Flags of our fathers ****

II. Mundu Gerra amaitzear zela, borrokan tinko zirauten oraindik ere japoniarrek. Testuinguru hartan, argazki batean irudikatu zuen estatubatuarren heroitasuna Joe Rosenthal argazkilari ezagunak. Iwo Jima irlako muinorik garaienean bandera estatubatuarra altxatzen ageri da bertan soldadu talde bat. Irudi hark gizarte estatubatuarrari itxaropena eman zion, eta gobernuak, gerra-bonuak saltzeko erabili zituen bizirik zeuden argazkiko soldaduak. Argazkiaren itzalean ezkutatutako gezur saminak biluzi egiten ditu Mystic River finaren egileak film apart eta ausart honetan. Iwo Jimako infernua errealismoz erretratatzeaz gain, gerra propagandaren lan iluna salatzen du Eastwoodek; soldaduen nahigabea sentiberatasun handiz islatuz.