Frogatuta: adarbakarrak existitu dira

Adarbakarrak gure irudimen kolektiboa haurtzarotik elikatu duten animalia mitologikoak direla uste izan dugu orain arte, baina oker geunden; benetako izakiak izan ziren, "soilik" duela 29.000 urte bizi izan zirenak. Dena den, ez zuten guk uste genuen itxura; ahaztu beraz adar fin eta zorrotz batek edertutako zaldi zuri dotorearen irudia.
Elasmotherium sibiricum edo Siberiako adarbakarraren lehen arrastoak duela urte batzuk aurkitu ziren Kazajstango eremuan, eta uste zenez, duela 350.000 urte bizi izan ziren. Baina berriki aurkitutako fosil berriek argi eta garbi utzi dute "duela gutxi arte" bizi izan zirela. Andrey Shpanski ikerlariak azaldu duenez, 2 metroko altuera eta 4,5 metro luze neurtzen zituen adarbakarrak, eta 4 tonako pisua zuen antza. Zaldi bat baino, errinozero edo mamut baten tankera zuen, iletsua, erraldoia eta indartsua. Hori bai, buru aurrean, bi begien erdian, adar luze eta tentea zuen. Horra hor, adarbakarra!