Fredi eta Itxaso Paia buruz buru

Fredi eta Itxaso Paia buruz buru https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fredi-eta-itxaso-paia-buruz-buru/@@download/image/20109306244Itxaso_fredi_Paia.jpg
2012/12/13
berria
Raul Perez
Fredi eta Itxaso Paia buruz buru
Fredi eta Itxaso Paia Ruiz. Anai-arrebak. Algortarrak. 29 urte ditu Fredik eta hirutan abestu du finalean.  Itxasok 22 urte ditu eta bigarrengoz ariko da lehian. Beste paiatarra, xabi, txapela irabazitakoa da, baina aurtengoan ez du parte hartuko. Plazan jarri ditugu itxaso eta xabi, aurrez aurre. GAZTEZULO gai jartzaile. Altxa Fredi eta Itxaso….  

Anaia /arreba bertsotan ona zertan?
Itxaso: Oso karismatikoa da, baita mutil argia ere. Borrokalaria ere bada ikastolako garaitik; eta fidela, bere buruari eta baita bere inguruari ere.
Fredi: Itxaso da hiru neba-arrebetatik onena bertsotan. Bere munduaren ikuspegia garatuagoa eta sakonagoa da bi anaiona baino.
Eta zertan hobetu behar du besteak?
Itxaso: Agian sukaldean ordu gehiago pasatu beharko luke (barrez).
Fredi: Bere buruarekiko konfiantzan eta izaera harrapakarian. Txapelketan harrapakaria izan behar da, otso baten antzera.
Anaia / arreba oholtzan, eta zu ikusle...
Itxaso: Neuk kantatzean baino bastante urduriago, egia esan. Fredik segundo batetik hurrengora mundua alda dezake hitz bakarrarekin, onera zein ez hain onera.
Fredi: Tripak jaten; ikasleekin gauza bera.  Beti sufritu dut gehiago besteengatik.
Plaza bat bertsotarako?
Itxaso: Larrabetzun etxean bezala sentitzen gara bertsolari asko.
Fredi: Amezketatik gora Igaratzarako bidean dagoen Aitzioko borda. Gauza batzuk ez dira erraz azaltzen berbaz, magia?
Bikoteka abesten duzuenean zer moduz?
Itxaso: Ondo, elkarren arteko trapu zaharrak gizarteratzea nahiko dibertigarria izaten da umore pixka baten laguntzaz.
Fredi: Ederra da, genetikak eta elkarbizitzak eraikitako loturek beste dimentsio bat ematen dizute bertsotarako.
Eta beste bikotekide bat aukeran?
Itxaso: Izar Mendiguren.  Abuztuko arratsalde sargoritsu batean garagardo bat edatea bezalakoa da moñoña horrekin aritzea.
Fredi: Xabi Silveira, baina ez dakit zergatik.
Gai jartzaile beldurgarririk?
Itxaso: Ez dira Miss eta Misterrak, baina inor beldurtzeko modukoak...
Fredi: Asko. Baina eurak baino beldurgarriagoak dira gaiak.
Nork irabaziko du Txapelketa?
Itxaso: Fredi Paiak, zalantzarik gabe. Egurra Fredi!!!
Fredi: Epaileek nahi dutena. Nonbait idatzita egongo da.
Pertsonaia askoren larruan jarriko zinen honezkero bertsoak botatzen. Bitxiena?
Itxaso: Bob Esponja.
Fredi: Michael Jordanen plaiera bat izanda nago. Gaitza da bere larruan sartzea, abarka balitz behintzat....
Zein pertsonaia goraipatuko zenuke bertsoen bidez?
Itxaso: Asko, etxetik hasita.
Fredi: Jon Lopategi.
Entrenatu non, noiz?
Itxaso: Abandonatuak izan ditut urte pare, batez baina aurten pixka bat entrenatu beharko dugu bertso-eskolan. Algortako Bertsolari Eskolan zita daukagu asteartero arratsaldeko zortzietan, bertan geure irakasle eta bertso lagun izandakook elkartzen gara bertsotarako.
Fredi: Edonon edozelan. Galdera hauei erantzuten entrenatzen nabil. Bizitza bertsotarako entrenamendu bat baino ez da.
Inoiz botatako bertsorik borobilena, hunkigarriena...?
Itxaso: Mikrofonorik gabe, belarrira xuxurlatutako guztiak.
Fredi: Hunkigarrienak bakardadean bota ditut. Borobiltasuna, berriz, geometria kontua da, eta bertsogintzan trigonometrialari gehiegi dago.
Maniaren bat saioari ekiteko?
Itxaso“Munduari bira” kantua ekarri ohi dut gogora saioa hasi aurreko unean.
Fredi: Ez naiz sineskeriazalea, horrek zorte txarra ematen du.
Bertsotan jardun behar duzue eta aretoa beteta dago: poza ala urduritasuna?
Itxaso: Dena da  proportzionala.
Fredi: Bertsozalez beteta badago poza; gizartearen inertziek bertaratutako belarriak baino ez daudenean, urduritasuna.
Zein pertsonaiaren lana/ibilbidea egurtuko zenuke oholtza gainetik?
Itxaso: Askorena, etxetik hasita. Kar kar.
Fredi: Izenak baino jarrerak egurtu behar dira. Nik ere hamaika hankasartze egin ditut bizitzan.
Bertsotan gusturago pattarra hartu ostean bertso bazkari edo afarian, ala plazan?
Itxaso: Bertso- afarian, gauak eta mahai-inguruak oso tentagarriak dira.
Fredi: Bertsotarako gogoz banago pattarra eta janaria, eta gogorik ez badut, plaza. Plazan askoz gutxiago kantatzen da eta desgastea ere neurrikoa dakar.