Gaizka Izagirreren telesail gomendioa: 'Widow's Bay'
‘WIDOW'S BAY’
⭐⭐⭐⭐(4/5)
Katie Dippold
10 atal
Apple
Telesailari izena ematen dion Widow’s Bay herrixka pintoresko eta erakargarria da, Ingalaterra Berritik (AEB) 65 kilometrora dagoen
uharte batean kokatua. Baina erabat isolatuta dago, ez dago wifirik, estaldura eskasa da, eta azpiegiturek iraganaren arrastoa
daramate oraindik. Horrez gain, bertako bizilagun askok irmoki sinesten dute uhartea madarikatuta dagoela. Giro horretan,
Tom Loftis alkatea etsipenaren eta itxaropenaren artean dabil, bere komunitate higatua berpizteko ahalegin nekaezinean.
Itxaropen-izpi bat piztuko da The New York Timeseko kazetari batek bisita egiten duenean eta uharteari buruzko artikulu
baikor bat argitaratzen duenean; badirudi, azkenik, turistak iritsiko direla. Premisak berak iradokitzen du beldurra izango
dela ardatz nagusietako bat, baina telesailaren berezitasun handiena umorea txertatzeko duen fintasunean datza. Itxuraz
konbentzionala den istorioa kontakizun aberats eta liluragarri bihurtu dute sortzaileek. Zalantzarik gabe, 2026ko telesail
berezienetako bat da.
Onena: Matthew Rhys eta tonua.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Midnight Mass (Mike Flanagan, 2021).

