Gabon hauetan gurekin egongo ez direnen hutsunea arintzeko gakoak

Aurtengo Gabonak ez dira errazak izango, eta ez soilik elkartzeko aukerarik izango ez dugulako; pandemiak milaka hildako utzi ditu aurten, eta zoritxarrez, denok ezagutzen dugu gaitz horrek astindutako senide, lagun edo gertukoren bat. Haien senide eta adiskideentzat jai egun hauek bereziki gogorrak izango dira; minaren aurrean, oroimena bizirik mantentzea da aurrera egiteko gakoa.
COVID-19ak hildako ugari eragin ditu, baina aurtengo hildakoak ez dira soilik birus honen ondorioz zendu; minbiziak, istripuak, bestelako gaixotasunak... asko dira gertukoak galtzera eraman gaituzten ezbeharrak. Horien falta inoiz baino gehiago sumatuko dugu egunotan, batez ere, mahaian elkartzen garenean; aulki hutsak inoiz baino gehiago nabari dira.
Galera horren aurrean, garrantzitsua da etxekoak prestatzea, batez ere txikiak; baliteke heriotza gertutik bizi duten lehen aldia izatea, eta heriotza prozesu naturala dela azaltzea garrantzitsua da; negar egitea eta maite zuten hori faltan botatzea beharrezkoa da, baina baita oroitzapen ederrenak elkarbanatu eta galera hori onartzea.
Zentzu horretan, Gabonak une egokia dira galdu ditugun horiek omendu eta gogoan izateko; anekdotak elkarbanatu, argazkiak begiratu, pertsona horren omenezko ekintzak egin (bere janari gogokoena prestatu, abesti kuttunena entzun)... halako ekintza txikiek hutsunea txikitzen lagunduko digute, nahiz eta bizitzan denak bezala, heriotza bati aurre egiteak denbora eskatzen duen.