Fjord: Eskarmentua eta esperimentazioa

Fjord: Eskarmentua eta esperimentazioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fjord-eskarmentua-eta-esperimentazioa/@@download/image/41p11-1.jpg
2004/05/07
erreportajea
Asier Mendizabal
Fjord: Eskarmentua eta esperimentazioa
Fjord taldearen lehendabiziko lana kalean da: "Fjord". Etsaiak, Ekon, Baldin Bada eta Su ta Gar taldeetan ibilitako musikariak ari dira bertan. Zeresana emango du laukote honek.

Nahiko gaztea dugu Fjord taldea, baina taldekideak esperientzia handiko rockeroak ditugu. Arrasate, Ondarru eta Arantzakoak dira. Mikel —baxu jotzailea— eta Keu —gitarra jotzailea— Etsaiak taldetik datoz, Juan —abeslaria— Ekonen aritu zen, eta Iban —bateria jotzailea— Baldin Bada eta Su ta Gar taldeetan ibilitakoa da.

Duela urte eta erdi jarri ziren harremanetan, eta berehala, entseatzen hasi ziren Arrasateko lokal batean. "Estiloari dagokionez, ez genuen ideia finkorik. Esperimentatzeko asmoa genuen, inongo loturarik gabe", esan digu Keu gitarra jotzaile ondarrutarrak.

Primerako giroa lortu dute euren artean, eta horri esker, benetan gustuko dutena egitea lortu dute. Nahiz eta aurretik beste talde batzuetan ibili, une honetan Fjord da buruan duten egitasmo bakarra, eta bertan jarri dituzte euren indar guztiak.

Udarako motorrak prestatzen
Jonan Ordorika eta Angel Katarainek grabatu dute atera berri duten diskoa eta S.A.-ko Jimmy izan da produktorea. Ia lau astetan grabatu dituzte taldearen izen bereko diskoko hamar kantuak.

Jatorrizko taldeetan jorratutako trash, punk eta heavy doinuak alde batera utzi nahi izan dituzte, aniztasunari tartea egiteko. Hala ere, zaila da betiko eraginak erabat ahaztea. Esperimentazioari ateak zabaldu dizkiote, eta erritmo apalak eta kantu melodikoak nagusi dira diskoan.

"Ez dugu bertako edo atzerriko taldeei begiratzeko ohitura. Eskarmentua dugu musika arloan, eta esperimentazioari ekiten diogu musika sortzerakoan", esan digu Keuk. Etorkizunerako proiektuak badituzte. Hala ere, une honetan garrantzitsuena atera berri duten lana jendaurrean aurkeztea dela diote.

Horregatik, udan han hemenka ibiliko dira. Adi, beraz; izan ere, disko honetan egon daiteke aurtengo udako kantua.