Gabriel Aresti. Poeta gure mendean

Gabriel Aresti. Poeta gure mendean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gabriel-aresti-poeta-gure-mendean/@@download/image/idazlea_1435572287.jpg
2015/07/13
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Berrogei urte bete dira Gabriel Aresti (Bilbo, 1933 – 1975) idazlea hil zenetik. Euskara galdu zuen familia batean jaioa, hamabi urterekin hasi zen euskara bere kabuz ikasten. Administrazio ikasketak egin eta enpresa-administrazioa izan zuen ogibide. Guatemalan egiten zen 'Euzko gogoa' aldizkarian testuak argitaratzen hasi zen 1954ean. Ordutik aurrera, 'Egan',' Zeruko Argia' eta 'Anaitasuna' aldizkarietan ere argitaratuko zituen lanak, besteak beste.


Hogeita lau urte betetzekoa zelarik, euskaltzain urgazle izendatu zuten. Bi urte geroago, 1959an, Loramendi saria irabazi zuen Maldan behera poema-liburuarekin. 1963an Orixe saria irabazi eta lau liburuk osatzen duten Harriaren poesia delako sortari hasiera eman zion Harri eta Herri argitaratu zuen. Ondoren etorriko ziren Euskal Harria (1967), Harrizko Herri Hau (1970) eta hil ondoren argitaratutako Azken Harria (1979).

Ordura arteko euskal poesiagintzarekin hautsi zuen hainbat arlotan. Bizkaiera batuan idazten zuen, hiritik, bertso librean eta gai sozialak landuz. Arestiren aburuz literatura oro da soziala. "Gizartearen egoera mejoratzeko" idazten zuela esaten zuen, literatura bera helburu beharrean iraultzarako tresna bihurtuz. Euskara batuaren alde egin zuen, Euskaltzaindian eta kalean. Honek, iritzi politikoak plazaratzeko eta defendatzeko zuen grina eta zintzotasunarekin batera, hainbat polemika eta katramila ekarri zizkion.

Gehienbat poesia eta antzerkia landu bazituen ere, artikulu mordoa, nobela bat (Mundu-munduan [1965, Egan]) eta Hiztegi Tipia (1973, Lur) delakoaren lehen zatia ere argitaratu zituen. Bestalde, itzulpen andana ere egin zuen: T.S. Ellioten poemak edo Nazim Hikmeten Lau gartzelak kasu.
"Inor ez da profeta / bere mendean". Eta orain?

Bibliografia hautatua


Poesia
•    Maldan behera (1960, Euskera aldizkaria).
•    Harri eta Herri (1964, Itxaropena).
•    Euskal Harria (1967, Kriselu).
•    Harrizko Herri Hau (1970, Kriselu).
•    Azken Harria (1979, L. Haranburu Editor).

Antzerkia
•    Mugaldeko herrian eginikako tobera (1961, Egan).
•    Justizia txistulari (1967, Egan).
•    Beste mundukoak eta zoro bat (1969, Lur).
•    Lau teatro arestiar (1973, Kriselu-Lur).

Itzulpena
•    14 alegia; Tomas Meabe (1968, Kriselu).
•    Lau gartzelak; Nazim Hikmet (1971, Kriselu-Lur).
•    Boccaccioren Dekamerone tipi bat; Giovanni Boccaccio (1979, Haranburu).