Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Corredora'
‘CORREDORA’
⭐⭐⭐⭐(4/5)
Laura García Alonso
96 minutu
Laura García Alonso fikzioan apenas zapaldu den lurralde batean sartzen da ausardiaz: osasun mentala eliteko kirolean. Eta are arraroagoa dena, emakume baten begiradatik kontatzen du istorioa. Gaia guztiz bestelakoa izan arren eta formalki soilagoa bada ere, Black Swan filmaren oihartzun urrunak suma daitezke. Corredora filmak Crisen istorioa kontatzen du. Eliteko korrikalaria da, baina agerraldi psikotiko baten ondorioz lehia utzi beharko du. Ingurukoek ez dakite nola lagundu, baina Natalia ahizpa bihurtuko da haren babesleku nagusia, gaixotasuna onartu eta bizitza berreraikitzeko prozesuan. Drama psikologikoa eta hausnarketa soziala uztartzen dituen film sendo eta hunkigarria da. Ez du gaixotasun mentala “gainditu” beharreko oztopo huts gisa aurkezten; alderantziz, norbera eta mundua ulertzeko modua errotik aldatzen duen esperientzia konplexu gisa erakusten du.
Onena: Gaia.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Black Swan (Darren Aronofsky, 2010).

