsak izaten dira. Kotxean hiri batera sartzerakoan paretetan ikusten duzunak hiri horretan aurkituko duzunaren aurrerapena egiten dizu. Noski, pistak baino ez dira, hiriak konplexuak baitira.

Esaten da irudiaren gizartean bizi garela, inpaktu bisualez inguratuta gaude, baina norbanakook ez daukagu irudi horien mezuak filtratzeko gaitasunik, ez duzu uste?
Oso interesgarria da gogoeta hori, eta egia da. Baina, oro har, gure gizarteari lotutako arazoa da. Dena murtxikatuta ematen digutenaren sentsazioak garamatza bigarren irakurketa ezeztatzera. Ziurrenik, txikitatik irakatsi baligute bigarren interpretazioak egiteko gaitasuna garatzen, kontua bestelako litzateke. Ikasi beharko genuke ikusten dugunaren gainean ez dagoela interpretazio bakarra.

Photoshopari ematen zaion erabileraz, moda aldizkarietan adibidez, luze hitz egin daiteke. Tresna bera da arriskutsua ala erabileran dago arazoa?
Photoshopak gizartearen etika jartzen du ezbaian. Konstruktibismoaren garaian ere, Stalinen Sobietar Batasunean, argazkietatik elementuak kentzen zituzten, eta ez zegoen Photoshopik. Argazkilari esklabuak zituzten, dirua edo dokumentuak faltsifikatzen ziren bezala, modu artesanalean eta pazientzia askorekin argazkiak ere ‘ukitzen’ zituztenak. Photoshopa tresna baino ez da; zein erabilera ematen zaion da kontua. Pistola bat pistola bat da, baina emaiozu bat tximino bati...

Beraz, argazkilaritzan Photoshopa erabiltzearen alde zaude.
Lanabes bat da, eta oso potentea gainera. Buruan duzuna lortzeko balio badizu, beste lanabes bat baino ez da, taladroa edo destornilladorea bezalaxe. Nire etxera datorren iturginari ez diot faltsua dela esaten ez-dakit-zein lanabes erabili duelako. CESIDek mikrofonoak edonon jartzen dituelako arazoa mikrofonoak dira? Ala entzuketak egin nahi dituen hori da arazoa?

Argi dago erantzukizun osoa ez dela mezua zabaltzen duenarena. Hartzaileok ezagutzen ditugu manipulazio horiek, baina besterik gabe irentsi eta onartzen ditugu.
Hala da. Azken finean, argazkilaritzan, zinean, telebistan... alor ezberdinetan, eszenatokiko auraren eta argi koloretsuen atzean, argiak itzaltzean, denok dakigu beste errealitate bat dagoela. Horretaz jakitun gara, baditugu armak gezur hori desmontatu eta horri aurre egiteko. Baina sarritan irudipena dut nahiago dugula gezur horretan bizi errealitate gordinari aurre egin baino. Photoshop konstante batean bizi gara, eta gure eguneroko bizitzan aplikatzen dugu gure miseriak estaltzeko.

Gaur egun, gure bizitza argazkien bitartez besterenganatzen dugu.
Gure aiton-amonen argazkiak begiratzen baditugu, ikusiko dugu guztiak oso serio agertzen direla, ondo jantzi eta orraztuta; oso momentu solemnea zen, gutxitan gertatzen zena. Ez zegoen denen eskura, eta beraz, sozialki balio handia zuen. Gaur egun, aldiz, gure bizitza argazkitan konpartitzen dugu, barrez ageri garen edo besterik gabe txorrak diren argazkitan. Aldaketa naturala da.

Aldaketa naturala da. Gaur egungo exhibizionismoa ere bai?
Gure jende nukleo txiki horretan protagonismoa izan beharra dugu. Autoestima kontua da. Ez dut esan nahi selfie guztiak autoestimarekin lotu behar direnik, baina sare sozialetan gure alter ego ideal eta fikziozko horren gauzak konpartitzen ditugu. Guk sortutako pertsonaia ideal horren bitartez sozializatzen dugu; argazkirik onenak, ez duzu inor itsusi ikusten. Proiektatu nahi dugun irudia bakarrik erakusten dugu. Argazkilaritzatik haratago doan kontua da.

Eta guztiok oso irudi antzekoa plazaratzen dugu, hemen zein munduko hiri askotan. Itxuran zein bizitzari aurre egiteko jarreran, gero eta uniformizatuagoak gaude?
Uniformitateak akomodatu egiten gaitu, eta oso kontserbadore bihurtu. Gu geu gara gure lehenengo zentsoreak. Inkontzienteki esaten diogu geure buruari zer den gure gizartean ondo funtziotzen duena, zein parametroren artean egon behar dugun, eta hortik kanpo dagoela iruditzen zaigun guztia zentsuratu egiten dugu. Aurrez esan bezala, ez digute irakasten bigarren interpretaziorik egiten, ezta norbere buruarengan sinesten ere. Ezberdintasuna estigmazitatuta dago, ezberdinak estigmatizatu egiten ditugu, eta alderantziz, bertute behar luke.

Zer duzu irabazteko guztiak doazen autopistatik ateratzen bazara?
Gizarteak jarri dizun autopistatik joan zaitezten nahi du, ez du nahi zure bidetik joan zaitezen. Gero, Berlin, Los Angeles, New York edo Tokyora joaten zara, eta konturatzen zara zuk zeure buruari zentsuratu zeniona beste norbaitek garatu duela, haratago eraman duela eta bere lekua egin duela. Horregatik, nik beti sinetsi dut punkaren oinarrizko ideian. Solfeorik ikasi ez arren, jotzen jakin ez arren, esan nahi den hori argi esan, proiektatu, eta era barean, ausarta izan kontrako korrontean joateko. Gizartean erreferente izan direnek, ibilbideko puntu batean autopistatik atera eta bide malkartsua hartu dute, beren bidea. Baina horretarako zeure buruan sinetsi behar duzu, eta jarrera tinkoa izan, aktitudea! Argazkilaritzan ere, bizitzako arlo gehienetan bezala, jarrera da dena. Iniziatiba, sormena pentsamolde askea. Geure burua zentsuratu gabe pentsatzeak, mugarik gabe pentsatzeak, liberazioa dakar sormenean, eta noski, nortasuna.

Galderren kuttunak


Talde edo bakarlari maiteena? Gaur, Motorpsycho.
Emozioak askatzeko bidaide onena? Gaur, Converge.
Zeure burua ezagutzen laguntzen dizuna? Laboa eta Dut.
Gehien hunkitu zaituen kanta? Gaur, Royal Canal-en Si quieres me tienes.
Estetikaren gorena? 80ko hamarkada hasierako The Misfits.
Mezurik zuzenenak? El Corazón del Saporenak.
Soinu bandarik ederrena duen filma? Gustavo Santaolallaren Babel (2006) eta Neil Youngen Dead Man (1995).
Zein liburu moldatuko zenuke musikan? Me llamo Ezequiel y así será siempre (Martxel Mariska, 2002).
Hasiberri batek erreferente behar luke? Bere ametsak lehenik…

Argazkilari maiteena? Gaur, Irving Penn eta Roger Ballen.
Emozioak askatzeko bidaide onena? Hiri handi bat, kamera eta Jeff Millsen Entrance to Metropolis kaskotan.
Zeure burua ezagutzen laguntzen dizuna? Euskadi 1977/1987 argazki liburua.
Gehien hunkitu zaituen argazkia? Balkanetako gudan Serbiarrek bortxatutako emakumearena. Bere begiradan irakur daiteke: Omo omini lupus.
Estetikaren gorena? Pablo Picasso.
Mezurik zuzenena? Gernika (P. Picasso, 1937).
Argazkirik ederrena duen filma? The Tree of Life (Terrence Malick, 2011).
Zein liburu moldatuko zenuke argazkitan? Eroberung des Nutzlosen (Conquista de lo inútil) (Wegner Herzog, 2004).
Hasiberri batek erreferente behar luke? …bere kemena ondoren.