Finlandian oinarrizko errenta probatu dute eta emaitzak oso positiboak dira

Oinarrizko Errenta Unibertsala gizartearen utopietako bat da, teorian polita baina praktikan gauzatzeko konplexua eta eztabaida handiak sortzen dituena. Dena den, Finlandian bi urtez proba egin dute, eta orain beren esperimentuaren emaitzak jaso dituzte. Ondorio nagusia hauxe da; arrakasta borobila izan da.
Duela bi urte 2.000 lagun hautatu zituzten esperimenturako, eta bi urtez hilean 520 euro jaso dituzte inolako baldintzarik gabe. Behin bi urteko epea amaituta, galdeketa bideratu dute, eta hau da diru hori jaso dutenek adierazi dutena:
Ondorio nagusia da zoriontsuagoak izan direla bi urteko epe muga horretan. Dirudienez, hilaren amaieran diru-babes bat izango dutela pentsatzeak lasaitasuna ekarri die esperimentuak iraun duen epean. Hala, parte hartzaileen %60 arazorik gabe iritsi da hilabete amaierara, eta soilik %22 ez da zoriontsu sentitu.
Bestalde, parte hartzaileen gehiengo zabalak ez zuen bere lanpostua utzi errenta hori jasotzeagatik; gehienek zeuden bezala jarraitu zuten, eta %18 lanpostu berri bat lortu zuten lehen urtean.
Dena den, esperimentua ondo atera bada ere, Finlandian oraingoz ez dute errenta unibertsalik ezarriko herritar guztientzat; hain zuzen, zergak izugarri igo beharko lituzkete horretarako, eta ez dute oraingoz bideragarri ikusten. Dena den, utopia horretan pauso bat aurrera eman dute herrialdean, sistemak funtzionatu dezakeela frogatuz.