Futbol ekaina

Futbol ekaina https://www.gaztezulo.eus/albisteak/futbol-ekaina/@@download/image/2010633291madda_1362092585.jpg
2010/06/04
erreportajea
Maddalen Arzallus


Ekaina: urtearen seigarren hila. Hala jartzen du hiztegi txikian eta zenbait sinonimo ere baditu. Baina hilabete bat ez da urtearen hamabiko zakua osatzen duen zenbaki hutsa. Hilabete bakoitzak bere izakera du, bere nortasuna; eta gu ere hilabeteen araberakoak gara. Bai, behin baino gehiagotan entzun dut ilargiak eragin handia duela itsasoan, depilazioan, baratzean eta gugan besteak beste. Hala ere, nik esango nuke hilabete bakoitzean ezberdin jotzen gaituztela ilargiaren izpiek.

2010eko ekaina da oraingo honetan gainean daukaguna, sekula santan berriz errepikatuko ez den hilabetea. Behin hasi eta behin bukatuko da eta 30ak uztailaren 1ari lekua utziko dion segundo berean joango da betirako. Horregatik iruditzen zait merezi duela norbaitek berari buruzko zerbait idazteak, hemendik urte batzuetara  orrietan geratu dadin behintzat.

Pentsatzen jarri naiz, ordea, eta inolako dudarik gabe, hitz egingo da aurrerantzean ere hilabete hontaz. Iruditzen zait nekatu ere egingo garela eta askok nahiko dutela ekaina bukatu eta uztaila hastea. Ez berak errurik daukalako, berezia delako baizik.

2010eko ekaina jauna ezberdina izango da, aurreko urtekoarengadik bereizteko modukoa. Bai, munduko futbol kopaz ari naiz. Kirol hau gustatu hala ez, aitortu beharra dago gaur egun garrantzi handia ematen zaiola, handiegia agian. Telebistan partida guztiak ikus litezke, aldizkarietan jokalarien bizitza osoa irakurri eta Interneten bai bat eta baita bestea ere. Zenbat etxetan sortuko ote dira liskarrak munduko futbol kopagatik... Eta selekzioez eta herrialdeez eta nortasunez ari garenez, galdera bat luzatu diot nire buruari: Noren alde nago ni? Euskal Herria izenez aurkeztuko den talderik ez dagoenez, nire nortasunarekin bat ez datozen jokalari batzuen alde jarri beharko naiz. Normalena Espania edo Frantziako kamixetaren bat janztea litzateke, horiek baitira gure lurrekin mugan dauden estatuak, gure bizilagunak. Baina pentsatze hutsak hotzikarak sortzen baldin badizkit zerbaitengatik izango da. Tira, kolore txuri-gorri-berdeek irabazi ez dute koparik irabaziko, baina galdu ere ez. Baina barre bai, barre egingo dugu orain dela lau urte bezala Frantziak edo Espainiak finala galtzen baldin badu. Ez gara gaiztoak, euskaldunak gara.